2008-04-20 -- 2133.zenb
Bizarra Lepoan
Berbalagunako batzuek eskatu zuten, euskara erabili bai, baina bizkaiera izan zedila. Lehen pausoa bizkaiera ikasteko ikastaroa. Getxoko Egizu elkarteak antolatu du Labayru Ikastegiarekin batera. Iazko urrian hasitakoa maiatzean bukatuko dute.
Getxon (Bizkaia) hamabi urte daramatzate berbalaguna ekimenarekin. Egizuren –Bizarra Lepoan euskara elkartea eta Getxoko euskaltegiak– eskutik, orain, 200 bat lagun dabiltza. Berbalagun guztiak euskara batuan dira. Getxon, eta orokorrean Uribe Kosta eskualdean, gutxi mintzatzen dira bizkaieraz eta are gutxiago tokian tokiko hizkeran. Bertako hizkerak kalean entzuten ez badira berbalagunean oso nekeza dute bestelakorik egitea. Alabaina, berbalagunako ikasle batzuk tematu ziren eta Getxoko hizkera eta baita Uribe Kostako gainerako herrietako hizkera ere ikasi nahi zuten.
Eskaerari erantzun asmoz, Egizuk eta Labayru Ikastegiak 2007ko urritik aurtengo maiatzera arteko ikastaroa antolatu zuten. Hasierako intentzioa eskualdeko hizkerei buruzko ikastaroa egitea zen, baina laster ikusi zuten ehun orduko ikastaroa antolatzeko materiala hain agudo prestatzea zaila izango zela. Bestalde, ikastaro zehatzegia egiteak ikasle kopurua asko murriztuko zukeen.
Beraz, bietarik egin dute; batetik, eskualdeko hizkerak landu dituzte eta bestetik, eta batik bat, bizkaiera arautua irakatsi dute. Ikasleak –gehienak 30 urte ingurukoak– ikastaroko orduen erdietan teoria ikasten aritu dira, hau da, bizkaiera arautua ezagutzen. Ondoren etorri da gustagarriena, praktika, batzuetan entzumena eta bestetan mintzamena. Entzumena lantzeko gonbidatu bereziak izan dituzte ikasgelan. Uribe Kostako eta beste eskualdetako jendea ekarri dute zerbaiten inguruan berbetan egitera. Gaia gutxienekoa da, kontua zen bizkaiera kolore desberdinak aditzea. Hala, besteak beste, Erandio, Sopela, Bakio, Getxo, Arratia bailara eta Ondarroatik heldu dira gonbidatuak. Eta entzun eta gero hitz egin. Ikaskideak baliatu behar bizkaieraz aritzeko, gainerakoan, kalean, oso aukera gutxi dutelako. Ikasleren batek edo bestek senideren batekin edo lagunen batekin badu aukera bertako hizkeran aritzeko, baina adineko batzuk salbu ez dago ia mintzakiderik.
Lander Solozabal ikastaroaren antolatzaileari galdetu diogu ea datorren urtean ikastaroari segida emateko asmorik baduten. Ez dute erabaki ikastaroaren bigarren ikasturtea egin ala ez, baina buruan beste gauza bat darabilte, bizkaieraz aritzeko berbalaguna, hain zuzen. Ikastaroan dozena bat ikasle hasi ziren, apirilean zazpi-zortzi batek jarraitzen dute eta asmoa da taldetxo horrekin maiatzean bertan lehen aldiz bizkaierazko berbalaguna abian jartzea.
Bizarra Lepoan elkarteak webgunea dauka (www.blogari.net/bl) eta han ikastaroei buruzko kronika batzuk jaso dituzte. Euskara batuaren eta euskalkien gaia dela-eta, norbaitek aipatu du ea zenbateraino landu behar diren euskalkiak euskara batua izanda. Hortaz zein iritzi duen galdetu diogu Solozabali eta hauxe esan digu: “Batuak egin du bere bidea komunikabideetan, irakaskuntzan, administrazioan... Bada garaia euskalkiak prestigiatzeko, izugarrizko aberastasuna da hori, koloreak dira, euskarak daude. Pena litzateke galtzea. Gipuzkoan eta Nafarroan, adibidez, hitanoarekin ari da gertatzen hori eta pena da”.
Getxo aldean euskaldunberriek segiko dute euskara batua ikasten, hobetzen eta horietako batzuek bertako hizkerari ere helduko diote, egunen batean, herriko agureak eta beraiek elkar ulertuko dutelakoan.
Zuzenketa txiki bat besterik ez: ikastaro hau ez du Egizuk antolatu, Bizarra Lepoanek baizik. Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkartea da. Egizu elkarteen elkartea da (Bizarra Lepoan eta Getxoko 3 euskaltegiak). Mila esker Onintza eta Argiako kideak artikuluagatik.
Lander Solozabal 2008-04-18 11:24:22Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa