Astekaria

 Diskoak 

Folk-rock amerikarra Ibardinekin mugan

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2133. alea
2008-04-20
alde 0    kontra 0
Pobre gara diskoa
Pobre gara diskoa

Joseba Irazoki & Belardian ::Pobre gara

Hirusta

iraupena ::50’50’’

prezioa ::13.95€

Irazoki mila batailatan eskarmentua hartutako musikaria da; are gehiago, Berako musikarien leinukoa ere bada. Dozena bat proiektu aldi berean eramateko gai da, beti ere emaitza dotoreekin. Inguruko beste bi musikari eskarmentudun bere izena belardian daraman proiektura batuz folk eta rock amerikarra gurera hurbildu dituzte. Horrez gain, Onddoren garaiko pop-rocka, countrya edota emaitza rockero eta gitarreroagoak ere landu dituzte. Bestalde, bitxia da Zuberoako abeslarien –Niko Etxart bera ez litzateke urruti ibiliko– erregistro antzekoa hartu izana. Mikel Errazkinen laguntzarekin, emaitza zeharo borobildu dute. Hitzetan oraingoan ere Bitoriano Gandiagaren poemak dira enbor nagusiena, baina badira, Sarrionandiak batutako poemak eta Mikel Tabernaren idatziak ere, besteak beste.

«Nahiz eta zeharka izan, inoiz egin dudan diskorik politikoena da»

Zer aurkitzen du Joseba Irazokik belardian? Emankorra izan da taldean lan egitea?

Belardi gisako oinarri sendoa izan da taldea niretzat. Egia da, beti ere, beste pentsamoldeekin lan egitea ez dela erraza, baina ondo moldatu gara eta emaitzarekin gustura gaude.

Konponketa eta sonoritate ugari daude kantuen baitan. Mikel Errazkinen aukeraketa izan da? Zein izan da bere egitekoa?

Diskoa hirukote moduan prestatu dugu lokalean, baina estudioan kantak gehiago janzteko gogoa nuen. Mikelek hasieran ez zuen argi ikusten, baina gustura gelditu da. Nirekin batera ekoizpen lana egin du. Instrumentu guztiekin lan egin du, baina batez ere ahotsen ekoizpenean.

Ardiek ez al dute Ibardineko muga ikusten? Eta Josebak, ikusten al du horrelakorik musika idazterakoan?

Hobeto ardiek ez badituzte ikusten… eta nik, ba kontzienteki ez dizkiot mugak jartzen nire musikari; gauza desberdin asko egitea gustatzen zait. Baina, baliteke gaur egun dagoen informazio pila azkenean muga gisako bat izatea sortzen ari garenontzat.

Gerra, Bakea, Mugak… Saihestezina da, hitz politikoak egin nahi izan ez arren, non bizi garen gogoratzea?

Bai, zaila da zerbait esan eta bizi dugun egoera bizi izanda gai hauek ez aipatzea. Egia da nahiz eta nahiko zeharka izan inoiz egin dudan diskorik politikoena dela; batzuk hitz potoloak dira, baina zeharo identifikatzen naiz.

Bidasoa da zuen Ganges partikularra edo ez duzue hainbeste miresten?

Gure herrietatik pasatzen den ibaia izanda asko maite dugu, horrelako lekuetan bizi garenontzat natura oso garrantzitsua da. Musika egiterakoan hori nahiko nabaritzen dela uste dut.

Zertan datoz bat Bitoriano Gandiaga eta Joseba Irazoki?

Ez dakit, baina beti esaten dut bere poemak oso musikalak iruditzen zaizkidala eta horregatik aukeratzen ditudala. Orduan, musika izango dugu ezaugarri komuna.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza