2008-05-18 -- 2137.zenb
Mende hau beroa izango dela inork gutxik jartzen du zalantzan. Hala ere, iazko uda eta aurtengo udaberria nahikoa leun joan dira, eta itxura batean aurtengo uda eta datorren udaberria ez dira beroagatik gogoratuko.
Lurraren berotze prozesua hartzen ari den atsedena klimatologian eragina duten hainbat faktoreren esku dago, hala nola Umea fenomenoa, itsasoetako uren zirkulazioa eta itsasoetako uren bero-aldaketak. Klimatologoek uste dutenez, gertakari horiek areagotzen ari dira une honetan, eta giza-jarduerak baino garrantzi handiagoa izan dezakete epe laburrean.
Hori baieztatzeko, klimatologoek aurreikuspenerako teknologia hobetu dute, ohiko sistemei itsasoetan eta atmosferan uneoro dauden tenperaturak gehituz. Izan ere, konturatu egin dira modu horretan egindako aurreikuspenak askoz gehiago hurbildu zaizkiola errealitateari orain urte batzuk egiten zirenak baino.
Horrela, 2009tik aurrerako urteen erdia 1998 baino beroagoak izango direla aurreikusi dute; gogoratu beharra dago 1998 izan zela historian neurtu den urterik beroena.
EAEko Epaitegi Goreneko lan-arloko aretoak lanerako ezintasun iraunkorra aitortu dio 2003. urtetik fibromialgiak
jota dagoen emakume arabar bati. Epaiak, gainera, 2005eko abendutik aurrera dagozkion hobekuntza eta gehikuntzak ere onartzen dizkio lanbidez espezialista metalurgikoa den emakumeari. Izan ere, 2005eko abenduan Gizarte Segurantzako Ezintasunak Baloratzeko Unitate Medikuak emandako irizpenean, “emakumeak ez zuen lanerako gaitasuna murriztu edo ezabatuko lukeen mugapen anatomiko edo funtzionalik”. EAEko Epaitegi Gorenak, ordea, oso bestelako iritzia azaldu du aurtengo martxoan.
Fibromialgiaren sintomen artean muskuluetako min orokor eta etengabea, neke handia –jarduera fisiko gogorrik egin gabe ere–, loaren alterazioak, esnatu ondoko zurruntasuna, antsietatea, depresioa, buruko mina, kolon suminkorra, inurridurak eta aditasunaren nahiz oroimenaren trastornoak aipatu behar dira. Epaitegiaren sententziak dioenez, emakumeak Txagorritxu ospitaleko min-unitatean hartutako tratamenduek apenas ekarri zioten hobekuntzarik eta horrek, gaixotasunaz gain, antsietate eta depresio-koadro bat eragin zionez, bere lanbidean aritzea ezinezkotzat jo du Epaitegiak.
Raquel Rincón, emakumearen abokatuaren esanetan, epaitegiaren sententzia –epaia irmoa da jadanik– aurrerapauso garrantzitsua da fibromialgiak jota dauden pertsonen eskubideak onartu eta errespetatzeko, eta arlo horretako jurisprudentzia sendotu eta zabaltzeko balio du.
Gaitzaren diagnostikoa egitea ez da, hala ere, batere erraza. Sarritan beste koadro kliniko batzuekin nahasten da; depresioarekin edo estresarekin, esaterako. Fibromialgia koadro kronikoa da, batez ere 50 urtetik gorako emakumeei erasaten diena. Biztanleriaren %3 gaitz horrek jota egon daitekeela estimatzen da, beraz 40.000 pertsona inguru Euskal Autonomia Erkidegoan.
AEBetako Thorrn Micro Technologies enpresako Dan Schlitz eta Vishal Singhal ikerlariek ordenagailu eramangarrietan eta beste gailu elektroniko batzuetan erabili ahal izango den hozkailu berritzailea iragarri dute, sei urteko ikerketa lana egin ondoren. Bere tamainakoen artean potentzia eta errendimendurik handiena du, eta haizagailu txiki baten ondoan aire-emaria hiru aldiz handiagoa da, tamaina laurdena izanik.
RSD5 izeneko haizagailu berri hori izugarrizko urratsa da elektronika higigarrien alorrean, gailu horien potentzia handitzea ahalbidetuko baita matxura gertatu barik. Asmakizun berriak 2,4 metro segundoko abiadura duen haizea sortzen du; orain arteko haizagailuek, askoz ere handiagoak izanik, 0,7 eta 1,7 metro segundoko arteko abiaduran ematen dute haizea.
Beste hitz batzuez esanda, 25 watteko gailu elektronikoa zentimetro kubiko bat inguru okupatzen duen haizagailuarekin hoztu ahal izango da. Egunen batean siliziozko egituretan txertatzerik izango da, bere kasa hozten diren txipak sortzeko. Gainera, haizagailu berriak oraingoek baino askoz ere hobeto jasaten du hautsaren eragina.
Loreenaz gain, beste usain batzuk ere sortzen dituzte landareek. Urrinak batzuentzat, kiratsak besteentzat... Hosto urrintsuak dituztenen artean geranioak ditut gogoko. Ezagunenak diren geranioek lore handi ikusgarriak ematen dituzte eta lorearen tamaina neurri, selekzio bide horretan usaina galdu dute. Haien asaba basatiak, dena dela, hor ditugu oraindik ere, lore ttiki-ttikiz baina lurrinez lepo. Geranio basa horien lurrinek pinuaren erretxinarena, mendenak, limoiarena, eukaliptoaren olioarena, erromeroaren esentziarena... gogora ekartzen dute. Urrin beste geranio. Lehendik ale batzuk bai eta bilduma ugaritze aldera, Aiako Laurgaingo Iturraran baserriko sailetan dagoen botanikoan urtero apirilean egin ohi den landare arraroen azokara hurbildu nintzen. Baita etxe kontrako teilatu hegalpe lehorrenean landatzeko pare bat ekarri ere. Tarteka, pasadizoan hostaiari igurtzi bat emateko eskueran eduki behar dira.
Iturraran baserriaren parez pare dago, Pagoetaren mazelan, Lardizabaldarren Jauregi gotorra. Lehen ere jardun izan naiz Lardizabalaceae familiaz. Gipuzkoako Aian bezala Seguran eta mundu guzian ezaguna den familia. Seguran sorlekua du, egun herriko etxea den jauregian, Aian Laurgainen “Palazioa” eta ludi zabalean bederatzi generotako 45 landare espezie. Genero horietako bat Lardizabala da. Izen hori Miguel de Lardizabal y Uribe (Mexiko 1744–Madril 1823) zientzialari eta mezenas izan zenaren ohorezkoa da. Politikari iaioa izan zen, Espainiako Fernando VII.a erregeak “Ministro Universal de Indias” izendatu zuen, gerora ministrotik kendu eta kartzelara bidaliko bazuen ere. Bergarako seminarioko zuzendari aritu zen hamar urtez eta Ameriketako Estatu Batuetako presidente izan zen Thomas Jeffersonen lagun mina izan omen zen. Bere muturjea ederki asko jaso zuen Segura gaineko Zeraingo arbasoak zituen Goyak, 1815ean margotu zuen erretratu bikainean. Hura ere iaio...
Lardizabalaceae familia berezkoa da. Lorearen barruko lorexakian lika bitxi bat jariatzen dute. Lika horrek intsektuak erakarri eta soinean dakarten polena itsastea errazten du. Ez loreetan, ez hostoetan, urrin eta kiratsei garrantzirik eman gabe polinizazioa obratzeko beste era bat.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa