2008-05-04 -- 2135.zenb
Apirilaren 18an, Science aldizkariak Hrvoje Petek ikerlariak Donostia International Physics Center-en (DIPC) egindako ikerketa baten berri ematen du. Bertan fulereno deritzonaren propietateak aztertzen dira, silizioarekin alderatuta dituen abantailak barne. Fulerenoa 60 karbono atomoz osatutako molekula da, baina molekularen portaera izan beharrean, atomoarena du. Horregatik, superatomo deitu diote.
Fulerenoak hutsune-tarte handiak ditu bere baitan, eta horrek aukera handiak ematen dizkie ikerlariei. Esaterako, elementuak sartzea konduktibitatea hobetzeko. Silizioak, aldiz, ez du propietate hori, hau da, silizioa den bezalakoa da eta fulerenoa mota askotakoa izan daiteke.
Fulerenoari esker osagai nanoelektrikoetan abantailak lor daitezke, eta hala, gailu elektroniko txikiagoak, azkarragoak eta merkeagoak egiterik izango da. Teoria, orain, egoera errealetan probatu beharko da, nolanahi ere.
Cleveland-eko (AEB) zoologikoko biologo talde batek Rafetus swinhoei espezieko dortoka erraldoi alea topatu du Vietnameko iparraldeko laku baten inguruan, Hanoi hiriburutik hurbil. Espezie hori, ustez, desagertuta zegoen.
Aurkikuntzak izugarri harritu ditu zientzialariak. Bertako biztanleek behin eta berriro aipatzen zuten dortoka bat zebilela inguruan, eta azkenean, biologo talde batek topatu zuen metro bateko eta 140 kilogramoko animalia, lasai-lasai eguzkia hartzen. Dortoka oso piztia garrantzitsua da Vietnameko folklorean, batez ere zorte ona ematen omen duelako. Historiak dio XV. mendean Le Loi enperadoreak, gerlari txinatarrak Vietnametik bota ondoren, ezpata galdu zuela eta dortoka erraldoi batek itzuli ziola.
Zoritxarrez, aurkitutako dortokaren haragia oso preziatua izan da jateko eta baita medikuntzan ere. Ondorioz, asko ehizatu zituzten, ustez desagertzeraino. Horregatik ez da dortoka agertu berria bizi den leku zehatza ezagutarazi. Une honetan beste hiru ale baino ez dira geratzen mundu osoan, eta hirurak zooetan bizi dira: bi Txinan eta bestea Vietnamen.
Ehun urte bizitzera ailega daitekeen animalia honen ugalketa-prozesua hasi nahi dute ikerlariak, oraingoz zooetan. Alabaina, aske bizi denbeste alerik topatzen ez bada, oso zaila izango da ugalketak arrakasta edukitzea.
Orain arte gauza jakina zen oxitozina izeneko hormonak zerikusi zuzena zuela maitemintzeko prozesuan, baita orgasmoaren sentsazioan edo seme-alabenganako maitasunean ere. Baina AEBetako Kaliforniako Claremont Unibertsitatean egindako ikerketa batek erakutsi duenez, aurreko eragin guztiez gain oxitozinak pertsonen eskuzabaltasuna handitzen laguntzen du, %80raino gehituz.
Tasmaniarrak ditut Dicksonia antarctica bizikide berriak. Han hamabosteraino hazten omen den garo zuhaiskara, gure etxean, asko jota, hiru metrorainokoa egingo dela iruditzen zait. Argi ibili, hala ere, klima aldaketarekin. Egitekoa den edozein landaketaren ezaugarriak erabakitzerakoan etorkizunean pentsatu, derrigor kontutan hartu beharrekoa da etengabeko aldaketaren norabide hau. Aldatu, klima beti aldatu baita; eta aldatuko al da! Oraingo klimaren berotze, lehortze, ekaizte honetan geurera ekarrita, ez al gatzaizkio etorkizunean gure lurren andere eta jabe izateko zidorra garbitzen ari tokitakoari, antipodakoari?
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1