2008-05-11 -- 2136.zenb
Epaiketaren tesia Baltasar Garzon epaileak abiatu zuen 2001an. Nola dago zure kontrako auzia, oro har hartuta?
Instrukzioa Garzonek egin zuen eta orain sumarioa epaitzen ari den tribunalaren esku dago, hori epaituak garen guztion kasua da. Nire kasuari dagokionez, Garzonek badu nire aurkako beste sumario bat ere abian. Abokatuek, nire kontrako bi instrukzio horiek eta beste batzuena batzea eskatu diote Garzoni, baina hori ez da zehaztua oraingoz.
Laburrean esanda: iragan irailean, Estropaden egunean, izan ziren istiluetan atxilotu ninduten eta nirekin batera Oihana Agirre. Bera horregatik dago espetxeratuta, baita Joseba Alvarez ere. Pieza horiek bereiziak dauzka Garzonek, baina auzi bidean jar ditzake edozein unean.
Ideologia eta jarrera anitzetako 200 lagunen lekukotasuna antolatu zuten defentsako abokatuek. Lehen epaiketa egunaren ondoren, 14 lagunek osatu dute talde hori . Azaldu epaiketaren nondik norakoak, arren.
Instrukzioa ixten denean defentsak badauka denbora bat lekukoa proposatzeko. Testuinguru hartan proposatutako izenak dira 200 lagun horienak, gure ikuspegitik interesgarriak. Jende guzti horren lekukotasuna ematea funtsezkoa zen eta da. Ez da gure alde lekukotasuna ematea soilik, baizik eta, inolako aurreiritzirik gabe, guk salatzen duguna ziurtatzea. Hori zen beren rola.
Hausnarketa sakona egin ondoren, epaiketa aztertu eta definitu dugunean, defentsa juridikoari uko egiteak duen garrantzia izanda, mugarri bat jarri nahi izan dugu. Alegia, ikusi dugu ez zeukala hasierako zentzurik 200 pertsona tribunalaren aurrean pasaraztea, besteak beste, espektakuloaren parte bilakatu zitekeelako. Beraz, 200 horietatik errepresio zuzena jasan duten pertsonak, familiarrak, torturatuak edo kartzelan hildakoen presoen senideak joango dira Madrilera lekukotasunak ematera.
Defendatuak izateari uko egin diozue, beraz.
Bai. Defentsaren aukerari uko egitean erabaki potoloa hartu dugu. 18/98 auzian erakunde ezberdinak ziren, zazpi pieza ezberdinak ziren, konplikatua. Epaiketa hura antolatu eta adostu zuten modura egin zen, erakundeen defentsa antolatzea eta abar... Guk, aldiz, esperientzia hori ikusita gure burua defendatzeari uko egin behar diogula iritzi dugu eta salaketa politika egitea hautatu dugu, baita AABren edo Askatasunaren defentsari uko egin ere, ez goaz Madrilera horretara. Estatua auzipetzera goaz, 30 urtetan Estatuak Euskal Herriari egindako errepresioa salatzera. Politikoki eraginkorrena delako une politiko honetan. Horregatik esan diogu tribunal horri kondenatuko gaituzue baina epaitu ez gaituzue inoiz epaituko.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1