2008-04-20 -- 2133.zenb
Maddi Soroa
Goizueta (Nafarroa), 1959. Leitzan bizi da hamabi urte zituenetik. Lurra bere amorantea dela dio Patziku Perurenak. Baserrian sortua izaki, asko ibili zen larrean bakarrik haurtzaroan, baita ere gaur egun. Lurrarekiko atxikimenduak liluratua bizi da: faunak eta animaliek bizi dute; txoriek, xomorroek, arbolek, errekek, landareek... Arbolei begira edo erreken soinuari adi. Dakiguna ikasten (Alberdania) saiakera dugu horren lekuko. Liburuan eta elkarrizketan ageri denez, ez da gizarteari bizkarra emanda bizi ordea. Inork uste bazuen lurrak irentsi zuela, oker dabil.
Dakiguna ikasten liburuko azalaren irudi-argazkia ezaguna egin zaigu: “Kanpotik barrura etortzen den argitasun hori, ezta? Asko gustatzen zaidak bai. Inozentziarekin lotu zitekek, haurtzaroarekin. Kanpotik sartzen den argitasun hori, norberaren baitako errotan lan egiten duena. Literatura edo sortze lana horren isla modukoa duk” diosku Patziku Perurenak.
Azalean agertzen dena arruka da, ardiborda bateko harleihoa: “Harria maite diat. Zenbat borda eta zenbat pareta ikusi ote ditut, eta sekulan ez nauk aspertu. Arrukaborda izen galdua ere jaso diat liburuan. XVIII. mende bukaeran altxatutako ardibordak dituk. Arruka eta leiho txiki horri buruzko azalpenak eman ditiat eta filologo eminente horien erantzunaren zain geratu”.
Filologoak beti etsai Patzikuk!
Artikuluotan badira filologoen kontraesanei buruzko kontuak, baina geure akatsei buruzko introspekzioa ere egin diat. Gu biok hizketan hasi garenetik kontraesanean harrapa gaitzakek edozeinek. Hitza bera duk gure lehen kontraesana, irudipen hori izaten diat nirekin beti. “Hitz egitea, erratzea dela” zioen Pessoak. Horra hitzak bere baitan daraman ezina.
Beste alderdi engainagarri bat ere badik hitzak. Hik arbola izena ikasi, eta baso osoa ignora dezakek, landare klase bakoitzaren izen eta ñabardura guziak arbola izenpean estaliz. Ikasten dugun apurra, gainerako guzia despreziatzeko egiten baitugu. Ez zekiat nola esplikatu, baina, ederki nozitzen ari naizela bai. Esate bateko, gure semeak arbola hitzarekin, askoz ere gehiago dakiela uste dik Lakoizketak bere bizi guziko lanekin baino.
Filologoekin harreman tirabiratsuak hor dirau hala ere.
Maitale-arerio harreman ernagarri hori gustuko diat. Maite ditiat filologoak, harreman polita diagu. Nire ignorantziatik, haiek eminentziak izaki, huskeria batzuk ekartzen ditudala onartzea eskatzen zieat. Baina, gehienetan ignoratzen naitek. Bazekiat master bat egin gabea edo doktoratu gabeko tipo baten izena aipatzea ez dela batere ohorezkoa, baina lan bat egin badiat, argi pixka bat ekarri badiat aitor dezatela gutxienez.
Arbola eta zuhaitza, esaterako.
Baita. Zuhaitza, erdarazko arbol bravo besterik ez duk. Erdiko enborra zuzen-zuzena duen arbol klase oso jakina. Zurajetako eta materialetako apropos aldatu eta zaintzen dena, azpiadarrak kenduz bakanduz, eta ondorik egokienak aurrerako utziz. Zur-gaitza hori duk. Zura eta gaitza. Gaitza kasu honetan altura izanen huke batik bat. Baina orain zuhaitza hartu ditek hitz generikotzat, arbola ordez. Gernikako Arbola kantua lekuko. “Adoratzen zaitugu arbola santua”. Nazionalistek ikurtzat hartu ziaten eta zerbaitetan arrazoi eman beharko zaiek ez? (Kar, kar, kar...).
“Bere kezkei buruz idatzi du Patziku Perurenak” irakurri genuen liburuaren aurkezpena kari.
“Idazle bat bere buruarena egiten” edo horrelako zerbait idatzi du Bixente Serrano Izkok liburuaz. Alegia, “Patzikuk adierazi nahi ziguk badagoela zinezkotasun bat”. Mundu hau ez dela teatro hutsa. Ongi. Bazekiat. Kontraesana duk hori ere. Baina, ni hizketan ari naizela, solaskideak agudo nabaritzen dik noiz ari naizen hipokresia betean, noiz pasioarekin, noiz barrendik. Nik horri inportantzia ematen zioat bizitzan eta literaturan. Nire literatura errealitatetik sortzen duk, eta errealitatearekin ondo moldatzen ez naizelako idazten diat. Askoz libreago, osoago, sentitzen nauk literaturan, errealitatean baino.
Dena dela, teatro hutsa maite duten horiei, uki iezaiek hik nahi ez duten puntturen bat, eta inor baino xitalago jarriko zaizkik serio-serio segituan. Orduan? Besteok ironia zer den ez bageneki bezala!
Atxaga eta Egañarentzako hitz gozo samarrak izan hituen aurkezpenean Gorrotorik bai? artikuluaren kariz. Euren abegiaren ordainez edo...
Ironia pixka bat erabili behar eta nola pasatzen diren kontuok... Aipamen horrek zerbaiterako balio izan zian, antza. Atxagarena eta Egañarena aipatzean fintasunak funtzionatu zian. Kazetariak galdezka hasi zituan segituan: “Hori egia al da?” Nire kolkorako esan nian: “Patziku gizajoa, ez duk balio gezur saltzeko”.
Alegia...
Ironia hor zegok. Eta ironiaren ezinak ere bai.
Orotariko Euskal Hiztegia hizpide. Honekiko ere ez duk erabateko sosegurik.
Lan handia egin ditek. Hizkuntza idatziaren corpusa egitea ondo zegok. Oraindik gauza asko jaso gabe zeudek noski. Ahozkoari oraindik ez zaiok behar bezalako traturik eman. Oro har tratamendu puristegia. Ibon Sarasola eta besteak ohartu dituk horretaz, halere. Esaterako, Juan Martin Elexpuru hartu ditek atzenaldera aintzat, Bergarako Hiztegian, alegia. Baina, oraindik asko zagok egiteko euskara naturaltze aldera: ordaindu/pagatu, aholku/kontseju, atseden/deskantsu… Sabino Aranak sortu zuen hartatik erruz mejoratu diagu, baina kasik beste hainbeste falta diagu hizketa naturaltze aldera. Goizuetako berendua, pukadua, dañua eta beste asko ez badira euskara, nora goaz?
Herrietako artxiboak Patzikuren bisitaren esperoan.
Birjinak zeudek-eta kasik (kar, kar, kar). Gaur dauden aurrerapenekin, udaletxe bakoitzak bere artxiboa digitalizatzeko ardura hartu beharko likek. Elizako ondasunak eta artxiboak ere hor zeudek. Begira, ni aspertuxea nagok gauzok behin eta berriz esaten. Ortega y Gassetek esaten zian, ongi esan ere: herri batek, bere diziplinaren mailako kultura izan ohi duela. Ez alferrik, gurean behintzat. Beti hutsetik hasi beharreko sentsazioa, bai tristea dela! Oraintxe hasi gaituk Herri Literaturakoak, irratietan jasotako ahozko artxiboen bila, eta kasik deus ez zagok taxuz jasotakorik. Eta ez noski Francok galarazi digulako. Hil ondotik eta okerrago.
Poeta gazteak goraipatu dituzu liburuan: Kirmen Uribe edota Sonia Gonzalez... Zure gogaideak ere ageri dira.
Gogaideak? Bai, gustuz leitu ditudanak. Eta Uribe eta Gonzalez berriz, pasadan bezala, egungo maskulinitate/feminitate kontuak ironia apur batekin iradokitzeko erabili nizkian, behin, eskura etorri zitzaizkidan bi poema zirela medio. “Boterea zor didazunean, erabil nazazu” edo holako zerbait esaten ziok Soniak Kirmeni, baina, Kirmenek erantzuten ziok aurrez imajinatutako perfekziorik ez dela inoiz gertatzen ohean.
Hi hire moduan ondo...
Ni ere poeta sentitzen nauk bai, askotan. Baina, poesia bihurtzeko, denbora eta dedikazioa behar, beste edozein gauzatan bezalaxe... Orain gainera, herri literaturan eta artxiboetan nabilek, eta ez diat bestetarako denborarik. Eta sorkuntza librea beste gauza duk.
Zer moduz argitaletxeekin?
Inutil absolutua nauk. Jar ezak hori. Jendeak gustura irakurriko dik (kar, kar, kar). Nire pentsioa 600 eurokoa duk, ezintasun fisikoa dela medio. Beste sos pizar batzuk literatur kontu ergelotatik eta hola... Baina nola kontrolatu hire lana? Egilea azkeneko eskazalea duk. Eta argitaletxeak beti negarrez, baina, laguntzak beti haientzat. Eta gero gainera bidean habilela, hainbeste detaile mixerable botatzen ditek hire bizkar, berek sos bat ez gastatzeagatik. Ijitokeria hutsa duk euskal fartsa hau.
Kultur ekimenekiko estimu falta edo...
Zer nahi duk esatea? Ez diat zinezko euskal proiekturik ikusten, ez giza grina soziopolitiko eta ekonomiko ondo egituraturik eta fintasunez ari denik. Non sumatzen duk hik euskarazko produkzioan? Bertsotan igual? “Euskal Herria bertso bat da boboa, eta badu bere haizezko globoa”. Jo ze ongi, ez! Bai, haize hutsezko globoaren metafora oso egokia duk [Ikus goiko koadroko Silvestre Zubiturrena].
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa