2008-05-18 -- 2137.zenb
Amonio nitratozko ongarriak zeramatzan itsasontzi batek eztanda egin eta 500 hildako utzi zituen Missouriko Times Beachen (AEB, 1947); fabrika kimiko baten istripuak eragindako dioxinazko hodei toxikoak 730 lagun gaixotu zituen Seveson (Italia, 1976); eta enpresa petrokimiko baten eztandak 29 pertsona hil zituen Toulousen (Frantzia, 2001). Are latzagoa izan zen 1984an Bhopalen (India) gertatua: pestizida fabrikako ihes batek 8.000 pertsona akabatu zituen eta ondorengo urteetan 16.000 gehiago hil eta beste milioi erdi gaixotu ziren. Egun, oraindik ere pestizidek kalte ugari sortzen dituzte herrialderik pobreenetan.
Gurean, enpresa kimikoei ez zaiela ia kontrolik egiten dio Carlos Alonso Ekologistak Martxan-eko kideak: “Baliabide faltagatik, ikuskatzea enpresaren beraren edo enpresak ordaindutako kontsultari teknikoen esku uzten da. Ihesak eta isuriak oraindik oso ohikoak dira eta, oro har, herritarrak salatzen dutenean baino ez da eskua sartzen, hodei toxikoren bat ikusi edo zerbait arraroa usaindu dutelako”. Luis Blanco Aveq-Kimika EAEko enpresa kimikoen idazkari nagusiak, aldiz, instalazioek oso neurri zorrotzak betetzen dituztela ziurtatu du eta Eusko Jaurlaritza bereziki zorrotza dela munduko legedi zorrotzena (Europar Batasunekoa) aplikatzen.
Istripu larririk gerta al daitekeen? Blancok eta Alonsok ikuspegi desberdinak dituzte. Idazkari nagusiaren hitzetan, probabilitate kontua da: “Madrilera autoan joatea hegazkinez joatea baino arriskutsuagoa da, estatistikoki frogatua dago, baina jendeak beldur handiagoa dio hegazkinez joateari. Gu hegazkina bezalakoak gara: askoz seguruagoak, baina komunikazioaren arloa hobetu behar dugu. Jendeak ezezaguna denari dio beldurra, baina fabrikak barrutik ezagutuko balituzte, lasaiago egongo lirateke”. Alonsorentzat ere, istripu larriak gertatzea zaila da, baina ez ezinezkoa, eta egon diren susto garrantzitsuen artean Rontealde enpresakoa (Barakaldo, Bizkaia, 1992) eta Petronorrekoa (Muskiz, 2002) aipatu ditu.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saileko datuen arabera, 1987 eta 2004 urteen artean industria kimikoari lotutako bost istripu larri jaso dira. “Ez dugu hondamendirik ikusi –dio Alonsok–, baina gertu egon gara”. Eusko Jaurlaritzako Larrialdi sailak 10 enpresa kimikoren inguruan bizi diren 11 herritako 70.000 lagun sartu ditu arrisku eremuan: Hernani (Gipuzkoan), Muskiz, Abanto, Zierbena, Barakaldo, Erandio, Santurtzi, Gueñes, Alonsotegi (Bizkaian), Lantaron eta Legutio (Araban). Bertako larrialdi planak hainbat bizilagunentzat oraindik ezezagunak direla uste du Carlos Alonsok. Halaber, askotan ezezagunak zaizkigu gure egunerokoan erabiltzen ditugun substantzia eta produktu kimikoen arriskuak, egunero ehunka substantziarekin kontaktuan gauden arren.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa