Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-04-20 -- 2133.zenb

Tulipanen burbuila

Nagore Irazustabarrena

argazkia

Holanda, 1636 eta 1637. Historiako lehen burbuila espekulatibotzat jotzen dena gertatu zen. Holanda aitzindaria zen finantza kontuetan; urte batzuk lehenago, 1602an, Amsterdameko burtsa sortu zen Ekialdeko Indietako Konpainia Holandarraren eskutik. Berez, munduko lehen burtsa Anbereskoa (Belgika) dela esaten da –1460an sortua–, baina Amsterdamekoa izan zen aktibo finantzarioekin negoziatzen lehena. Eta herrialde horretan izan zen, halaber, historiako lehen porrot finantzarioa.

Baina porrotaren jatorrian ez zegoen ez higiezinik, ez lehengairik, ez antzekorik, tulipanak baizik. Tradizioak dio Otomandar Inperiotik ekartzen ziren landareen prezioa izugarri handitu zela, Holandako nobleziak eta burgesiak eskaera puztu zutelako. Produktu desiratua zen, baina artean ez zen Holandan bertan eskaera asetzeko kopuruan lantzen; eskaerak gora egitean, inportazioek ere gora egin zuten eta, nola ez, prezioek. Gero, bat-bateko jaitsiera etorri zen, eta horrek herrialde osoko ekonomia kolapsatu omen zuen.

Anne Goldgar historialariak Tulipmania izenburuko lanerako egindako azterketak krisia benetan askoz apalagoa izan zela dio. Tulipanek, inbertitzaile batzuek etekin bila zabaldutako bide berria azken batean, uste baino garrantzi txikiagoa zuten holandar ekonomian; jaitsierak ez zuen porrot orokorra ekarri.

Hala ere, Goldgar-en ustez, tulipanen aferak konfiantza krisi garrantzitsua sortu zuen holandar kapitalismoan. Tulipanekin egindako operazio asko egun etorkizunerako kontratu moduan ezagutzen ditugunak ziren, hau da, inbertitzaileek produktu jakina erosteko konpromisoa hartzen zuten, produktu hori eskuragarri izatean. Tulipanen prezio igoera ikaragarriaren ondorioz, ordea, gehienek konpromisoa haustea erabaki zuten.

Harreman ekonomikoak goitik behera aldatu ziren orduan. Parteen arteko konfiantza hutsean oinarritutako konpromisoak ez zuen jada baliorik. Hortaz, konpromiso objektiboagoak bilatzen hasi ziren.

Higiezinen burbuila eta horren ondorioz ustez gainera datorkigun krisialdia denon ahotan dabiltzan garai hauetan, hainbatek iraganera jotzen du analogia bila. Gutxik egiten du atzera, dena den, 1929ko crack ezagunetik harago. Eta XVII. mendeko tulipanetan ere badago finantza-lezio eredugarririk.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan