Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-04-20 -- 2133.zenb

Maltzagatik

Arrasate: gobernatzea gaitzestea baino gaitzagoa da

Xabier Letona

Iñigo Urkulluk EAJren lidergoa eskuratu zuenean jeltzaleen baitan kontsentsuaren irudia gizarteratu zen, jakinda ere sumendi barruan labak borborka jarraitzen zuela. Hauteskunde emaitza txarrak, Arrasateko zentsura mozioarenak eta Txabarri-Jauregi aferak, tentsioa berriz azaleratu dute indarrez. Amorrazioa eta barne borroka –ez lehia bakarrik– gupidagabea da berriz islatzen ari dena, batez ere Gipuzkoan, eta zeharka baita EAJ osoan ere.”Egibarren beroaldia”, Txabarriri alderdia uzteko gonbitea, Arrasateko zentsura mozioa dela eta EBBren erabakiekiko desadostasuna... Irudi aldetik harrigarria herritarren artean eta latza EAJ zaleentzat.

PSEko buruzagiak, aldiz, pozarren dira egoeraz, jeltzaleen ahuleziak hauekiko akordioetan abantaila ematen dietelakoan batetik, eta bestetik, “ari ari ari Patxi lehendakari” leloa gizentzen duelako.

Bitartean, kontsulta dela eta Jaurlaritzaren bide orriaz diren zalantza gero eta sendoadoek Ibarretxe lehendakariaren lidergoa higatzen jarraitzen dute. Hirukoaren baitan kontsulta indargabetzeko adierazpenek –Ardanza, Galdos, Madrazo...–, halaber, Ibarretxeren posizioa ahultzen laguntzen dute. Indefinizio egoerak, dena den, ezin da gehiegi luzatu; Moncloako iturrien arabera, bederen, Jose Luis Rodriguez Zapaterok maiatzerako du aurreikusia Ibarretxerekin biltzea eta pentsatzekoa da ordurako lehendakariak argi adierazi beharko diola Zapaterori bere bide-orria zein den.

Arrasateko zentsura mozioarenak jarraituko du, antza, eszenatoki politikoaren ardatz egunotan. Eta ikusten den moduan, kontu bat da bat egitea Isaias Carrascoren hilketaren arbuioan eta gaitzespenean, eta oso bestelakoa, batasun hori gobernagarritasunerako ardatz bilakatzea. Hipotesi uherretan sartzeko arriskua dago halakoetan, baina ETAk Carrasco arrasatear militante sozialista hautatu izana, ez dirudi auzaz hartutako erabakia. Min egitea eta hor dagoela erakusteaz aparte, badirudi bere jarduna arbuiatzen dutenen barne kontraesanak ere haizatu nahi izan dituela.

Datorren astean Arrasateko Udalean zentsura mozioa aztertuko dutenean, ia bi hilabete igaroak izango dira martxoaren 7an Carrasco hil zutenetik. Egoera politikoaren eta herrietako errealitatearen konplexutasunaren agerle dira egun horiek guztiak. Oraindik argi dagoen bakarra PSE, EAJ eta PPko zinegotzien jarrera da. EB, Zutik eta EAkoak zalantzan dira eta Aralarrekoak adierazi du jada ez duela mozioarekin bat egiten. Oso posible da Arrasateko Zutik eta EBko batzarrek zentsura mozioaz bat ez egitea eta sostengatuko balute ere, ezin da zinegotzien dimisiorik baztertu. Eta mozioa gauzatzen bada, EBk, Zutikek eta EAk sostengatu behar dute hiru urtez Gobernu berria?

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan