«Krisia, egotekotan, ez dago literaturan, ustezko irabazietan baizik»

  • Badaude pertsona batzuk armairua ireki eta arropa bat janzten dutenak. Ispiluan begiratu, erantzi, alkandora aldatu, begiratu, kendu, jaka jantzi, erantzi, galtzak aldatu, begiratu... Beste batzuek gauza bera egiten dute ahoa irekitzen duten bakoitzean. Alkandora bat bezain erabilia, gastatua, zartatua, zikindua edo oroitzapenez betea egon daitekeelako hitza. Hitzen hautatzaile batekin egin dugu topo.
Iñigo Aranbarri (Argazkia: Karlos Corbella)
Iñigo Aranbarri idazle eta kazetari azkoitiarraKarlos Corbella

Hizkuntza, hitza duzu lanerako tresna. Arma boteretsua da. Botere horrek zer sortzen dizu, fedea ala beldurra?


Fedea gutxitan. Beldurra gehienetan, eta obsesioa nahi baino gehiagotan. Ia edozein egoeratan, baina batez ere kazetaritzan, politikan edo literaturan hitzak ez direla zamatu gabekoak ohartzen zarenean, eri handi zara; hitzak zaindu beharrekoa den karga baitauka beti berarekin.

Hitzak ba al du mugarik?


Berez ez. Geure baitan dago hitzari ematen diogun erabilera; gizatasunaren gainean, jendearen ahalmenaren gainean uzten da hitza hazten, eta hori da ederrena. Baina, jakina, hor du ordaina, kontuan izan behar dugu nola datorren, zer eta nork erantsi dion erantsi diona. Hitza ez baitator hutsik. Egunero betetzen dugu guztiok, eta zer esanik ez, maiztasunagatik, prentsak.


Irakaslea zara. Zeintzuk dira euskararen normalizaziora bidean ikusten dituzun erronka nagusiak?


Alde batetik, komunikagarritasuna. Mundua gure hizkuntzan normaltasun osoz adieraz dezakegula erakutsi behar dugu, beste hizkuntzetan bezalaxe. Hori neurri batean geure esku dago. Askotan esaten da, gure errealitatera hurbil daitezen, mundu erakargarria sortu behar dugula erdaldunentzat. Gure bidea egin behar genuke, indarra horretan jarri, eta ikusiko dugu. Baina sarritan, erdaldunentzat mundu sinpatiko bat sortu behar dugula esaten dugunean, ez dakit benetan zer esaten ari garen. Inpresioa ematen baitit tontotu egin behar dugula. Izan ere, eztabaida hori beste arlo batzuetan planteatzen denean, literaturan, esaterako, ondorioa beti da literaltasuna bera koska bat edo bi jaistea, eta ez dut uste, inondik inora, bidea hori denik.

Euskal Herriko lehenbiziko prentsa ombudsmana izan zara. Ezer baino lehen, zeri deitzen diozu zuk euskal prentsa?


Euskal ikuspegitik, euskarak berak markatutako ikuspegitik, lurraldetasun jakin bati begira, euskaraz sortutako prentsa. Mundua geure hizkuntzan adierazten duena.

Hedabideen jarduna begi zorrotzez aztertzen duen nolabaiteko irakurlearen defendatzailea izan zara. Zer diagnosi egiten diozu euskal prentsari?


Bi arrisku nagusi ikusten dizkiot. Bata, ez dakidala nolako gaitasuna dugun gaur egungo errealitatea erakusteko. Ez dakit gaur egun hori egiteko gai garen, ezta dauzkagun baliabideak behar beste aprobetxatzen ditugun ere. Bestea, eta aurrekoarekin oso loturik dagoena eta gero eta garbiago ikus daitekeena: albisteak beste nonbait idazten dira, erredakzio batera heltzen dira –eta berdin da erredakzio horretan euskaraz, txekieraz edo norvegieraz lan egiten den–, eta zer egiten da? Heldu den moduan eman, bakoitzak bere hizkuntzan. Bi aldiz pentsatu gabe hitz horiek nola datozen. Nik hor ikusten dut gaitzik handiena, eta Hizlandiaren esperientziak hori erakutsi dit, ez dugula behar besteko filtroa jartzen informazioa garbitzeko. Bertsio ofizialak bere horretan onartzen ditugula, informazioa mikrouhin labean bi minutuz berotu eta euskaraz ematen dugula; hitzek benetan zer esan nahi duten, zer karga duten eta nork idatzi dituen pentsatu gabe. Eta askotan problema ez da albistea ala argazkia egia den ala ez, egia gauza asko da, baina problema ez da egia, errealitatearen kudeaketa baizik. Errealitatearen gestioa da ideologiak mugitzen dituena.


Nola definituko zenuke kazetaritza ideala? Zein da kazetaritzaren eginkizuna?


Badakit oso ikuspegi erromantikoa dela, baina egungo gizartearen aurpegia erakusten didan kazetaritza maite dut, Joseph Rothek Weimar garaiko Berlingo kronika zoragarri haietan dioen bezala, “bere aldiaren aurpegia marrazten duen kazetaria”.

Zerk pizten dizu interesa?


Kazetaritzak eta literaturak elkarrekin partekatzen duten espazio komun horrek. Zeregin handia dago hor. Zer ikasi handia izan dezake bai kazetaritzak literaturatik, bai literaturak kazetaritzatik; eta nik gustura irakurriko nuke, esaterako, gaur egungo kazetari batek Santurtzira iristen diren polizoiei buruz egindako kronika bat; ez haize alde, ez gurasokeriaz ari dena, bere gordintasun eta datu objektibo guztiekin, baina estilistikoki kazetariaren ‘ni’ kritiko, ausart eta landuaz idatzia. Nik uste, jendearen emozioa lortzen duenean lortzen duela kazetaritzak bere gailurra. Orain dela gutxi izan da Sartagudako ekitaldia. Aspaldiko partez emozionatu egin nintzen kazetaritzarekin. Aitari zer gertatu zitzaion kontatzen zuen orain zaharra den emakume batek, herriko maisua nola hil zuten beste batek, amak nola lan egin behar izan zuen familia aurrera ateratzeko… Jendearen zaina eta bihotza uki dezaketen historiak dira. Sinesten dut badagoela oraindik horrelakoak kontatzeko aukera.


Kazetari erromantikoa da zure azken eleberriko protagonista, eta oso ondo bereizten ditu historia eta memoria.


Kazetari honentzat historia zabortegi handia da. Badaki historiarekin zer manipulazio egiten den. Horren aurrean, berak nahiago du memoriaren aldeko apustua egin. Memoria historia gertua da: oraindik bizi diren batzuek hilda daudenen gainean kontatzen dutena. Istorio horiek, memoriakoak, emozioa transmititzeko gai dira eta, nik uste, lantzeko eremu interesgarria dago hor.


Badira lau urte Literatura Eskola martxan jarri zela. Zein helbururekin sortu zen eta zein bide egin du?


Herri honetan gertatzen diren amets zoragarri horietako bat da hau. Bi lagun etorri zitzaizkidan bila Larrabetzutik; “literaturaz ikasi nahi dugu”, zioten. “Nola, ikasi?”, galdetu nien nik, eta “irakurtzen ikasi nahi dugu. Egingo diguzu diseinu bat? Gainontzekoa gure kontu”. Oso ondo ulertu nuen zer nahi zuten, proiektua azaldu zidaten eta zinez liluratu ninduten: horrenbeste graduondo eta master dauden garaiotan, jendea hilean behin elkartzea literaturaz ikasteko, ez dakit bost euro zen matrikula, hamaiketakoa barne. Egin nien agindutakoa, hitzaldi batzuk lotu nituen, eta esperientzia, nik uste, ikaragarria izan zen han biltzen ginen denontzat. Euskal Herriko hainbat txokotatik Larrabetzura joatea larunbat goizetan lauzpabost ordu pasatzeko Argentinako literaturaz edo Aitzolen ametsaren porrotaz hitz egiteko… Hiru urte egin nituen, orain apartetxo nabil, baina pozten nau erokeria eder horrek oraindik baduelako segida.


Eta zuk zergatik, zertarako idazten duzu?


Oso erantzun primitiboa izango da, baina beharra sentitzen dudalako idazten dudala uste dut. Bestela ez nuke idatziko. Hainbat generotan aritu izan naiz, eta barruan daramatzadan kezkek forma jakin bat hartzen dute. Badakit zer izango den nobela bat, zer artikulu bat… Beharra sentitzen dut idazteko. Ez dut esan nahi argitaratu beharrak itsutzen nauenik, ezta gutxiago ere. Gehiago kezkatzen nau buruan egosi dudan kezka horrek forma egokia hartzeak. Ez dut esango neuretzat idazten dudanik, ez da egia. Ni konbentzituta ez banago testu hori ez da ateratzen, baina “argitaratu egingo da” esaten dudan unetik, garbi daukat ez naizela niretzat bakarrik ari. Zurikeria handia litzateke hori esatea.


Forma aipatu duzu. ‘Zer’ bezain garrantzitsua al da ‘nola’?


Irakurri berri dut Ulenspiegelen eleezaharraren itzulpena. Gauza politak daude, baina istorioa ez da, berez, apartekoa ere. Literatura mailara igotzen duena itzultzaileak idazkerari eman dion tornuia da. Idazkeran bertan dago edertasuna. Askotan ikusi dugu oso istorio eder bat gaizki kontatua, eta sufritu egiten dugu. Kontrakoa ere gertatzen da: ezer kontatu ez eta estilistikak zoratzea. ‘Zer’ bezain inportantea da ‘nola’, baita inportanteagoa ere sarritan.


Literaturaz baino, hitz egin dezagun gure literatur sistemaz. Honi zer diagnosi egiten diozu?


Gero eta maizago entzuten da birmoldaketa egin beharra dagoela idazleen artean, jende gehiegi dagoela… Mari Jose Olaziregik ere antzeko zerbait esan berri du Renon. Ni ezin egon naiteke horrekin ados. Kontua da kontsumitzaileak ez garela idazleak beste ugaritu. Beraz, salmentak jaitsi egin dira titulu bakoitzeko. Argitaratzea lortzen duen jende asko lortu dugu eta hori, berez, ez al da poztekoa? Gainera, sistema orekatu bat ezin da hiruzpalau izenen gainean oinarrituta egon. Ikusi dugu horrek zer gaitz ekarri duen urteetan. Krisia, egotekotan, ez dago literaturan, ustezko irabazietan baizik. Liburua editatzeak kostu ekonomiko handia du, eta noski, hor piztu da kezka. Baina, zenbat argitaletxe dago helduentzako literatura soilik plazaratzen duena? Bestalde, irakurle moduan, azken urteetan benetan plazer handia sentitu dut hainbat gauzekin, eta alde horretatik ez naiz oso alarmista. Uste dut kezka merkantilista sormenezkoa bihurtu nahi dela.


Hala ere, zuk esandakoa da: “Liburuek ez dakite beren burua saltzen”. Idazlea produktu bilakatu ezean, ez dago saltzerik?


Badirudi horrantz goazela. Lehen, liburu bat idatzi eta, esango nuke, gutxi-asko, bere bidea egiten zuela. Ez dakit ez ote garen ari iragana edertzen, baina gaur egunean –eta uste dut diskogintzatik datorren ohitura ere badela–, hor egon beharra dago. Elkarrizketak eman behar dituzu, irakurle klubetara joan behar duzu azalpenak ematera, telebista programetara, irratsaioetara… Idazleari bere obraren gaineko lan teorikoa eskatzen zaio nolabait. Idaztea, antza denez, ez da nahikoa.


Zuk esana da: “Ez zait gustatzen satisfazioaren kultura honetan idazleak missen gisa erabiltzea”.


Esango nuen, horrek benetan erretzen bainau: boterearen aldetik saltzen ari den satisfazioaren kultura. “Munduko tokirik ederrenean bizi gara, munduko industriarik onena dugu, hemen baino hobeto ez da inon jaten, munduko jenderik onena dugu…”. Munduko zilborra gara. Ez dago inongo autokritikarik. Aparatu politikoak, gaizki egin arren, ez dizu inoiz akatsik onartzen. Nola bada, “jendeari konfiantza eman behar bazaio”. Txarrena da, intelektualtasuna ere, berez sistema horren akuilu izan behar lukeena, erdi erosia dagoela. Akuilu baino, miss. Mezua, entzuten dugu zein den: “Denok elkarren lagunak gara, kritikoak izan zaitezkete, baina ez pasa”. Munduan beste asko lez, askoz errazagoa da denontzat erdi isilik, erdi lo egotea. Laissez faire, laisser passer.


Zer eragin izan zuen Utikan! manifestuak?


Esan dugu “kito, nazkatu gara, gauzak gaizki egin dira, zertarako Euskadi saria?, idazlea miss gisa erabiltzeko?”. Gertatzen dena da administrazioak ez duela sekula onartuko makinak huts egin duela. Eta zalapartagatik eragina izan badu ere, konpondu gabe segitzen du. Entzundakoak entzunda eta irakurriak irakurrita, Kafkaz oroitzen naiz sarritan, eraman ezin administrazioaren logika.

“Puntu batzuetan ez ginen nahi bezain zorrotz ibili. Beste batzuetan motz geratu ginen”, irakurri dizut.


Manifestu guztiek bezala, Utikan!ek ere zeukana zeukan manifestutik: puztua egon zitekeen, purrustadatik asko zeukan, petraletik… eta hor, hainbat jende ere mindu zuen. Entzun gabe ez gaude: “Alonsoren ipuinak dira”, “umekeria da”... Guk beharra ikusi genuen, nahi bat, “gure aldetik kito, ezin dugu horrela jarraitu” esateko. Bagenekien eten bat bazetorrela, eta zorroztasun bat eskatzen zuela denon partetik. Baina administrazioak betikoan jarraitzen duela ikusten dugu. Orain dela gutxiko Argia batean Miren Azkaratek esaten zuen, zergatik hautatu ziren Jon Alonsoren Erretzaileen eremua eta Koldo Izagirreren Rimmel haur eta gazte literatura atalean galdetuta, epaimahaiak hala erabaki bazuen, administrazioak hori babestu beste erremediorik ez daukala. Hor ere akatsa izan zen, akats administratiboa, denei iritsi baitzitzaien gutun bera, haur eta gazte literaturakoan izan zirela hautatuak. Zer kostatzen zaio administrazioari esatea: “Bai, berriro ere gauzak gaizki egin ditugu”? Makina perfektuarena. Txapuza txapuzaren ostean, eta argitu dezaketenak isilik. Larderiaren kulturan bizi gara.

Liburu-dendara sartu eta apal batean ikusi duzu: “Euskal literatura”. Bitxikeria al da gurea?


Zeuk esan duzu. Gaur egunean liburu-dendetako erakusleihoak erosi egiten dira. Etortzen da Planeta, etortzen da ez dakit nor eta esaten du: “Beno, orain Zafonen liburuak jarri behar dituzue hainbeste metro koadrotan”. Eta hala ikusten dugu egunero-egunero. Bazterkeriara kondenatuta gaude. Eta sukaldariekin eta Oscar Terolen umorearekin apala partekatzera.


Eta zer etorkizun du “euskal literatura” bitxi horrek nazioarteko azken arrakastaren ondoan jarrita?


Logika ankerraren mirabe garela guztiok. Liburuzaleek, liburu-saltzaileek esan nahi dut, badute oraindik, kazetariek bezala, ikuspegi erromantiko bat nire imajinarioan. Nik ezagutu dut dendari bat esaten zidana: “Begira, beharbada interesatuko zaizu… idazle boliviar bat heldu zaigu ipuin zoragarriak idazten dituena…”, eta beharbada, ale bat edo bi salduko zituen Boliviatik etorritako liburu horretatik. Bazekien, utz iezadazu amets egiten, bazekien nori saldu eta horrek zer eragin izan zezakeen. Liburuzalearen eta eroslearen artean orain arte egon den magia horretan sinesten dut. Gaur egunean hori ere asko aldatzen ari da, baina. Orain dela gutxi gertatu zait, liburu-denda ezagun batean: neure ondora emakume bat heldu zen paper batekin, bere alabak liburu bat agindu ziola-eta. Emakumea erdalduna zen, eta esan zion “¿Tenéis el libro de Leizarraga?”. Dendariak erantzun zion, neure aurrean: “¿Leizarraga? No me suena”. Euskal liburuak eta diskoak saltzen dituen denda ezagun bateko saltzailea zen. Garbi dago aldaketa ikaragarria egon dela horretan ere.


Zein litzateke formula egokia?


Badakit zein ez den: “Liburu salduena”. Liburuzale batek nola erabiliko du “salduena” formula? Hori salmenta gune handietako formula da, beldur naiz liburuzaleak ez ote diren erortzen ari azalera handiko denden logikan. “Salduena” horrek esan nahi du hori salduko dutela, ez beste bat; hemendik urte batzuetara hamar titulu salduko direla, bakoitzetik ikaragarri, baina hamar. Besteak ez dira salduko, baina apaletan ere ez dira jarriko. Idazle gehiegi dagoela? Hasi da garbiketa. Literaturari kalte egiten dioten terminoak erabiltzen ari gara.


Zer da zuretzat Susa argitaletxea?


Larrabetzuko literatura eskola bezala, beste amets bat, urteetan irauten ari dena. Literatura beste era batera bizitzea da. Susan, esaterako, ez dugu obra erosten, edizioa baizik, idazleari diogun errespetuagatik. Obra ez da sekula argitaletxearena. Idazleak nahi baldin badu, obra hori sarean jartzen dugu hurrengo egunean bertan. Antikomertzialak garela? Berez gara txarrak aberaste kontu honetan. Beste hainbat amets txiki ere hor daude: armiarma.com-en dagoen euskal funtsaren biltegi guztia, euskal literatura beste hizkuntzetara itzultzea…

Urteak daramatzazu euskararen, euskal kulturaren, literaturaren, hedabideen inguruan lanean. Ze amets ikusi dituzu betetzen? Zeintzuk ez dira bete?


Satisfazio txikiek ematen dute aurrera segitzeko indarra: irakurle gisa obra batzuekin gozatzea, norbere inguruan proiektu txikiak gauzatzen ikustea, sare bat badagoela pentsatzea… Politikariek beraiek jakingo dute zertan dabiltzan, baina garbi dagoena da, Euskal Herria inoiz egingo baldin badugu, sare kultural sendo batetik sortuko dela. Eta ez goaz bide onetik. Bizitzen segitzeko beste arrazoi bat.
Nortasun agiria
Iñigo Aranbarri 1963ko irailaren 20an jaio zen Azkoitian (Gipuzkoa). Filologian lizentziaduna da, eta euskara irakaslea lanbidez. Idazlea da eta genero guztiak landu dituela esan daiteke: poesia, saiakera, kronika, biografia, nobela... Zulo bat uretan eleberria argitaratu berri du. 2004tik 2006ra bitartean Berria egunkariko ombudsman-a izan zen: kazetarien ohiturak eta akatsak, asmazioak eta hiztripuak agerian utzi zituen iganderoko artikuluetan, eta Hizlandia izeneko antologian bildu, gero. Susa argitaletxeko kidea da.
Egosten
“Urteak eman ditzaket istorio bat egosten. Idaztea ofizioa da, maisu onak izanda, irakurketa onak eginda, hanka-sartze askoren ondoren, nik uste, ikas daitekeela itxura antzean idazten. Baina istorioa, momentu bakoitzean kontatu behar duzuna aukeratzea urteetako lana izan daiteke”.
AZKEN HITZA
Elitea
“Ez daukagu estaturik, ez daukagu egiturarik, baina apar-aparrean gaudela sinestarazten digute. Eta, bai, badaude ikono batzuk apar-aparrean daudenak, baina jendearen errealitatea beste bat da, eta hiru milioi bizi bagara Euskal Herri honetan, jende asko nola bizi den ikusteko ere, nahikoa da bi begi izatea. Euskaldunok munduan ez dugu parerik, baina gastu sozial txikienetakoa duen herria gara. Egoera errealari uko egiten diogu, nahita, ongizatea saltzeko. Limurtze etengabea da administrazioarena”.
Errazkeria eta utzikeria
“Lehen informazioa bilatu egin behar zen; gaur egun etxeraino ekartzen da. Erredakzioraino. Eta ohartzen zara zer dinamika arriskutsu sortzen diren. Beste hainbat gauzatan bezala errazkeria eta utzikeria dira gaitzik larrienak”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inigo Aranbarri
Iñigo Aranbarriren 'Munduko tokirik ederrena'
Gertutasuna eta kondentsazioa

Ez gara 2018an euskal irakurleari Iñigo Aranbarri deskubritzen hasiko: azkoitiarraren ibilbidea hor dago, bere belaunaldiko idazle esanguratsuenetako bat dela adierazteko. Baina publikatu berri duen Munduko tokirik ederrena-k badauka berritasun bat: generoa. Aranbarriri... [+]


2011-06-05 | Iratxe Esnaola
Iñigo Aranbarri
"Gorroto dut boterearen hizkuntza"

Zamaontzia da Iñigo Aranbarriren azken eleberria. Esan gabeak du bertan garrantzia, bigarren mailan isilka-misilka datorren barne zurrumurruak. Lehen planoan daude Vallejo familiako hiru belaunaldiren harreman gatazkatsua, ebatsitako haurren afera eta arrotzaren... [+]


2007-01-07 | Pilar Iparragirre
Iñigo Aranbarri: «Kazetaritza arduratsuaren bindikapena izan da nirea»
Nola sortu zen zure sail hura?
2004ko udan iritsi zen Berria-koen gonbitea. Egunkariaren eguneroko martxa jarraituko zuen norbait nahi zuten. Baina ez beste egunkari batzuetan atera ohi den press ombudsman delakoa bezalakoa, irakurlearen defendatzailea zuzendariaren... [+]

2003-12-21 | Pilar Iparragirre
Iñigo Aranbarri: «Historiak kanpo utzi dituen pertsonei buruz hitz egiten ari gara»

Nor genuen Sakabi?
Trikitilari lanbidea serio hartu zuen lehenengoetakoa dugu Sakabi, soinu txikiari handitasuna eman zion soinujolea. Azkoitia-Azpeitia inguru hortan oso ezaguna zen guretzat Sakabi. Gerora konturatu naiz hori gurea dela, ordea. Kanpoko jendearekin hitz... [+]


Eguneraketa berriak daude