Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Landareak

Nora baian

Ustez arrazoiaren jabetza dugun espeziekoon nora baitik nora ezera hosto baten lodieraren tarterik ere ez da izaten maiz. Galduta, norako bideari ekitekotan naturari begiratu behar, eta ikusi. Aurrean izanagatik ikusten ez ditugunak ikusi. Adibidez, landareek argia behar dute elikatzeko eta zenbat eta argi gehiago orduan eta jaki gehiago, potoloago, ederrago. Geurean hegoaldera okertuko dira, handik begiratzen baikaitu eguzkiak. Horra lehen arrastoa, landareak ez dira eguzkira makurtu eta hegora okertuko, baina alde horretara adarje trinkoagoa, hostaje mardulagoa izango dute. Era berean, enborra garatzen duten landareetan, honen eraketa dugu bigarren arrasto: egurra moldatzen duten eraztunak hego aldera lodi eta iparrera meheagoak izango dira. Azken hau ez dut esaten, pentsatu egiten dut; bere burua non duen jakiteko astakirtenen batek enborren bat eraistea baliteke eta... Haitzetan eta haritzetan goroldioa hezeenean haziko da, gehienetan iparraldean. Epelaren bila eguzkiari begiratuko dio ekiloreak edo eguzki-belarraren loreak (Helianthus annuus), baita minberaren hostoek ere (Mimosa pudica). Beste batzuek eguzkiari ihesi, ertzak ipar-hego lerroan izan arte bihurrituko dituzte hostoak, basamortuetako Larrea divaricata-k eta L. cuneifolia-k, adibidez. Amerikarrek iparrorratz landare deitzen diete. Norabidea topatzeko orratz asko dituzte kontinente hartan, Silphium laciniatum da beste bat. Eguzki-belarraren familiakoa da eta Ameriketako indioek bere erretxin ugaria sendagarri ezaguna dute. Hark ere hostoak mugituz eguzki beroenari ihes egiten dio. Hargin beltzetako Henry Longfellow-k 1843an bere Evangelina poeman landare hori bere gaitasun eta guzti aipatu zuenean, botanikari asentatuek isekaz hartu zuten. Besaulki erosoa galdu eta ipurdia hoztuko ote zaienaren beldur, mugitu ere egin nahi ez eta norabidea galtzearen gozamena sekula santan susmatu ere egingo ez dutenak, gaur aurretik ere bazirela...

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2141. alea
2008-06-15
alde 0    kontra 0
Silphium laciniatum
Silphium laciniatum


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia