CAF eta Montte euskara planetan

  • Beasaingo Udala (Gipuzkoa) 2007tik lan munduan euskara normalizatzeko urrats berriak ematen ari da. Gaur egun horretan ari diren CAF eta Montte enpresetako ordezkariekin egon gara, beraien esperientzien berri izateko.
Caf enpresan euskara plana
Caf enpresan euskara planaCaf
2003. urtetik Beasaingo Udalak Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plana du abian, eta horren baitan hainbat estrategia ditu martxan euskararen erabilera bultzatzeko. Euskara Aholku Batzordea ere eratu zuten. Lau azpibatzordeetako bat lan munduko eta herriko eragileak –Bareak dendari elkartea, ELA sindikatua, Goiztiri AEK euskaltegia, Osasun Zentroa, finantza etxeak, Udal Euskaltegia, Montte eta CAF enpresak– biltzen dituena da.

Euskararen Biziberritzeko Plana onartu aurretik ordea, euskararen egoeraren analisia egin zen eta aldeak antzeman ziren ezagutzaren eta erabileraren artean. Ezagutza (%58,27 2001ean) maila herrian hazi egin zen, erabilera berriz, ez zen proportzio berean igo. Erabilera areagotzeko, besteak beste, enpresetako euskara planak sustatzeari ekin zioten 2007an.

Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean

Beasaingo Udalak euskararen normalizazioan urratsak ematen hasi zenetik bideratu ditu merkataritza arloko hizkuntza paisaian euskararen erabilera areagotzeko diru-laguntzak eta itzulpen eta aholkularitza zerbitzua. 2007tik Eusko Jaurlaritzak abian jarritako LanHitz programarekin –euskarari lantokian lekua egiteko bideak erakutsi eta moduak errazten dizkio enpresei– ari da lanean.
Udaleko ordezkariek euskararen egoera aztertzeko galdeketa egitera CAF enpresarako lan egiten duten lantegietara jo zuten lehenengo –Caldereria Leku Berri, Construcciones mecánicas Senpere, Industrias Jarraiki, Mecanizados Lami, Talleres Lauko, Talleres y Suministros Lohabe–. Horietako hiruk ez dute galdeketa erantzun oraindik. Erantzun duten hirurei diagnosia egin eta helarazi diete eta euskara plana aholkatu diete. Horiez gain, Eztanda enpresari eta Araingoiti zaharren egoitza kudeatzen duen Biharko enpresari ere, euskararen presentziaren eta erabileraren diagnosia egin diete.

Langileen ehuneko handiak euskara ezagutzeak, enpresa horien kasuan ere, ez du erabilera bermatzen. Udaleko euskara teknikaria den Gurutze Sukiak dioenez, langileen eta enpresaburuen jarreraren baitan dago hein handi batean euskara gehiago erabiltzea. Udalak bitartekoak jarriko ditu erabilera sustatzeko eta erabiltzaileen sarea sortzeko. Ondorengo urteetan, Beasaingo Udalaren helburua erabiltzaileen sare berriak sortzea eta sortutakoetara ahalik eta eragile gehien erakartzea da.

CAF eta Montte enpresak eredu

CAF 1995etik dago euskararen normalizazioan murgildurik eta bere kasa hasi zen lanean. Montte, berriz, 2007az geroztik ari da. Beasainen euskara planak dituzten enpresak bi horiek dira. CAFek 2.000tik gora langile ditu eta Monttek 92.

CAFek Joxe Begiristain du euskara arduradun, egun osoz horretarako lanean ari da 2006tik. Begiristainentzat behar-beharrezkoa da enpresako langilea izatea euskara arduraduna, “ongi ezagutzen baitu enpresaren barne funtzionamendua”. Dena den, Elhuyar Aholkularitzakoen babesa jasotzen segitzen dute. Bestalde, departamenduetako eta sindikatuetako ordezkariz osatutako Euskara Batzordea dute.

CAFen abian jarri zuten lehenengo zeregina paisaia linguistikoa euskaratzea izan zen –errotulazioa, irudia...–. Dena den, helburua eleaniztasuna dela adierazi du Begiristainek, “trenak mundu guztirako egiten ditugunez, kanpo harremanetan bezeroekin ia ezinezkoa zaigu euskaraz egitea”.

Etorkizunera begira helburua ondokoa da: “Eguneroko lanean euskara beharrezko bihurtzea eta erabilera areagotzea nahi dugu. CAFen euskaraz jarduteko ahalmena duten pertsonen kopurua handitzea eta langileak motibatzea eta sentsibilizatzea. Azken batean, CAFen euskara eguneroko jarduneko hizkuntza izatea eta naturaltasunez eta erraz erabiltzea”.

Arkaitz Errasti Montteko finantza eta pertsonal arduraduna da. 2007. urteaz geroztik ardura bat gehiago du: euskara. Dena den, hura ere Joxe Begiristainekin bat dator eta euskara arduradunak enpresa barrukoa izan behar duela dio.

Errasti ere pixkanaka barne funtzionamenduan eragina izango duten zereginekin ari da eta aipagarriena kontratazioena da: dagoeneko Beasaingo bulegoan kontratatu beharreko langile berriek euskaldunak izan behar dute.

Monttek 2008an, fakturak, nominak, albaranak eta produktuen izenak euskaraz emateko helburua du.
Caf aitzindari
1995az geroztik ari direnez euskararen normalizazioan, dagoeneko hainbat aurrerapauso eman dituzte. Horietako batzuk honakoak dira: irudi korporatiboa eta paisaia linguistikoa bi hizkuntzetan dituzte, euskarari lehentasuna emanez; dokumentazio gehiena elebitan dute; euskararen erabilera sustatzeko plana garatu duten guneetan erabilerak gora egin duela nabarmendu du Begiristainek; hiztegi teknikoa ere osatu dute argazkiekin; e-postan euskal hiztunen identifikazioa gauzatu zuten eta harrera protokoloa euskaraz ere egiten da.

Bestalde, CAFeko euskara arduradunak azaldu duenez, enpresak langileei euskara eskolak ordaintzen dizkie. 2006-2007 ikasturtean, 38 langilek hartu zuten parte ikastaroetan, 14 euskaltegitan banatuta. 2007-2008. ikasturtean berriz, 31 langile ari dira euskaltegian. Aurten lehenengo aldiz, Beasaingo Udal Euskaltegiaren bidez, beste 60 langilek tutoretzak eta mintzalanak egiten dituzte auto-ikaskuntza metodoarekin, lantegian bertan. Beraz, guztira 91 langile ari dira euskara ikastaroetan.

Euskara eskolak ordaintzeaz gain, lanorduetan talde naturalak deituriko ekimena ere abian dute. “Trenak ekoiztea ere euskaraz posible dela sinetsita gaude eta erronkarik nagusiena, nola ez, euskararen ahozko erabilera da”, azaldu du Begiristainek. Talde naturalak, elkarrekin eta elkarren ondoan lan egiten duen langile multzoari eta horiekin egiten duten dinamikari deitzen diote. 12 bat lagunez osatutako taldeak dira eta ordu eta erdiko sei saioko prozesuak egiten dituzte, euskarari buruzko jarrera kontzienteak lantzeko eta haien arteko harremanak euskalduntzeko asmoz. Taldeak anitzak izaten dira hizkuntzaren aldetik; hau da, euskaldun, euskaldun berri eta euskaraz ez dakitenez osatutakoak.

2006ko irailetik langileen artean euskarazko Galardi aldizkaria banatzen da.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude