2008-06-08 -- 2140.zenb
Pribatuan eta publikoan kritikatu izan dut Ibarretxe Lehendakaria; orrialde hauetan beraietan ere bai: estatu ustez akonfesional batean kargua gurutzearen aurrean zin egiteagatik, esaterako. Estimu onean dut halere, iruditzen baitzait saiatzen dela kontsekuente izaten eta agintzen duena betetzen –askotxotan beraren alderdikoek beraiek uzten ez badiote ere– eta hori arraro samarra da, zoritxarrez, gaurko politikaren munduan.
Lehengo astean, adibidez, Lehendakaritzan egon nintzen Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 60. urteurrena ospatzeko ekitaldian. Lehendakariak, besteak beste, oso gauza interesgarri bat esan zuen: giza eskubideak ezin direla banatu. Hau da, ezin dugula tortura salatu, ETA erakundearen ekintzen aurrean mutu geratzen garen bitartean; edota ezin dela, ezta ere, terrorismoaren kontra oihukatu, komunikabideak itxi eta alderdiak legez kanpo uzten diren bitartean.
Behin baino gehiagotan esan ditu antzekoak Ibarretxek eta, horrexegatik, izan da maiz gatazkaren alde batekoek kritikatu eta iraindua, terroristen eta demokraten aurrean ekidistantzia ez omen delako onargarria, alegia.
Nik ere gauza bera pentsatzen dudala aitortu behar dut. Hots, ezin dela ekidistante izan; ezin dela berdin jokatu indarkeria mota guztien aurrean. Izan ere, estatu batek eragindako mota askotako biolentzia (poliziena, ejertzitoena, epaileen erabilera maltzurra…) eta herriaren sektore batek –haien ustez autodefentsan– burutzen duena ez dira maila berekoak. Estatua da eskubide guztiak, bakea bera barne, bermatu beharko lituzkeena; hortaz, askoz larriagoa da bermatzaile izan beharko lukeena urratzaile bihurtzea, edozein herri-taldek egin lezakeen edozein ekintza “biolentoa” baino, etikoki gaitzesgarria izan litekeen arren.
Edonola ere, Lehendakariak ez du inondik inora modu ekidistantean jokatzen. Oso lerrotuta dago alde batera. Bestela ezin da ulertu hainbat omenaldi antolatu izana ETAren biktimen alde (eta oso ondo deritzot egiteari) eta beste aldeko biktimen alde bakar bat ere ez (nahiz eta askoz ugariagoak diren eta ideologikoki eta sentimentalki hurbilago egon beharko lukeen beraiengandik).
Are txarrago, beraren poliziak ere errepresiorik basatiena erabili ohi du alde honetako biktimen kontra.
Lehengo egunean, adibidez, ni barruan nengoela, Etxerat-ekoei, hau da, preso dauden beren senideentzako giza eskubideak berma daitezela eskatu baino egiten ez dutenei, ez zieten sartzen utzi, gonbidatuak izan ziren arren.
Hau al da giza eskubideak ez banatzea, Lehendakari Jauna?
Maiatza hartan, 1968koan, harrien azpiko harea aipatu zuten gazteek. Granada lakrimogenoen ke eta gasekin erantzun zien garaiko gobernuak. Kez estali nahi izan zuten mugimendua. Berrogei urteren buruan, gazteei aurre egin zieten horiek mugimendu kultural ederra izan zela goraipatzen ari dira, hedatu zen askatasun haizea izugarrizkoa izan zela.
Geroztik egoera kaskartu dela entzuten da. Orduko debateak eta borrokatzeko nahikariak ezabatzen joan dira, Parisko gobernu zentralistaren onerako. Egun ez dago debaterik. Hiri nagusietako auzo txiroetara ehunka polizia igortzen dituzte, atxiloketak egitera, gauez, inseguritatea sortzeko. Interesatzen zaien bake batekin erantzuten dute auzoetan gertatzen diren oldartzeei. Arazoak kez eta gasez estaltzen dituzte, gezurrez jositako mezuez, prentsa nagusiaren laguntzarekin.
Hizkuntz gutxituekin berdin jokatzen dute. 1958tik berrogeita hamalau gehigarri proposamen omen dago. Horrek erakusten digu bederen hizkuntz gutxituez arduratzen diren elkarteak jarraikiak direla eta presioa atxikitzen badakitela. Aldi honetan benetako proposamena dirudi, nahiz eta oraindik bide luzea egin behar izan praktikara iritsi baino lehen. Konstituzioko 1. artikulua aldatuko dute, legez kanpo gelditzeko arriskutan ziren instituzioetako laguntza guztiak Errepublikaren barnean egon daitezen. Haatik, horrek ez du momentuko Gobernua edo Estatua ezertara behartzen. Alegia herri gutxituak, gutxietsiak gelditzen direla, Errepublika batu, handi eta askatuaren gibelean geldituko dira. To, ez dugu Alain Lamassoure-en ahotsik entzun! Ez al zuen erran aldaketa zerbait sortuko zuela berak bultzatutako 2. artikuluaren indarra txikitzeko?
