2008-05-25 -- 2138.zenb
Groucho Marxek zioen zoriontasuna gauza txikietan dagoela: yate txiki bat, txalet txiki bat... Modernoon kontsigna, “zenbat eta gehiago orduan eta hobeto”, umorez jantzi zuen. Kontsigna hori protesi natural bilakatu da mendebaldarron psikologian.
Hazkunde ekonomikoak ei zekartzan ongizatea eta zoriontasuna, baina, behin gutxieneko materialak ase ondoren, baieztapena atzekoz aurrera jarri zaigu: hazkunde ekonomikoa geure nahigabe kronikoan sostengatzen da.
Clive Hamilton ekonomilari australiarrak dio politikoek nekez esango dutena: hazkundea, geure arazoen erremedioa barik, geure gaixotasunen iturri da. Kalkuluen arabera, 1995-98 urte bitarteko hazkunde globala 1900az aurretiko hamar mila urteetakoa baino handiagoa izan da. Halere, mamu berria dabil mundu aberatsean barrena: asperra, bakardadea, depresioa.
Ikerketa gehienek diote: gutxieneko materialak eskuratu ostean, norbanakoon bizipoza ez dago ahalmen ekonomikoaren edo arrakasta profesionalaren baitan, ezta ere osasuntsu egotearen baitan. Kontu “ziztrinagoak” omen ahaltsuagoak: kultura abegitsua, elkar laguntzeko sare trinkoak, ondasunak konpartitzeko ohiturak, pertenentzia sentimenduak... Ez dirudi egunero dutxatzeak edo plasmako pantailak zoriontsuago egiten gaituenik.
Bizitzaren balantzea egiteko unean konturatzen ei da bat, behin betiko agurraren tenorean, zauriak miazkatzea besterik geratzen ez denean: aspektu ez-materialak izan dira bizipozerako pasaporteak. Erosi ezin den hori guztia, alegia.
Bizipoza errazago dator materia eta energia gutxiago kontsumituz gero. Ez da erlijio postmaterialista berri baten salbaziorako deia. Ez da Parisen entzundako manifestu existentzialista. Ez da Bucay-ren auto-laguntzarako leloa. Zientzia da: hanka bikoak pasta horrekin gaude eginak, serotonina berdin edo gehiago ekoitzi daiteke gutxiago kontsumituz.
Halere, ahatearenak egiten segitzen dugu. Bitxiak dira paitak: arrautza puskatu eta begiak zeinengan pausatu, hantxe aurkitzen dute ama, izan paita-ama, azeria, ala hondartzan tanga batekin kakahueteak saltzen dituen gizasemea. Hura nora, paitak hara. Bulkada instintiboen diktadura da, ez dago inpugnazio posiblerik.
Halaxe segitzen diogu, paiten automatismo autosuntsitzailearekin, geure psikean iltzaturik dugun protesi materialistaren aginduari. Bestela esanda: izan gaitezen ekologistagoak ez planeta salbatzearren, ez geure espeziearen etorkizuna ziurtatzearren, ez oraindik jaio ez direnekiko elkartasuna adieraztearren. Hori guztia heroismo ezinezkoa bazaigu, izan gaitezen ekologistagoak egoismo hutsagatik, geure bizipoz indibiduala handitzearren.
Kapitalismoa toxikoa baita, ez soilik ikuspegi sistemikotik, baita ikuspegi psikikotik ere: estruktura emozional gaixoan sostengatzen da.
Ikerlari batzuek atmosferan dagoen ozono-mailari buruzko ikerketa –urte askotakoa– argitara eman zuten Nature aldizkarian 1985. urtean. Artikuluak mundu osoko zientzialarien kezka sortu zuen eta hortik aurrera ehunka ikerketa argitara eman dira. Ozono-eskasia Hego Poloan gertatzen zen irail aldera beti, baina urtez urte areagotu egiten zen; gertaeraren erantzukizuna konposatu klorofluorokarbonatuei (CFC) egokitu zitzaien. Zientzialarien arabera ozono-eskasiaren ondorioz eguzki izpi ultramore kaltegarriek lurra jo eta egun ezagutzen dugun bizia ezinezkoa izango litzateke.
Izan ere, CFC familia substantzia ugarik osatzen dute eta mendeetako iraupena dute desagertu aurretik. Hozkailu, spray eta beste hainbeste erabilera industrial zuten substantziak gero eta gehiago ekoizten ziren, beraz gero eta kantitate gehiago metatzen ari zen atmosferan.
Baina zientzialariek ez ezik politikariek ere bere egin zuten arazoa eta horrela 1987. urtean Montrealen CFCren ekoizpena mugatuko zuen lehen protokoloa mundu osoko 191 estatuk sinatu zuten; hortik aurrera beste protokolo batzuk sinatu ziren eta gaudeneko mendearen hasieratik mundu osoan debekatuta dago CFC substantzien ekoizpena.
Hori dela eta, atmosferan dagoen CFCren kantitatea ez da handitu eta oraindik orain irail aldera Hego Poloan ozono-maila asko jaisten bada ere, gero eta jaitsiera apalagoak dira.
Garai hartan bazegoen beste gai kezkagarri bat, euri azidoarena; gure lantegietako tximinietatik igorritako sufrea eta nitrogenoa hodeietan urarekin nahastu eta azido sulfurikoa eta nitrikoa sortzen da eta euria egiten duen lekuetan bertako landaredia, batez ere, ihartu egiten du. Arazo hori munduko leku askotan gertatzen zen, gainera esportatu egiten zen, horrela Erresuma Batuak igorritako sufreak eta nitrogenoak Alemaniako edo Suediako basoak eta landareak ihartzen zituen. Europan tximinietan iragazkiak jarri diren ezkeroztik ongi xamar kontrolatuta dagoen arazoa da orain, eta gehien bat garapenean dauden herrietan irauten du.
Ozono eskasiarekin eta euri azidoarekin batera, etorkizuneko arazo aipatzen zen berotegi-efektuarena. Mende honetako erdialderako izotzak eta glaziarrak urtu eta itsas maila handitu egingo zela aipatzen zuten zientzialari batzuek, baina gainerakook katastrofistatzat hartzen genituen, beraz ez zen gainerako gaiekin lortutako adostasunik izan.
Aurreko kasuetan gizakiak egindako esfortzuari naturak erantzun positiboa eman dio, ikas dezagun lezioa!
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa