Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-05-18 -- 2137.zenb

Xabier Etxaniz Erle

Xabier Etxaniz Erle

Aldizkari honetan bertan euskal kazetari batek esan zuen sloganen herrian bizi garela eta, neurri handi batean, arrazoia duela uste dut. Eguneroko kontuei erreparatu beharrean askotan goi mailako eztabaidetan pasatzen dugu denbora eta horren ondorioz Espainiako bandera udalean dagoelako milaka lagun ateratzen dira kalera, baina udal horrek herritarren interesen kontrako etxebizitza planak aurrera eramatean, hiritarren zerbitzuak –kultur, kirol edo gizarte mailakoak– murriztean, orduan ia inork ez du kexarik egiten.
 
Bologna prozesuarekin, Unibertsitate ikasketak Europa mailan baliokidetzeko prozesuarekin, antzeko zerbait gertatzen dela uste dut. Hezkuntzaren merkantilizazioa, homogenizazioa eta pribatizazioa omen dakartza prozesu horrek. Horixe da, behintzat, Ikasle Abertzaleak beren web orrian dioena. Baina prozesu honen ondorioak dira horiek? Hemen inork ez du esaten unibertsitatearen tasak, esaterako, Jaurlaritzak erabakitzen dituela, inork ez du aipatzen ikasketa planak unibertsitate bakoitzak egin behar dituela bereak. Non dago homogenizazioa? Non pribatizazioa?
 
Oso bitxia da baina Euskal Herriko Unibertsitateetako irakasleen aldetik ez da Bologna prozesu honen kontrako mugimendurik. Are gehiago, euskaltzaleen artean, ezker abertzaleko irakasle askoren artean prozesu hau hobetzeko aukera moduan ikusi da. Hor daude Txoli Mateosek edo Xabier Isasik, adibidez, esandakoak.
 
Orain, ikasketa planak egiterakoan ez ditugu Madrildik jarritako irakasgaiak egin behar (indarrean dauden ikasketetan gertatzen dena), autonomia izango dugu hemen eta hemengo beharrei erantzunez ikasketak egiteko. Ni, Gasteizko Irakasleen U. Eskolako irakaslea naiz eta nire inguruan ikusten dut orain aukera bat dugula euskal curriculumean sakontzeko, erdal lerroak desagertzen joateko, etorkizun hurbileko irakasleak hobetzeko prestatzeko... eta, horrez gain, unibertsitate guztian irakasleok izan beharrean ikaslea izango da dozentziaren gune nagusia. Irakasgaiak ikasleak lortu behar dituen gaitasunen inguruan eraikiko dira (eskolak, bakarka nahiz taldekako lanak, liburutegietara bisitak, azterketak... kontuan izango dira).
 
Bolognako prozesua euskaldunok dugun aukera bat da. Oraingo egitura aldatu eta berri bat eraikitzeko, oraingoarekin ez gaudelako konforme... eta datorrena, neurri handi batean, gure esku dagoelako, unibertsitatean gauden guztion esku dagoelako. Eta Unibertsitateak –edozeinek, baita datorren euskal unibertsitatek– bete behar duen prozesua denez, agian esloganetatik proposamenetara pasatzeko ordua iritsi zaigu.

Agurtzane Intxaurraga

Agurtzane Intxaurraga

Aktore bila lur azpian ere... halaxe ibili naiz egun hauetan. Halaxe dabiltza hainbat tokitan aktore euskaldunen bila. Hazia erein eta lurra jorratuz batera, ti-ta batean eguzkiratuko balira... –batzuek halaxe delako ustea dute–. Transgenikoekin konformatu errazak dira horiek, baina halakoetan bihotz errerik ez zaigu faltako.
 
Ez. Ez gara horrenbeste. Euskaraz mintzatzen garen euskaldunok ez gara horrenbeste. Are gutxiago aktore euskaldunak eta adin batetik gorako aktore euskaldunak zer esanik ez: ea ez dira... Eskuko atzamarrez kontatzen dira. Hauxe gure patua!
Gure gizartea inoiz baino aitona-amonduagoa dagoen bitartean, errealitate hori fikzionatuko duen aitona-amonarik ez. Orain berrogei, berrogeita hamar urteren bueltan daudenak hirurogei noiz izango zain gaude denok. Eta zortea alde izan dezagula adin horietara iristean buruak oraindik egoki erantzuten badigu! Baina hori beste istorio bat da.
 
Zer egin bitartean adin horretako aktoreak behar dituzten antzerki lanekin? Euskaraz egiteari uko egin edo bestela aktoreak zahartu bitartean, kaxoian sartu lanak eta hantxe utzi eurak ere zahartzen? Hauxe historia petrala: nik ere adineko aktore bat behar nuen, ezaugarri zehatz batzuk beteko zituena, eta dauden bizpahirurekin hitz egin eta gero, ezinezkoa egin zait bat lortzea. Proiektuz josiak aurkitu ditut guztiak, itota lanean: Ezin dut... Ezin dut... Aldarean, senargaia noiz iritsiko zain dagoen emaztegaia sentitu naiz, agertu behar du!, amorrarazteraino agertu behar du, oihukatuz!
 
Istorio hau adibide soila besterik ez da. Ikus-entzunezko sektoreak ere egunero aurre egin behar dio arazoari. Galdeiezu Goenkalen kastinak egiteko ardura dutenei, adibidez. Hamalau urteko ibilbide luze honetan makina bat aktore pasa da bertatik. Azken bi urteotan, ordea, benetako arazoekin dabiltza aktore berriak bilatzeko. Jose Mari eta Maria Luisaren urrezko garaiak. Nork beteko haiek utzitako hutsunea? Erronka ez da txikia. Eskuko atzamarrez konta daitezke daudenak eta badiotsuet, produktora eta antzerki talde ezberdinon artean bere biziko lehia dugu haiekin egiteko. Urrea balio dute gure fikziozko aitona-amonek. Urre gorria.
Eta bitartean, zilarrezkoak urre bihurtu bitartean, ikasten ahal dugula istorioetako aitona-amonak oporretara bidaltzen edo zeharo gor-mutuak egiten. Igualeko egongo ginen orain!

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan