Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Landareak

Urrin beste geranio

Loreenaz gain, beste usain batzuk ere sortzen dituzte landareek. Urrinak batzuentzat, kiratsak besteentzat... Hosto urrintsuak dituztenen artean geranioak ditut gogoko. Ezagunenak diren geranioek lore handi ikusgarriak ematen dituzte eta lorearen tamaina neurri, selekzio bide horretan usaina galdu dute. Haien asaba basatiak, dena dela, hor ditugu oraindik ere, lore ttiki-ttikiz baina lurrinez lepo. Geranio basa horien lurrinek pinuaren erretxinarena, mendenak, limoiarena, eukaliptoaren olioarena, erromeroaren esentziarena... gogora ekartzen dute. Urrin beste geranio. Lehendik ale batzuk bai eta bilduma ugaritze aldera, Aiako Laurgaingo Iturraran baserriko sailetan dagoen botanikoan urtero apirilean egin ohi den landare arraroen azokara hurbildu nintzen. Baita etxe kontrako teilatu hegalpe lehorrenean landatzeko pare bat ekarri ere. Tarteka, pasadizoan hostaiari igurtzi bat emateko eskueran eduki behar dira.   Iturraran baserriaren parez pare dago, Pagoetaren mazelan, Lardizabaldarren Jauregi gotorra. Lehen ere jardun izan naiz Lardizabalaceae familiaz. Gipuzkoako Aian bezala Seguran eta mundu guzian ezaguna den familia. Seguran sorlekua du, egun herriko etxea den jauregian, Aian Laurgainen “Palazioa” eta ludi zabalean bederatzi generotako 45 landare espezie. Genero horietako bat Lardizabala da. Izen hori Miguel de Lardizabal y Uribe (Mexiko 1744–Madril 1823) zientzialari eta mezenas izan zenaren ohorezkoa da. Politikari iaioa izan zen, Espainiako Fernando VII.a erregeak “Ministro Universal de Indias” izendatu zuen, gerora ministrotik kendu eta kartzelara bidaliko bazuen ere. Bergarako seminarioko zuzendari aritu zen hamar urtez eta Ameriketako Estatu Batuetako presidente izan zen Thomas Jeffersonen lagun mina izan omen zen. Bere muturjea ederki asko jaso zuen Segura gaineko Zeraingo arbasoak zituen Goyak, 1815ean margotu zuen erretratu bikainean. Hura ere iaio... Lardizabalaceae familia berezkoa da. Lorearen barruko lorexakian lika bitxi bat jariatzen dute. Lika horrek intsektuak erakarri eta soinean dakarten polena itsastea errazten du. Ez loreetan, ez hostoetan, urrin eta kiratsei garrantzirik eman gabe polinizazioa obratzeko beste era bat.

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2137. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
Lardizabala biternata


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 1# | JJ Agirre | 2008-05-22 12:47:19

    Egun on,

    jagoba Errekondo jauna, zurekin kontaktua egin nahi nuke paisajismoaz eta galdera bat edo beste egiteko.
    Mezu hau ikusten baduzu, erantzun emandako e-postara edo dei egin 636225359 telefonora mesedez.

    Esker mila aldez aurretik

    JJ Agirre

Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia