2008-06-08 -- 2140.zenb
Wizzgo konpainiak lurreko telebista digitalaren bidez emititzen diren programa guztiak erregistratzeko aukera eskainiko die internautei. Telebista programa bat emititu ondoren, programa graba daiteke eta PCra bidali kontsultatu ahal izateko.
Horretarako ez da material berezirik behar. Lehenbizi Wizzgok emandako softwarea instalatu behar da; ondoren, sistemak telebista programak eskaintzen ditu gaien edo telebista kateen arabera antolatuta, eta azkenik, programa hasi baino bost minutu lehenago gutxienez, klik egin eta kito!
Ordenagailua ere itzali daiteke, grabaketa Wizzgoren zerbitzarietan egiten baita; ordu batzuk igaro ondoren Internet bidez eskura daiteke grabatutakoa .mov formatuan eta PCan kontsultatu daiteke, edo iPod zein iPhone batera pasa eta han ikusi.
Joan den astean aurkeztutako sistema honek publizitate bidez espero du finantzazioa lortzea. Oraingoz doakoa da.
Natura Babesteko Munduko Funtsak (WWF) Brasili aholkatu dio bioerregaia lortzeko egiten diren azukre-kanabera landaketetatik babesteko neurriak hartzeko.
Brasiliako gobernuaren arabera, bioerregaiei egiten zaizkien kritikek ez dute oinarri sendorik. Batetik, ez omen dituzte elikadurara bideratutako landaketak murrizten; bestetik, ez dituzte baso tropikalak propio deusezten kanabera landatzeko. Aitzitik, aurrez –eta beste arrazoi batzuengatik– basogabetutako eremuak erabiltzen dituzte xede horretarako. Gogoratu beharra dago munduko beste leku batzuetan aipatutako arazo horiek bizi-bizi daudela.
WWFren arabera berriz, Brasilek dioena egia da, baina beste arazo batzuk sortzen ari zaizkio. Adibide gisa, Sao Pauloko estatuan azukre-kanabera zabaltzeak inguruko biodibertsitatea gutxitzea dakar batetik, eta ur putzuak agortzea bestetik.
Hori dela-eta, kanaberaren hazkundea mugatzea aholkatu du WWFk. Hainbat nekazaritza espezialistak are zalantza handiagoak agertu dituzte gainera: bertako hainbat elikadura-ohitura desagertzea edo desplazatzea omen dakar azukre-kanaberaren zabalkundeak, eta horrek Amazoniako ekosistemetan presio jasangaitza eragin dezake.
Zeliakia da munduan okerren diagnostikatuta dagoen gaitzetako bat, bere prebalentzia ehun pertsonatik batekoa izan arren. Zeliakiak ez du inor hilko, baina gaitza jasaten duenari bizimodua ozpinduko dio, nahaste aski larriak eraginez eta kontsulta batetik bestera joatera behartuz, azkenean zer duen jakin arte. Gurea bezalako gizarte “aurreratu” batean, azkeneko diagnostikora, behin betikora, iristeko behar den batez besteko denbora hamabi urtekoa da pertsona helduen kasuan. Umeen kasuan, zorionez, askoz gutxiago. Euskal Autonomia Erkidegoan ia 2.000 pertsonari diagnostikatu zaie gaitza.
Epe horiek laburtzeko asmotan, CD-Medics proiektu europarra abiatu berri da. Hamar herrialdek hartuko dute parte, eta lau urteko epean ia 13 milioi euroko aurrekontua izango dute –9,5 milioi Europar Batasunak jarriak, eta gainerakoak funts pribatuek–, gaixotasunaren antzemate goiztiarra ahalbidetuko duen txip bat sortzeko. Horrekin, gaur egun diagnostikorako ezinbestekoak diren hesteetako biopsia mingarriak ordezkatu nahi dituzte.
“Txipa edo biosentsorea ikaragarrizko aurrerapausoa izango da”, dio Madrilgo Zeliakoen Elkarteko zuzendari Manuel Marquezek. Odol-tanta bakarrarekin, biosentsore horrek erakutsiko du gaixoa zeliakoa den ala ez, eta haren markatzaile genetikoak eta gaixoek glutenaren proteinen aurrean sortzen dituzten antigorputzak ere zehaztuko ditu. Txipak pertsona bakoitzak bere dietaren aurrean izango duen erreakzioa ere detektatuko du eta, beraz, tratamenduak pertsonalizatu ahal izango dira. Horrela, erien bizi-kalitatea asko hobetuko da, eta gaixotasuna modu eraginkorragoan kontrolatu ahal izango da.
Garia, oloa, zekalea, garagarra eta bestelako zerealetan dagoen glutenarenganako intolerantzia iraunkorra da zeliakia. Heste meharreko biloen atrofia larria eragiten du, eta horrek elikagaiak gaizki xurgatzea dakar. Glutenik gabeko dieta zorrotza da sendabide bakarra, eta horregatik da garrantzitsua elikagaien etiketetan adieraztea janari horiek glutenik baduten ala ez.
Larrea ez da bazka. Larrea tridentata ez behintzat. Jariatzen dituen gai kimikoak medio ez du auzokorik ametitzen, eta inork jateko modukoak ez diren hostoak ditu. Mexikon “gobernadora” deitzen diote, basamortuko nagusia. Bere burua babesteko sortzen dituen gai kimiko pozoitsuak aski ikertuak dira; agi denean, gustura zirri egingo lioketen animalia eta landareak uxatzeko beste, gaitzak eta izurriteak dakarzkien intsektu, onddo eta enparatuak arrastoan sartuta edukitzeko balio omen diote. Gaitasun hori ez da makala, eta lantzen diren bestelako uztak babesteko nola erabili aztertzen ari dira. Dirudienez, lore-pipittetan ez du horrelakorik, Capparis spinosa kaparraren ordezko, lasai asko jaten baitituzte.
Badu, jakina, arerio azkarretik... Basamortuko untxia, bat. Hostoak hozkitu egiten dute, baina ez adarrek. Zarba lehor zakarrak inoren gustuko bazka ezin izan daitekeelakoan, nonbait, adarjean ez du pozoirik, eta untxiak, besterik ezean haiei kosk.
Landare hau ez da, ez, kazetariaren parteko doministikua! Bere basamortuan egin izan diren proba militarretako erreakzio termonuklearren ondoren, lur gaineko landarea guztiz erre eta ipurditik osorik berritzeko gaitasuna izan du. Txundigarria eta ondo zaildua, demontrea!
Ameriketan iparreko basamortutik hego aldekora joanez gero gobernadoraren lehengusinak topatuko ditugu. Larrea divaricata eta Larrea cuneifolia, tartean. Lehenaren loreak ere jaten omen dituzte eta bere zuretik larruak ontzeko gaiak sortzen dituzte. Bigarrena, bitxia, ertza iparra-hegoa lerroaren zentzuan dutela ipintzen ditu hostoak, honela, erreko luketen eguerdi aldeko eguzki izpi zakarrenak saihesten ditu. Noraezeanekoentzat iparrorratz ederra. Iparra galduta dabilenarentzako ederki erakusten dio landare honek. Landarearen beraren iparra, noski...
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa