Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Zoologia

Hegazti migratzaileek ez dute beti asmatzen

Alemaniako hainbat ikertzaileren arabera, hegazti migratzaileek hutsak egiten dituzte norabidea aurkitzerakoan, baina ez distantzia kalkulatzerakoan. Ikerlariek milaka hegazti asiar ikertu dituzte. Kumeak Siberian hazten dituzte eta negua Asiako hegoaldean igarotzen dute, baina ikerketan ikusi zen horietako asko Europara desbideratzen zirela. Egindako distantzia antzekoa zen, baina norabide desberdinean higitzen ziren batzuk. Are gehiago, zenbat eta mota bateko hegazti gehiago izan eta zenbat eta distantzia handiagoak egin, orduan eta hegazti gehiago desbideratzen zen Europara. Ikerlari batzuek desbiderapen horiei egotzi diete hegazti gripearen erantzukizuna, nahiz eta gehienen ustez ukuiluetako hegazti trafikoa den izurritearen arrazoia. Denbora luzean, desbiderapenak meteorologiarekin zerikusia duten arrazoiengatik gertatzen zirela pentsatu izan da, baina hainbat analisi estatistikok baztertu egin dute hipotesi hori. Hala balitz, gorputz txikiagoa duten txoriek desbiderapenerako joera nabariagoa beharko lukete izan, baina ez da horrela gertatzen. Ostera, azken hipotesiak txoriek egindako hutsei leporatzen die desbiderapenen erantzukizuna. Migrazioen hegaldien norabidea eta denbora geneen bidez transmititzen da, eta transmisio hori belaunaldi gutxi batzuetan alda daiteke, hau da, migrazio okerra urte batzuetan errepikatzen bada, belaunaldi gutxi batzuen ondoren migrazio zuzen bilakatzen da. Dena den, migrazioetako hutsen teoriak ez du ikerlari asko konbentzitu, eta horregatik etorkizunean datu berriak bilatuko dituzte.

Joxerra Aizpurua

Joxerra Aizpurua


2139. alea
2008-06-01
alde 0    kontra 0
Hegazti migratzaileak
Hegazti migratzaileak


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia