Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-17 12:24:53
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-04-20 -- 2133.zenb

Gaindegia

Euskal Herriko behategia indartzen ari da

Daniel Udalaitz

argazkia

Juan Carlos Ruiz / Argazki Press

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, 2007 Txostena aurkeztu du, bere lehenengoa. Bertan, besteak beste, Euskal Herriko errealitatea islatzen duten 25 adierazle soziodemografiko eta makroekonomiko biltzen dira.

Gaindegia finkatze garaian dago jada; duela lau urte sortu zenetik, bilakaera handia bizi izan du zuzendaritzaren lanari, bazkideei eta zenbait erakunderen laguntzari esker. Horren erakusgarri dira egindako lanak, dosierrak eta txostenak. Azken adierazlea joan den apirilaren 4an aurkeztutako urteko txostena izan da, Gaindegia 2007, txostena-report, alegia. Hemendik aurrera urtero kaleratuko da Euskal Herrian gehien hitz egiten diren hiru hizkuntzetan, hau da, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.

Nazioaren kohesiorako adierazleak aztertzen

Behategi honetako lehendakariak, Xabier Isasik, arduradunen apustua laburbildu du apirilean aurkeztutako azkeneko txostenaren sarreran. “Gaindegiak, lan honen ildora, hiru gogoeta esanguratsu egin ditu. Lehenengoa, aurretik ere ezagutzen genuena, ez dagoela Euskal Herri osoari buruzko informaziorik ia. Bigarrena, desberdintasunak egon arren, gehiago direla Euskal Herriko lurraldeak batzen dituzten elementuak. Eta hirugarrena, aurrekoari lotuta dagoena, ekonomia eta gizarte eremuan are eta joera handiagoa dagoela Euskal Herriko lurraldeak beren artean erlazionatzeko. Hain zuzen ere, kohesio elementu horiek aztertu nahi ditugu”.

Argitalpen honen xedea ez zen soilik informazioa biltzea. Datu estatistikoak antzuak dira inork interpretatzen eta erabiltzen ez baditu. “Argitalpen honekin hori lortu nahi dugu, hain zuzen ere –dio Isasik–, bildu eta interpretatu ditugun datuak gizarte eta ekonomia eragileen eskuetan uztea, haiek erabil ditzaten”. 2007 Txosten honek oinarrizko bi irizpide izan ditu: bata, Euskal Herriko informazio esanguratsuena eta osoena argitaratzea; eta, bestea, informazio erabilgarria eta ulergarria eskaintzea formatu eroso eta atseginean.

Pobrezia arriskuaren tasa, enpresa inbertsioa, BPG...

Txosten horretan, beste eduki batzuen artean, adierazleen oinarrizko galeria nabarmentzen da. Euskal Herriko errealitatea islatzen duten 25 adierazle soziodemografiko eta makroekonomiko biltzen dira. Horretarako, alderaketak egiten dira Europako Batasuneko, Amerikako Estatu Batuetako eta Japoniako beste datu batzuekin. Adibidez, adierazle horien artean daude biztanleria, BPG, I+G gastua, pertsona aktibo bakoitzeko errenta, enplegu tasa (emakumezkoena barne), pobrezia arriskuaren tasa, enpresa inbertsioa, zientzia eta teknologietan graduatuak, eta abar.

Txostenak, gainera, urteko beste gai estrategiko batzuei buruzko erreportajeak eta analisiak ere biltzen ditu. Adibidez, errepide sarea, teknologia, garapena eta berrikuntza, saltoki txikiak, lanbide heziketa, eta abar. Bestalde, 2007an Euskal Herriari buruz argitaratutako ikerketa lanen laburpenak ere aurki daitezke, ugalkortasunaz, nekazaritzaz, zenbait adierazle makroekonomikoz, egitura adierazleez eta Baiona-Donostia lan merkatuaz dihardutenak. 2007 Txostenaren beste atal batean, kazetarien iritziz urteko berri nabarmenenak izandakoak ere biltzen dira, baita horiei buruz kazetariek dituzten iritziak ere: AHT, laneko ezbehar tasa, hazi transgenikoak, hipotekak, sozietateen gaineko zerga, eta abar. Bukatzeko, urteko aipamen garrantzitsuak biltzen dituen atal bat dauka, eta horrek sozioekonomiarako oinarrizko direktorioa eta behategiaren argitalpenen katalogoa ditu.

Nazio mailako eta lekuko dosierrak

Azken urteetan, Gaindegiak zenbait dosier landu ditu eta orain interesa duten pertsona eta erakundeen eskura daude. Esparru nazionaleko zein tokian tokiko gaiak lantzen dira. Esaterako, ondoko dosierrak aurki daitezke: Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendua; Ipar Euskal Herriko ekonomia; Euskal Herriko gazteria; Euskal Herriko demografia eta ugalkortasun tasa; Euskal Herriko nekazaritza; Euskal Herria, Europar Batasunaren hego-mendebaldera dagoen nazioa; Nafarroa eta Deslokalizazioa.

Laguntzaileak

Proiektu horiek gauzatzeko –dagoeneko batzuk burutu dira–, zenbait erakunderen eta bazkideen laguntza du Gaindegiak. Honako hauek nabarmenduko ditugu: Hemen Elkartea; Ataungo, Adunako eta Etxalarko udalak; Bizkaiko Foru Aldundia –Ekonomia Sustapenerako Saila–; Gipuzkoako Foru Aldundia –Gizarte eta erakunde gaietarako Saila–; Euskal Herriko Unibertsitatea; Ipar-Hegoa Fundazioa; Eusko Jaurlaritza; Iparraldeko Euskal Irratiak; Nabarra aldizkaria; Udako Euskal Unibertsitatea eta Udalbiltza-Udalbide.

Gaindegiara jo nahi baduzu:
3 www.gaindegia.org
3 gaindegia@gaindegia.org
3 Tlf: 943 30 43 65 (Andoain, Gipuzkoa)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan