Lost in Bilbao: Hirian ezer ez galtzeko

  • “Hirien eskaintza kulturala hain da zabala, ezen antolatzen diren gauzetatik erdiaz ere ez zaren enteratzen”. Rubén Sánchez Bartzelonakoa da eta 32 urte ditu. Kosmopolita hitza erabiltzen du hiritar esan beharrean, agian berak ukitutxo kosmopolita hori ere baduelako. Hamar gehi bat hiritan ibilitakoa da, baina badirudi Bilbon geldialdi luzetxoa egingo duela, egitasmo interesgarria hasi baitu botxoan: Lost in Bilbao (www.lostinbilbao.tv), “Bilboko kultura eta aisialdiaren inguruko magazina, 2.0 Telebista formatuan eskainia”.
Lost in Bilbao
Lost in BilbaoIñigo Azkona

Zelan sortu zen Lost in Bilbao?


Rubén Sánchez. Bilbora bizitzera etorri nintzenean, ez nuen hiria batere ezagutzen; ez nekien zer egin nezakeen, zer izan zitekeen interesgarri... Orduan hasi nintzen hiriak eskaintzen zuenari jaramon egiten.
Hasieran blog bat egitea otu zitzaidan Bilbon antolatzen ziren gauzen inguruan. Ez zen oso ideia originala, baina gauza pertsonala zen, idazteko ohiturari eustearren hiria ezagutzen nuen bitartean. Ideia blog izatetik bideoblog izatera pasatu zenean Cristina, Libe eta Garazirekin harremanean jarri nintzen, eta gauzak prestatzen hasi ginen.
 
Lost in Bilbao, hala ere, ez da bideoblog pertsonala. Sarean daramatzan zazpi hilabeteotan profesionalizatzen joan da bost laguneko lantaldea osatu arte. Sánchez-en zuzendaritzapean, Libe Otegi tolosar kazetariak aurkezten du saioa, Cristina Fernández edukiaz eta gidoiaz arduratzen da, Garazi Rodríguez da multimedia arduraduna eta Aiora Kintana, Arte Ederretako ikaslea, praktiketan ari da.
Astean behin grabatzen dute saioa hurrengo zazpi egunetan Bilbo Handian gertatuko direnen berri emanez. Musika, antzerkia, dantza, zinema, artea, diseinua... kulturaren forma guztiak uztartzen saiatzen dira, beti ere Bilbo edo bilbotarrekin zerikusia dutenak. “Bilbon bertan gertatzen direnez gain, bilbotarrek edonon antolatutakoak ere zabaldu gura ditugu”, dio zuzendariak. “Hasiberriei ere ateak irekitzen saiatzen gara. Ezagunak direnek ez dute laguntzarik behar, leku guztietan agertzen dira”, gehitu du Libek. “Joera soziala dauka programak”.
Blogosferan ere oihartzuna izaten ari da boskote honen egitasmoa. Javier Martín Loogic.com-eko arduradunak, historiako lehenbiziko “metrobideoblog” izenarekin bataiatu du proiektua. Alegia, metropoli bati dedikatutako lehen bideobloga. “Asko poztu ginen Loogic-eko hitzak irakurtzean” dio Sánchezek, “eta egia esan, asko bilatuta ere, ez dut Interneten hiri bati zuzendutako beste bideoblogik aurkitu”.

Agenda kultural baten lana egiten duzue azken finean, eta badaude beste asko. Zer dauka Lost in Bilbaok besteek ez dutena?


R. Sánchez. Internetek irudia, soinua, testua eta estekak eskaintzen dizkizu; den-dena daukazu pantaila berean. Kontzertu bat edo erakusketa bat iragartzen dugunean, alboan daukazu ekintza horren webgunera doan esteka zuzena. Hori eta gure ikus-entzuleekin dugun etengabeko feedback-a dira gure berezitasunak.

Zer motatako ikusleak dituzue? Nori zuzenduta dago Lost in Bilbao?


R. Sánchez. Hasieran, botila batean sartu eta itsasora botatako mezuaren modukoa zen. Ez genekien norentzat emititzen genuen, ezta jendeak arretarik jarriko zigun ere. Baina jendeak jaramon egin digu! Agian agenda kulturala izateko oso independenteak garelako, lagunen arteko proposamenen antza dutelako geureek. Eta Bilbon, hiriari buruzko kate bat Interneten egotea nahiko berritzailea delako.

Zer da Bilbo zuentzat?


R. Sánchez. Bilboko gauzarik onena bilbotarrak dira, jendea eta hemen ditudan lankideak. Hirigunea ere oso polita da; ez dauka zerikusirik deskribatu zidaten hiri gris eta ketsuarekin.
Bilbon kultura underground oso indartsua dago. Lagun asko dago ohiko giroetatik aparte milaka gauza egiten. Hemendik gutxira eztanda egingo du horrek guztiak, eta Bartzelonan duela hogei bat urte gertatu zen bezala, abangoardia hiri bihurtuko da.
 
Ibaizabalgo hiribildua azken hamar urteetan jasaten ari den bilakaeraren ondorio izan daiteke Rubénen iritzia, ala bere moduko jendearen ondorio hiriaren modernizatzea. Edozein dela ere, argi dago L.I.B.ekoek Bilbori beste ukitu bat ematen diotela.
 

Lost in Bilbao ikusita nahiko cool ematen du hiriak; Rubén Bartzelonakoa izateak ez nau batere harritu...


Libe Otegi.
Asko nabaritzen da Rubének begi desberdinez ikusten duela Bilbo, kanpotar baten begiez. Estetika aldetik ere, L.I.B. desberdina da. Ez dauka ohiko irudi euskalduna. Baina Bilbo, berez, bada gero eta cool-agoa. Xarma berezia dauka, eta identitate oso fuertea... horregatik zaila da integratzea. Halere, behin integratuta oso ondo zaude.
R. Sánchez. Bilbo kontraste handiko hiria izango da: betiko ohiturak jende berriztatzailearekin nahastu egingo dira. Hiri txikia da, baina oso bizia; gaitasun ikaragarria du.


Lost in Bilbao oraindik ez da inon iragartzen; Internetetik nahikotxo miatu behar da zuengana heltzeko, eta webgunean beta bertsioa dela argi esaten duzue. Noiz hasiko zarete bozgorailuarekin emititzen?


R. Sánchez. Orain arteko guztiak jendearen erantzuna ezagutzeko egin ditugu, baina bagaude behin betiko bertsioari azken ukituak ematen. Laster estreinatu gura dugu L.I.B. berria. Atal berriak, programa luzeagoa, babesleak bilatuko ditugu, webgunea iragarri egingo dugu...
Garazi Rodríguez. Herrikoiagoa egin gura dugu saioa; kalera atera gura dugu kamera, astero galdera bat egingo diegu bilbotarrei, elkarrizketak ere maizago egin gura ditugu [Txuma Murugarreni egindako elkarrizketa oso interesgarria iruditu zaio kazetari honi], Bilboko dendarien inguruko erreportajeak sartuko ditugu...

Babesleak bilatuko dituzuela esan duzu Rubén... Horri buruz ere galdetu behar nizuen: Creative Commons lizentziapean egiten duzue lan eta publizitaterik ez daukazue... dirua nondik ateratzen duzue?


R. Sánchez. Argi eta garbi esateko musu-truk gabiltza lanean; txakur txikirik ere ez daukagu. Eta diru gabe mota honetako edozein egitasmo hilda dago. Hala ere ez dakigu oso ondo zelan egin babesleen kontua, ez baitugu kutsu independentea galdu gura. Programako atal batzuk promozionatuak izan daitezke... ez dakigu oraindik zehatz-mehatz zelan egin.
Bestalde Copyleftaren filosofia oso interesantea da, askozaz arinago zabaltzen baita zure produktua. Jende gehiagok ezagutzen zaitu eta horixe da gura duguna. Gainera besteek gure lanak erabili ahal izatea gustatzen zaigu, egilea nor den aipatuta, noski.
 
Programan agertzen den sofa gorrian jesarrita erantzun diete galderei. Behin bukatuta, lau gauza prestatu eta asteko saioa grabatzen hasi dira. “Lehenengo euskarazkoa grabatuko dugu, eta gero gaztelaniaz, ados?”, diotso Libek Rubéni. Bizpahiru hartualdi grabatu dituzte eszena bakoitzeko, eta denen artean aukeratu dute gustukoena. Argi dago zergatik ematen duen lagunen arteko programa; lagunen artean egina delako.
Barre handiak egiten dituzte Libe trabatzen denean. “Baina memoria ikaragarria dauka. Gidoi guztia buruz ikasten du, eta askotan, eszena bakoitzeko hartualdi bakarrarekin grabatu izan dugu programa osoa” aitortu du Cristina Fernándezek. “Telepronter bat egingo dugu halere, Liberi laguntzeko” esan du Rubének. Eta egin egingo dute, ez erosi, aurkezlearen aurrean dauden argi hotzeko fokuen antzera: eskuz eginak dira. Honek guztiak berpiztu lezake Bilboko kaleetatik galtzearen plazera... Lost in Bilbao.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude