2008-06-01 -- 2139.zenb
Manifiesto contra-sexual, zure lehen liburuan, generoaren eta sexualitatearen historiaren berrirakurketa proposatzen duzu. Hiru ardatz aukeratu dituzu horretarako. Zergatik horiek?
Ezer ez da absolutua. Liburuan hiru ardatz horiek aipatu ditut uste dudalako desnaturalizatzen, desorekatzen eta desantologizatzen dituztela ikuspegi heterosexualeko sexu praktikak. Eta baita ikuspegi homosexualetik begiratuta ere.
Dildoa
Sexualitatearen eraketa farmakopornografiko berri honetan, dildoa gorputzaren kontzeptu berria da, gorputza ez da bukatzen azala bukatzen den tokian, gorputza teknologiarekin eta teknologiarentzat dago osatua. Dildoa protesi sexuala da, sexuaren luzapen sintetikoa. Gorputz sexuala beste modu batera eratzeaz ari naiz dildoaz ari naizenean, muga naturala gainditzeaz, maskulinoa eta femeninoa kontzeptuetatik harago.
Dildoaren historia ikertu nuenean, pildorarekin bezala, gauza bitxiak topatu nituen. Jende gehienak uste du dildoak zakilaren imitazioak direla. Bada, konturatu nintzen dildoak medikuntzako laboratorioetan agertu zirela, esate baterako, krisi histerikoak eragiteko teknika moduan. Histeria femeninoa sendatu nahi zuten dildoen bidez. Beraz, konturatu nintzen dildo elektrifikatua plazera eragiteko teknologiatako bat baino ez zela XIX. mendean eta gero sexualitatearen normalizazio eta patologizazio zirkuituak jabetu ziren horretaz. Gaur egun, mikrokomunitate gay, lesbiana, transexual eta transgeneroek bereganatu dute eta baita kultura zabalagoak ere.
Uzkia
Ez da ez maskulinoa eta ez femeninoa, gorputz orok dauka uzkia, ahoa bezala. Uzkia, eskua bezala, XIX. mendeko sexualitatearen medikuntza diziplinarioaren ardi beltzetakoa da. Oso zaila da kontrolatzea eskuzko eta uzki bidezko plazera. Zaila da jakitea plazer maskulinoa ala femeninoa den, onartu gabeko plazera da... mespretxugarritzat joa.
Lesbianen arteko praktika sadomasokistak
Hitzarmenaren ideia interesatzen zait, sexualitateari eskaintzen zaion begirada teatralizatua, performatiboa. Sadomasoak sexualitatea ekintza kultural eta kodifikatu gisa ulertzen du, ez zerbait naturala eta berezkoa balitz bezala. Sexualitate hori beti jendaurreko eszena da. Praktika horiek oso garrantzitsuak izan ziren 70eko eta 80ko hamarkadetan Amerikako Estatu Batuetan, eta gauza funtsezkoa ekarri zuten: identitate sexualarekiko konfiantza eza. Kultura sadomasokistek ez dute sinesten sexuen eta generoen arteko diferentzietan. Ez dute uste homosexualak eta heterosexualak daudenik, zartadak eman eta jasotzen dituzten menpekoak eta damak baizik. Posizioak fikziozkoak dira, antzeztuak. Erritua da.
Liburuaren gaztelaniazko bertsioan kontratu kontra-sexual baten adibidea agertzen da. Helbide elektronikoa idatzi zenuen. Nolako erantzuna jaso duzu?
Liburua frantsesez argitaratu zen lehenbizi eta lehen hiru hilabeteetan mezu oldea jaso nuen. Denetarik bidali zidaten, kontratuak eta zorakeria batzuk ere bai. Azkenean helbidea itxi behar izan nuen kudeatu ezin nuelako. Kontratua erakutsi nion lehen pertsonak (ez dut esango nori erakutsi nion ezaguna delako eta agian ez zaiolako gustatuko) hauxe esan zidan: “Sinatuko nuke, baina ezkutuan”.
Antzeko proiektuak izan dira ondoren. Javier Saezen taldeak Europako Parlamentuan aurkeztutakoa adibidez. Nortasun agirian “sexua” laukitxoan emakumea edo gizona jarri beharrean “uzki bidezkoa” jartzea proposatzen dute, esate baterako. Zergatik ez eraman horrelako proiektuak eremu politikora? Kontu serioa iruditzen zait nortasun agirian sexua eta generoa eskatzen segitzea. Genero biolentzia iruditzen zait hori (bestea biolentzia heterosexuala deitu beharko litzateke eta kito). Laikotasuna printzipio demokratikotzat jotzen dugun modu berean, norbera sexualki definitzearen eskubideak ere printzipio demokratikoa izan beharko luke.
Hamar urte pasa dira Manifiesto contra-sexual idatzi zenuenetik. Denbora hori pasata orain nola ikusten duzu egindako lana?
Bigarren liburua (Testo Yonqui) lehenengoaren jarraipentzat daukat. 90eko urteetan hainbat mugimendu kritiko agertu zen. Horietako bat queer mugimendua izan zen. Mugimendu postkoloniala ere garrantzitsua izan zen. Azken horrek kritika egiten dio arrazaren kontzeptuaren asmakuntzari.
Beste mugimendu bat testu zientifikoen analisi deseraikitzailea egin dutenena da, Donna Haraway eta beste. Mende hasieran, lehen liburua idatzi nuen garaian, analisi horiek gurutzatu ziren. Dagoeneko kontua ez zen identitateaz, subjektuaren eta legearen arteko harremanaz hausnartzea, baizik eta gorputz praktiketaz eta gorputzen biziraupenaz hitz egitea, hau da, gorputz batzuk nola zeuden osatuta ikustea, zein zen haien zaurgarritasuna, zein zen gorputz horien estatusa. Esate baterako, transexualen gorputzak ezin dira homosexualitate/heterosexualitate eta zuriak/beltzak terminotan ulertu.
Manifiesto contra-sexualen protesiarekin, gorputzaren luzapen teknologikoarekin zerikusia zuen guztia interesatzen zitzaidan. Testo Yonquin beste protesi batzuk landu ditut. Horietako batzuk mikroak dira eta beste batzuk kanpotikako ikusentzunezko gailuak. Lehenengoa hormona litzateke eta bigarrena pornografia, ikusentzunezko protesi telemasturbatzailea.
Manifiesto contra-sexual gaztaroko zorakeria izan zela esan nezake. Ordutik ildo oso antzekoetan lanean aritu diren taldeak asko ugaldu dira. Plazera izan da konturatzea lan hori ez dela nire delirio hutsa izan.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa