2008-04-27 -- 2134.zenb
Aurten ere, udaberriarekin, iristen hasi dira argitaletxeetako likidazioak euskal idazleen postontzietara, eta kontuan baldin badugu egileak liburu salduaren %10 jasotzen duela, hau da, kafe bat gutxi-asko liburu bakoitzeko, eta kontuan baldin badugu salmenten beheranzko joera, hortik segi dezakegu euskal idazleak ez duela irrika handiz espero postariaren etorrera, sarritan horri halako depresioak segitzen baitio. Esanguratsua da, baina Banco Atlántico edo Caja Madridekoak izan daitezke euskal idazleak euskal argitaletxeetatik jasotzen dituen txekeak; esanguratsua da, baina egile eskubideak kobratu ahal izateko gutxienez 30 eurokoak izan behar dute, bestela kopuru barregarri hori hurrengo urtekoari gehitzen zaio; eta esanguratsua da, finean, batzuetan euskal idazlea pozarren joaten dela txekea kobratzera, baina hara non esan dioten: “Barkatu, baina hau ez da txeke bat pagakizun agiri edo pagaré bat baizik, eta bertan ageri den data arte ez dago kobratzerik”: eta pagakizun agirian uztaila edo abuztua ageri.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1