Berriz ere kezko estalkia hizkuntz gutxituek eskatzen duten hizkuntz politikaren eskakizunari erantzuteko. Gobernuak ez du hizkuntz gutxituen aldeko bide berririk jorratuko eta gainera elkarteen indar kementsua ahultzen entseiatuko da. Gizarte itzalia behar du liberalismoak aurrera joateko, uniformizazioaren lortzeko. Bestalde, Europako instituzioek igortzen dizkieten mezuei erantzuteko kezko estalkia asmatu dute. Arerioaren ahultzeko tramankulu guztiak baliatzen abila da Sarkozy. UMPrentzat, Frantziako hizkuntzek ez dute ezagupenik behar erakustokietan gelditzeko. Hizkuntz politika, instituzioak babestu eta bultzatuko luketena, ofizialtasunaren indarrarekin, ez da Parisko proiektuetan. Parisen politika arazoei itxurazko erantzun bat ematea da. Saihesbidea, iruzurra, aurrean duenaren ahultzeko.
ARGIAren azken zenbakian, Ur Apalategi idazleak, Bilboko hiru euskaltegik martxan jarri dugun “Gueroren irakurraldi etenik gabea” izeneko ekimenaz dihardu bere artikuluan. Apalategiren ustez, aipatu ekimena guztiz anakronikoa da, zeharo tokiz kanpokoa; gaur egun Gueroren irakurketa antolatzea erregresioan jaustea da eta modernitatearen aurka doa. Bego eta bedi. Ni, ekimenaren antolatzaile eta bultzatzaileetako bat naizen aldetik, ez naiz haren uste berekoa, noski, eta Apalategik esandakoak jorratu nahi nituzke, aldizkariaren irakurleek beste iritzi baten berri jakitea estimatuko dutelakoan.
Apalategi adiskidea: Gustura esango nizuke oso oker zaudela zure planteamenduetan, zure kritikek ez daukatela inolako zentzurik, funtsik edota oinarririk, eta zure artikulu osoa disparate handi bat dela, horrekin lortuko banu zure idazkiaren eragin negatiboa neutralizatzea. Baina, ezin dizut halakorik esan, arrazoi sinple batengatik: bertan esaten dituzun gauza askorekin bat natorrelako eta ados nagoelako zurekin. Axularren ideologia eta morala, Gueroren bitartez ezagutzera emanak, oro har arbuiagarriak dira. Ados. Eta adostasunekin jarraituz, zure artikuluan bada esaldi bat, ez bakarrik ados nagoena, baizik eta hunkitu eta guzti egin nauena: “Hamaika pausoren irakurtaldi jarraikia zoragarria litzateke niretzat” diozu pasarte batean. “Niretzat ere zoragarria litzateke” diot nik itxaropentsu. Izan ere, Saizarbitoriaren liburua nire kuttuna da aspalditik.
Guztiarekin, Axularren ideologia eta morala salatzeko orduan zurekin ados banago ere, ez nator bat zuk ateratzen dituzun ondorioekin, nik uste baitut kontraerreforma, “sorginen” erreketa eta gizakiaren ikuspegi desolagarriak gorabehera –Axular idazle bikaina dela inondik ere–. Niretzat giltzarria haren estiloa da, idazkerarekin berarekin ez ezik, beste arte batzuekin –musika eta pinturarekin, kasu– zerikusi handia daukana. Hala erantzun omen zion Duvoisin kapitainak Louis Lucien Bonaparte printzeari, honek gutun batean egiten zion honako galderari:
– Zer du Axularrek besteek ez dutena?
– Kolorea, kolorea!
Zure idazkian asko harritu nau idazle klasikoen eta gaur egungoen artean jartzen duzun oztopoaren sendoak, egiten duzun ebakiaren zabalak, irekitzen duzun amildegiaren sakonak. Nire errealitatea bestelakoa da. Nik osotasun batean bizi dut neure euskalduntasuna. Niretzat dena da bat. Axular maite dudalako maite dut Saizarbitoria, eta Saizarbitoria maite dudalako maite dut Axular. Grabea al da, doktore?
Ia hemeretzi urte bete nituen arte, analfabetoa izan nintzen euskaraz. Aurreneko lana neure burua alfabetatzea izan zen; hurrengoa, euskaltegian lanean hastea. Gaur arte. Bitartean, ordea, euskaltegiko euskarak muga estuak zituela ohartu, eta, nire bizitzako momentu batean ni ere –muga haiek gainditu nahian– hizkuntza malgu, gozo, jostalari eta adierazkorrago baten bila abiatu nintzen. Eta horrela egin nuen topo literaturarekin. Hasieran, jakina, nire garaiko idazleen obrak irakurri nituen. Aurrerago, berriz, beste garai bateko obrak irakurtzeari ekin, eta klasikoek zeharo maitemindu ninduten. Ez dakit zein izango zen arrazoi nagusia. Agian, Arestik aipatu ohi zuen “ezagutza erreflexua”. Kontua da beste lurralde bat aurkitu nuela –oso zabala, eta ordurarte sekula zapaldu gabekoa–, eta aurkikuntza hark sorrarazi zidan lilurak bere hartan dirauela nire barrenean.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa