Astekaria

 Bestelakoak 

Kaxoi barruko istorioak...

Aktore bila lur azpian ere... halaxe ibili naiz egun hauetan. Halaxe dabiltza hainbat tokitan aktore euskaldunen bila. Hazia erein eta lurra jorratuz batera, ti-ta batean eguzkiratuko balira... –batzuek halaxe delako ustea dute–. Transgenikoekin konformatu errazak dira horiek, baina halakoetan bihotz errerik ez zaigu faltako.   Ez. Ez gara horrenbeste. Euskaraz mintzatzen garen euskaldunok ez gara horrenbeste. Are gutxiago aktore euskaldunak eta adin batetik gorako aktore euskaldunak zer esanik ez: ea ez dira... Eskuko atzamarrez kontatzen dira. Hauxe gure patua! Gure gizartea inoiz baino aitona-amonduagoa dagoen bitartean, errealitate hori fikzionatuko duen aitona-amonarik ez. Orain berrogei, berrogeita hamar urteren bueltan daudenak hirurogei noiz izango zain gaude denok. Eta zortea alde izan dezagula adin horietara iristean buruak oraindik egoki erantzuten badigu! Baina hori beste istorio bat da.   Zer egin bitartean adin horretako aktoreak behar dituzten antzerki lanekin? Euskaraz egiteari uko egin edo bestela aktoreak zahartu bitartean, kaxoian sartu lanak eta hantxe utzi eurak ere zahartzen? Hauxe historia petrala: nik ere adineko aktore bat behar nuen, ezaugarri zehatz batzuk beteko zituena, eta dauden bizpahirurekin hitz egin eta gero, ezinezkoa egin zait bat lortzea. Proiektuz josiak aurkitu ditut guztiak, itota lanean: Ezin dut... Ezin dut... Aldarean, senargaia noiz iritsiko zain dagoen emaztegaia sentitu naiz, agertu behar du!, amorrarazteraino agertu behar du, oihukatuz!   Istorio hau adibide soila besterik ez da. Ikus-entzunezko sektoreak ere egunero aurre egin behar dio arazoari. Galdeiezu Goenkalen kastinak egiteko ardura dutenei, adibidez. Hamalau urteko ibilbide luze honetan makina bat aktore pasa da bertatik. Azken bi urteotan, ordea, benetako arazoekin dabiltza aktore berriak bilatzeko. Jose Mari eta Maria Luisaren urrezko garaiak. Nork beteko haiek utzitako hutsunea? Erronka ez da txikia. Eskuko atzamarrez konta daitezke daudenak eta badiotsuet, produktora eta antzerki talde ezberdinon artean bere biziko lehia dugu haiekin egiteko. Urrea balio dute gure fikziozko aitona-amonek. Urre gorria. Eta bitartean, zilarrezkoak urre bihurtu bitartean, ikasten ahal dugula istorioetako aitona-amonak oporretara bidaltzen edo zeharo gor-mutuak egiten. Igualeko egongo ginen orain!

Agurtzane Intxaurraga

Agurtzane Intxaurraga


2137. alea
2008-05-18
alde 0    kontra 0
Agurtzane Intxaurraga
Agurtzane Intxaurraga (Dani Blanco)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia