Astekaria

 Liburuak 

Irati Elorrieta bizi den munduaren isla

Irudia

Pilar Iparragirre


2138. alea
2008-05-25
alde 0    kontra 0
Burbuilak
Burbuilak

Irati Elorrieta ::Burbuilak

Alberdania

orrialdeak ::150

prezioa ::16€

Kontakizun soltez osatutako nobela batekin plazaratu da Irati Elorrieta Agirre (Algorta, Bizkaia, 1979) euskal letren mundura. Burbuilak izena du liburuak, hirietan bizitzeak –batik bat Berlinen, nahiz eta beste hirietako pasarteak ere agertzen diren–, giroak eta garaiak batasuna ematen diote idazlanari. Hiriaren eta istorioen giroa bat datoz. Liburuko protagonistei bizitzea egokitu zaien garaia ezegonkortasun handikoa da, hirien arteko distantziak txikitu diren garaia; horri guztiari aurre egiten diote Irati Elorrietaren pertsonaiek. Gazte horiek –gehientsuenak gazteak baitira, nahiz eta hirurogeitik gora urte dituen zine irakasle bat ere agertu– bakardadea sentitzen dute, baina ez daude bakarrik. Babesten dituen harreman sarea dute beraien artean, eta bakoitzari egokitzen zaizkion arazoei aurre egiteko orduan, horri eusten diote. Burbuilak liburuan azaltzen diren protagonistek, sortzen zaizkien arazoen gainetik, Berlini eta han ezagutu dituztenei dieten maitasuna azaleratzen da, bizitza bera dastatzeko gogoari dioten atxikimendua bezainbeste. Deserrian daudela sentitzen badute, deserri horretan beren burbuila eraiki dutelako.

«Garrantzi gehiago du pertsonaien azalaren bestaldeko munduak»

Euskal Herritik kanpo kokatu dituzu liburu honetako istorioak.

Deserrian kokatzen dira. Berlinen bizi naizenez, ez da kasualitatea deserri horren zentroa Berlin izatea. Han elkartzen dira pertsonaiak, eta jatorri ezberdinetako pertsonaiak direnez, Berlin bezala beste hiri batzuk ere agertzen dira: esate baterako, Bilbo, Bartzelona, Paris, Kopenhage...

Eguneroko bizimoduaren erraietara jo duzu.

Liburuan ez dago gertaera espektakularrik. Egunerokotasunean kokatzen diren gertaerak dira. Adibidez, neska gazte batek hegazkin bat hartuko du istorio batean, beste hiri batera bizitzera joateko; lagun bat bisitan etorriko zaio; pelikulak ikusiko dituzte, izozkiak jatera joango dira... Oso eguneroko gertaerak dira, eta pertsonaiek intentsitate handiz bizi dituzte. Garrantzi handiagoa du barrutik gertatzen zaienak, hau da, azalaren bestaldeko mundu horrek. Bakoitzaren burbuila barruan gertatzen denak.

Zeintzuk dira pertsonaia horien kezka nagusiak?

Zelan mantendu harremanak urrun dagoen jendearekin; zelan egin norberaren ametsak betetzeko... Azken batean, denak dabiltza leku bila; eta ez leku fisikoa bakarrik. Idazterakoan, gehiago jarraitu dut barne musika bat, oroimenaren joan-etorriak jarraitu ditut. Horregatik hutsuneak gelditzen dira istorioetan, zuloak, ez dudalako dena kontatzen eta istorioak askotan bukatu gabe gelditzen direlako. Lotuak ere badaude ordea: batzuetan pertsonaial dira loturak egiten dituztenak; gaiak ere bai, edo behin baino gehiagotan errepikatzen diren espazioak.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza