Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-04-27 -- 2134.zenb

Sant Jordi eguna

Kataluniako liburugintzaren patroi

Aritz Galarraga

argazkia

Nuria Juan Serrahima

Per Sant Jordi, un llibre i una rosa. Hala dio tradizioak: apirilaren 23an, Sant Jordi egunez, liburu bat eta arrosa bat oparitu behar direla, mutilak neskari arrosa eta neskak mutilari liburua. Gaur da eguna, ordea, denek denei liburu eta arrosa bana oparitzen dietena, landare eta liburu industriaren mesedetan, pentsa daiteke. Eta, honezkero igarriko zenioten, erreportaje honetan ez dugu arrosetaz hitz egingo. Bai, aldiz, liburuez eta, besteren gainetik, Sant Jordi egunak Kataluniako liburuaren munduan duen esanahiaren eta pisuaren inguruan.

Egun handia da Sant Jordi katalanentzat: lanera berdin-berdin joan beharra duten arren, ez da bestelako egun bat, bai baitakite lana bukatzearekin bat kalera irten eta liburuz mukuru diren mahaitxoak bisitatzeko aukera izango dutela, nork daki, akaso ordurako arrosa bat eskuan dutela. Mahaitxoak bisitatu, paseo gozoan, edota egun osoan antolatzen diren hamaika ekitaldietako batera joan: irakurraldiak, idazleen sinadura ekitaldiak, argitaletxeek ordaindutako zizka-mizkak… Liburuaren festa baita apirilaren 23a Katalunian. Egun seinalatua, batzuek zein besteek irrikaz espero dutena.

Eta egun handia da Sant Jordi liburugintzan lanean diharduten agenteentzat ere. Euskaldunok Durangoko Azokari begira egoten garen bezala, Sant Jordi eguna du ikusmiran liburuaren industriak Katalunian, begi bistako arrazoiengatik: “Urteko liburu salmenten %40 inguru fakturatzen dugu Sant Jordi egunean eta aurreko asteak hartzen dituen kanpainaren baitan”. Anna Tomàs, Columna argitaletxeko arduradunaren hitzak dira horiek, eta ez dira inondik ere salbuespen. Hitz egin dugun gainontzeko argitaletxeek ere, kopuru zehatzik eman nahi izan ez duten arren, aitortu dute Sant Jordi egunaren inguruan egiten diren salmentak zifra garrantzitsua direla urte osokoen baitan.

Konpetentzia basatia

Egun horri begira egoten dira Kataluniako argitaletxeak eta egun horri begira publikatzen dute urteko katalogoaren zati handi eta aipagarri bat. “Basatia da konpetentzia” adierazi digu Isabel Martí La Campana argitaletxeko editoreak, “ez liburu saltzaileek, ez eta kazetariek ere ezin diote argitaratzen den eskaintza guztiari erantzun. Gure argitaletxean saiatzen gara, exijentzia mailari traizio egin gabe, data horietan liburu batzuk erreferentzia izan daitezen urtero”. Argitaletxe guztien nahia da hori, Sant Jordi eguneko oihanean beren lekutxoa egitea. “Gainera”, jarraitzen du Martík, “Sant Jordi egunean leku on bat lortzen duen liburuak salmentak luza ditzake hurrengo hilabeteetan”.

La Campanak urtean 18 bat liburu publikatzen ditu eta apirilaren 23rako saiatzen dira 4 eta 8 liburu artean kaleratzen. “Gero, noski, lan egin behar da gogor, liburu horiek denda eta komunikabideetan ongi azal daitezen”, dio Martík. Balore seguru bat dute argitaletxean, Josep Maria Espinàs idazle beteranoa. Azken 54 urteetan liburu berri bat atera du apirilaren 23aren karietara eta egun horretan beti egon izan da irakurleen ondoan, liburuak sinatzen. Bere lanak urtero ageri dira salduenen artean, eta orain gutxi kaleratu duen El meu ofici (Nire ogibidea) liburua ere aurtengo kiniela guztietan sartzen da, nola ez.

Sergi Masferrer Quaderns Crema argitaletxeko arduradunaren arabera, “publikazio etxe handiak Sant Jordi eguneko salmenten menpekoago dira, argitaletxe txikiak baino”. Sergi Pàmies idazlearen azken ipuin liburua, Si menges una llimona sense fer ganyotes (Limoi bat jaten baduzu imintziorik egin gabe), izan zuten Quaderns Cremakoek iazko libururik salduena. Aurtengo ediziorako ere ez dute nolanahiko kartela: lehenik eta behin Quim Monzóren azken liburua, Mil cretins (Mila ergel); iaz Kataluniako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen La força de la gravetat (Grabitatearen indarra), Francesc Serés idazlearena; eta Jonathan Littell 2006ko Gouncourt sariaren katalanezko itzulpena, Les benignes (Onberak). Nobedade gutxi, beraz, baina ez makalak.

Liburu mediatikoak

Columna argitaletxera itzuliz, Sant Jordi eguna “intentsitate handiz” bizi dute, Anna Tomàsen hitzetan. Denbora askorekin hasten dira prestatzen: lehenik eta behin kanpainaren ardatza izango diren liburu garrantzitsuenen hautaketa egiten dute, editoreen, komertzialen eta komunikazio arduradunen artean. Behin hori definituta, komunikazio kanpaina indartsua egiten saiatzen dira: publizitate asko sartzen dute idatzizko komunikabideetan, telebistan eta irratietan. Aurtengoan, Ferran Torrent valentziarraren Només socis (Kideak soilik) edota Ramon Llull sari garrantzitsua irabazi duen Najat El Hachmi-ren L’últim patriarca (Azken patriarka) dira nobedade nagusiak.

Horiez gain, liburu erosle katalanen artean arrakasta nabarmena duten liburu mediatiko zenbait ere kaleratu ditu Columna etxeak. Hiru talde handitan sailkatzen baitira Sant Jordi eguneko liburuak: fikziozkoak, ez-fikziozkoak eta mediatikoak. Aurpegi ezagunek “idatzitako” liburuak sartzen dira azken talde horretan eta saldu behintzat ugari saltzen dira. Tomàsen argitaletxeak Andreu Buenafuente eta Manel Fuentes telebista aurkezleen liburu bana atera ditu, adibidez.

Pilar Beltran Edicions 62 argitaletxeko editorearentzat Sant Jordi “mundu editorialaren festa da, liburugintzan ari garen guztiok (autore, editore, kazetari) elkartzeko eguna, bai eta idazle eta irakurleen arteko harremanen eguna ere”. Beltranen hitzetan, “egun horri begira apustu editorial konkretu batzuk egiten dira, aurtengorako berriki hil den Josep Benet-en memoriak, esaterako, baina saiatzen gara urtean zehar oreka mantentzen, eta beste data seinalatu batzuk ere (Gabonak, ikasturte hasiera, uda) indartzen”.

Hala ere, han eta hemen errepikatzen den kontu bat aipatu dute katalanez argitaratzen duten argitaletxeek: oraindik orain gaztelaniazko liburuak katalanez idatzita daudenak baino dezente gehiago saltzen direla. Baina ezagun egiten zaigu hori, ezta?

Erantzunak

Espainiarrak ederki tapatzen duten eguna, beraiek Cervantes saria eman, eta Kixote irakurketak eta errege eta ostia guztiak sartu telebistan eta zer geratzen da besteentzat ?

Malon 2008-04-24 13:30:56

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan