2008-04-13 -- 2132.zenb
Jon Alonso
Italo Calvinoren Il sentiero dei nidi di ragno (Armiarma-habien bidezidorra) nobela oinarri hartuta, Italiako Ligurian hasi du Jon Alonso kazetariak bere ibilbide literarioa. Bertako koadro sozial eta politikoa irudikatu digu ondorengo lerrootan, Italian hauteskundeak ospatzear diren honetan.
Laguna eta biok iritsi ginen Albengara (Liguria) eta galdetu egin genuen: bilatzen ari gara Felice Cascione delako baten oroitzapenean eraikitako monumentua.
Felice...!?
Erresistentziako bat.
Erresistentziako zer?
Zerbitzari batekin ari ginen. Errekurtsorik errazena da, noski. Andrea zuen izena, esan zigunez.
Erresistente bat. Erresistente bat bilatzen duzuela? Neu nauzue. 800 € hilean, gasolina 1,4 €-tan dagoen tokian. Monumentu hori niri egin beharko lidakete.
Andrea hau xelebrea zen, nolabait esan. Baina “xelebre” hitzaren adieran kabitzen direnetatik, estimagarrienean.
Gasolinaren aipua laster ulertu genuen. Famatua eta errepikatua da, bai, italiarrek beren macchina direlakoak zenbat estimatzen dituzten.
Italiako errepide batean zoaz. Berdin da autopista, nazionala, laugarreneko errepidea edo sasi arteko bidexka. Bat-batean konturatu zara beti-beti-beti daukazula kotxe bat atzean. Badakizu hori zergatik gertatzen den?
Italiera eta gaztelania lehengusu propioak dira, eta Euskal Herrietan usatutako batentzat muga linguistikoak laxoak dira. Eta
Andrea hura irekia zen.
Zergatik?
Beti daukazulako beste bat aurrean. Kar, kar, kar...
Ez dakit liguriarren umorearen erakusgarri esanguratsua den, baina badauka bere logika.
Felice Cascioneren oroitzapenean eraikitako monumentura iristeko ordu erdi on bat egin behar da menditik gora, armiarma-habien bidexketatik. Hori, menditarren batek kontatu nahi badizu non dagoen. Guri Massimok kontatu zigun bezala, detaile askoz. Monumentua tedesco (alemaniar) batek egina dela. Eskultoreak berak ordaindu zuela mendi puntaraino garraioa. Urtero festa bat egiten dela bertan. Baina jende arruntarentzat ez da Felice Cascioneren monumentua, Fischia il vento baizik. Hirugarrenean galdetuta ikasi genuen.
Halako ibilbide literarioa osatzen ari ginen, baina errealitatearekin egin genuen topo. Gertatu ohi da. Esaterako, Berlusconi eta Veltroni hasiak ziren ordurako kartelak paratzen, artean otsailaren bukaera zen arren, ia bi hilabete falta zirelarik hauteskundeetarako. Ezkerrak Italia lur jota utzi duela, Berlusconik. Zer nolako herria nahi den aukeratzeko ordua dela, alderdien gainetik, Veltronik.
Berlusconik irabaziko du, baina, esan zigun Sabrina Terribilek, Genoako ANPI elkarteko idazkariak, eroapenaz, esango nuke.
Sabrina Terribile.
Nola esan duzu?
Irribarre zabal bat egin, eta bota zuen:
Nire aita partisanoa izan zen, baina ez da bere orduko izengoitia. Izengoitiaz “Leone” zen. Terribile egiazko abizena daukat.
Makina bat aldiz emandako azalpena, hain segur.
Farinata bat jatera joan ginen. Goxo zegoen. Ez ginen ibili Mitxelin izardunen xerka. Pizza, pasta... ona eta merke. Oinarrizko produktuak (ogia, esnea...), gurean baino merkeago. Gasolina ez, ordea. Furgonetadunak kasu egin ohi die holako xehetasunei. Ardoa ere ona, ardoak mundu zibilizatuan daukan prezioan, hori bai. Sabrina Terribilek baieztatu zuen ANPI (Associazione Nazionale Partigiani d’Italia) bizi-bizirik dagoela. ANPIren Genoako egoitzara joan ginen arratsaldean bilera jendetsu samar batean bildurik zeuden. Estatutuak berritu behar omen dituzte. Kontu biologikoa da, zioen Sabrinak, dagoeneko partisano ohi bakan batzuk baino ez daude bizirik. Elkartea jende gazteari ireki behar zaio, nahiz eta partisanoekin zerikusirik ez izan. Aurre egin behar zaie faxistei. ANPI ez da alderdi politiko bat, azaldu zigun Sabrinak. Partisanoetan ibilitako guztien elkartea da, eta denetarik dago: komunistak, sozialistak, katolikoak… Antifaxismoa da denak batzen dituen ezaugarria. Ulertzekoa dela esan diogu. Fischia il vento monumentuko oinarrian dagoen oroitzapen-harria txikituta topatu dugula, esaterako. Garrantzia kendu nahi izan dio; kultura falta; ganberrokeria hutsa. Eztabaidatzen hastea ez da kontua, baina ulergaitza dirudi haraino joateak ganberroarena egin nahi izate hutsarengatik.
Eta Rifondazione?
Saiatu gara mihitik tiratzen.
Rifondazione? Ufff, Rifondazione…
Ez du busti nahi, eta normala da, kanpoko “kazetari” edo “idazle” edo “auskalo zer” batzuen aurrean. ANPI mugimendu zibil eta anitza da, eta alperrik ari gara, ez dugu hortik aterako. Datozen hauteskundeei begira manifestu bat atera dute, “antifaxismoa uko egin ezinezko ondasuntzat daukaten alderdiei” botoa ematera deituz, eta izena aipatu gabe bada ere, Berlusconik ordezkatzen duen indarrak “bere burua faxista aldarrikatu duten hautagaiak aurkezten dituela” gogoratuz.
Rifondazione… Andreak oso ongi ulertzen ez ditugun birao batzuk bota ditu. Zentrorantz biratu nahi omen duen amalgama bat, ezker hautsiaren pusketekin osatua, gobernuan egotea beste helbururik ez duen koadrila bat. Hori litzateke, nolabait esan, Andrearen hitzen eta iritzien bertsio “zuzen” samar bat. Rifondazione, Veltroni, Berttinoti, Prodi, D’Alema… Ez zaie serio hartu behar. Ez zaio inori kasurik egin behar, horixe Andrearen fedea. Ulergarria da. Izugarria da. Alderdi tradizionalak usteldu dira erabat, alternatiba sinesgarririk ez dago eta gehiengo soziala Milango presidentearekin omen dago. Oraingoz, endekatze etengabearen azken kapitulua ei da atomizazioa eta munstroari oinak ezin geldiaraztea, antza.
Gure ibilbidea Ligurian hasten zen horixe delako Italo Calvinoren Il sentiero dei nidi di ragno (Armiarma-habien bidezidorra) nobelaren kokalekua. Gure ibilbide literarioaren oinarrian dagoen hipotesia da inork ez duela kontatu beren gizartearen bilakaera politikoa eta soziala, azken berrogeita hamar, hirurogei urteetan, italiarrek bezain ongi. Bezain koherente. Gorputz bat osatu arte, non atalak ongi bereiz baitaitezke. Koherente, kontaketa nagusian; ez kolore bakarreko, eta ez kontraesanik gabe, haatik, narrazio partikularretan, eta idazleen ibilbideetan. Mussoliniren diktadurako urteak Pavesek kontatu ditu hobekien. Natalia Ginzburg bat edo Pratolini bat lagun. Calvinok eta Vittorinik kontatu zuten liberazioaren une katartikoa, ilusioaren eztanda, gizarte berri baten ametsa. Sciasciak, hogeita hamar urte geroago, ilusio guztien amiltzea, bi nobela zoragarritan: Il contesto eta Todo modo. Horiek argitaratu zituelarik, Franco bizirik zegoen oraindik. Aldo Mororen bahiketa eta heriotza Il affaire Moro liburuan. Balestrinik, Vogliamo tutto eta Gli invisibili direlakoetan, langileriaren bilakaera eta ustelkeria orokorraren aurkako erreakzioa. Battistik, berunezko urteetako militante armatuen bizimodua, atzerrian edo kartzelan. Ildo oso bat da, Italiako literaturaren barruan. Hobe ikasten da Italiako berri bere literaturaren bidez, historia liburuen, telebistaren edo prentsaren bidez baino.
Hipotesi honen bigarren partea da kontakizun erraldoi baten itxura daukan ildo horrek balio beharko ligukeela. Mirail moduan ez bada, kontrasterako zera bezala. Froga-harri. Italiako gizartearen eta gurearen arteko diferentziak nabarmenak dira. Baina antzekotasunak ere bai.
Bakarrik Liguria eskualdean bost edo sei mila borrokalari ibili ziren mendian 43ko irailetik 45eko apirilera arte. PCIkoak ziren nagusi, beste alderdietakoak ere egon arren. Calvino bera partisano-sailetan ibili zen, Ligurian, familia San Remokoa baitzen. Ez zen idazle bakarra izan. Italia guztian, Vittorini ere bai, Cassola ere bai… Pavese ez, horretarako nahiko kemenik bildu ez eta, nonbait, bera ere komunista izan arren. Italiako idazle inportanteenetan, nekez aurkitzen da une batean ez bada bestean PCIkoa izan ez denik.
Italiarrak diktadura baten pean bizi izan ziren. Zibila ere izan zen liberazio-gerraren ondoren bota zituzten Mussoliniren faxistak eta alemaniarrak, yankien laguntzarekin. Franco ohean hil zen. Ezberdintasunak eta antzekotasunak. Ausartegia izango da esatea, are burugabekeria ere agian, baina irudipena daukat PCIk, mendebaldean indarrik handiena izan duen alderdi komunistak, botoen %30a izatera iritsi zenak, bildu duen atxikimendua, historiaren hondamendiez haratago, eta ideologiaren miserien gainetik halako nahikunde edo lilura kolektibo baten isla dela. Gizartea benetan aldatzekoa, justuagoa izatekoa. Norberak bila ditzala paralelismoak eta dibergentziak hemen bizi (izan?) gaituen lilurarekin. Eta edonola ere ez ahaztu, otoi, litekeen mundurik onenean bizi garelakoa atzo gaueko kontua dela. Inor ez dela uste horretan bizi, ez hemen, ez Europan, ez lehen munduan, joan diren berrogeita hamar urteetan.
Berlusconiren piurek ez dituzte ANPIkoak ustekabean harrapatzen. Mussoliniren aire bat ere badauka, gizonak. Non egongo ote dira, eta zertan, bestalde, Balestriniren ikusezinak? Milanon, Erroman, Torinon, ausaz. Hemen bertan ere, Genoan, G-8 horren bileraren aurkako protestetan, zeinean poliziak manifestari bat garbitu baitzuen. Globalizazioaren aurkako mugimenduetan, diot nik, jakin barik. Alerik geratzen bada, bestalde. Balestrini bera eta Negri bera bakean utzi omen dituzte, antza. Battistik Frantzian argitaratzen du, frantsesez, italieratik itzulia, eta kartzelan dago, Italian. Ez da ikasbide txarra. Jantziak urratu genituen gurean Sarri agertzen zen erakusketa bat debekatu zutenean. Baina Italian, Italia demokratikoan, errepublikanoan, Battistik ezin du argitaratu. Eta bere hizkuntzan, inon ez. Balestrinik, Vogliamo tutto-ren hitzaurrean: erantzun kapitalistak betiko tresnak erabili zituen; lehenik eta behin, bortxazko errepresioa, poliziaren eta epaileen bidez. Milaka atxilotze eta prozesu langileen abangoardiaren aurka… Errepresio judiziala. Italiak ez zuen horregatik demokrazia-labela galdu. Orain hogei edo hogeita hamar urteko kontuak dira. Gure baitan itxita bizi izan gara euskaldunok, gure zilborrari begira, dena asmatuta dagoela eta ez garela besteengandik ezberdin erabat ikasi gabe.
Genoako alde zaharra labirinto bat da. Urrea Ameriketan jaio, Espainian hil eta Genoan lurperatzen dutela idatzi zuen Quevedok. Kasu, genoar bati ziria sakatu nahi izanez gero. Genoak historia luzea du, eta itsaso zabala. Inor ez da kanpotar. Pim bera, Calvinoren Il sentiero… nobelako haur protagonista, Genoako portu ondoko kale hauetako umea zen, Carrugio Lungokoa. Bere arreba prostituta zen. Lau kalek –Via Prek, Via del Campok, Via di Fossatellok eta Via San Lucak– osatzen omen dute Carrugio Lungo izenaz ezagutzen den karrika hori, mutur batean Genoako goi aldeetan, eta bestean Piazza Banchin bukatzen dena. Lo que pasa es que tú eres un jodón y yo una jodona, entzun genion, pasaeran, sakeleko telefonoaz ari zen prostituta bati, gaztelaniaz, Karibeko azentuaz. Sentiero horretako orriren batean partisanoek ikusten dute, menditik, aliatuek Genoa nola bonbardatzen duten, eta animoak ematen dizkiete hegazkinei, beren etxea suntsitzen duten lehena izan dadin. Casa mia per la prima! Genoa omen da, hori kontatzen dute harrotasunez, bederen, amerikarrak iritsi aitzin, bere kabuz, alemaniarretatik eta faxistengandik askatu zen Italiako hiri bakarra. ANPIn argazki handi eta ederra daukate. Jeneral alemaniarrak Piazza Ferrarira, hiriko erdigunera alegia, iristen ari dira, jende olde bat karrika bazterretik begira. Eta partisanoek inguratzen dituztela, euren armekin. Handik bi egunetara dena zegoen martxan, elikadura-horniketa, garraio publikoa, eskola... kontatzen du Sabrinak. Gaur egun abortuari buruzko legearen aldeko pintadak ikusten dira. Sabrinak dio Ratzingerren eskua luzea dela, eusten saiatzen direla, nekez bada nekez.
Eta Moro? galdetu dugu, justu egunotan bere bahiketa-hilketaren hogeita hamar urte betetzen direla gogoratuz. Torinoko La Stampa egunkariaren ale bat erakutsi digute, aurtengo otsailekoa. Alargunak elkarrizketa bat eman du. Ez nioke bostekoa emango nire senarraren heriotzaren arduradunari. Baina ez dirudi Brigate Rosse haiei buruz ari denik. Aldok dena zekien guztiei buruz, horra zergatik hil zuten, alargunak. Cossigak erantzun du, erantzutera behartuta ikusi omen du bere burua: Mororen alargunari edozer esatea zilegi zaio. Barkabera. Baina gauza jakina da gizon handi baten familiakoak ez direla zertan handiak izan (alargunaz eta semeaz ari da). Oldarkor. Hogeita hamar urteko distantziaz, hobeki ikusten da noraino ziren egokiak Sciasciaren iritziak, argia izateak arazoak ekarri bazizkion ere. Gutxienez ez zen kartzelara joan; Negri bai, ordea.
Ventimigliatik Genoara doan kosta zatia ez da Benidorm (hura okerragoa da), baina badu antzik. Calvinok La speculazione edilizia (Espekulazio inmobiliarioa) izeneko nobela labur batean ederki kontatu zuen. Kostatik barrurantz hamar kilometro egitea aski 2.000 metro inguruko mendiak topatzeko, batzuek Liguriako aurre-Alpeak edo besterik gabe Liguriako Alpeak deitzen duten tokia. Armando Garellok Nassino herrian du olio-errota. Hemen, Nassinon, hil omen zuten Cascione segada batean, 45ean. Cascioneren heriotzak badu osagarri epikorik; hilabete batzuk lehenago bi faxista harrapatu zituen Cascioneren gizon-sailak. Horietako bat bereziki ongi tratatu omen zuen Cascionek, hainbeste ze Brigadako batzuek kargu hartu zioten. Cascionek erantzun, orduan: mutilak ez du errurik, bere amak ez badu hezi askatasunaren balioetan. Faxistek ihes egitea lortu zuten, noizbait, eta handik gutxira Cascioneren partidaren bila itzuli, alemaniarren oste handi batekin. Cascione inguraturik geratu zen, Garellok olioa egiten duen herri honetan bertan, Nassinon alegia, beste bi lagunekin; batek ospa egitea lortu zuen; Cascione bera zauritu zuten; hirugarrena harrapatu, eta torturatzen hasi, hitz egin zezan. Ea bera zen partida-burua. Ea bera ez bazen, nor zen. Orduan Cascione bera ezkutalekutik atera: utzi bakean, burua neu naiz-eta. Bertan akabatu omen zuten, tiroka.
Egia, gezurra, edo bietatik daukan kontaera estilizatua, egia dena da Calvino Cascioneren heriotzaren berri eduki eta gero sartu zela PCIn, hildakoaren postua hartzeko edo. Eta Il sentiero... nobelan bada episodio honen aztarnarik: partidako bat traidorea da (Piel, ezizenez); eta partidakoek bi faxista harrapatu eta akabatzen dituzte. Cascioneren heriotzaren mendeku literarioa bailitzan.
Garello zaharrak 70 urtetik gora eduki behar ditu, aise. Beraz, oso litekeena da bera haurra izatea gertaera epiko hauek guztiak gertatu zirenean.
Gertaera horien berririk bai? Hemengo azeitunak %40ko aprobetxamendua dauka oliorako, eta Espainiakoak %15 baino ez.
Ez da gaztelaniaren eta italiarraren arteko saltoa, bakarrik. Konparaziorako, Nassinon eduki genuen solasean, ikasi genuen Ligurian, dialektoz, artaleari grano di turco esaten zaiola. Ez, ez diezaiogun errua hizkuntzari egotzi, bakarrik. Gu kazetari txarrak, eta hura agure azeria.
Nassinoko jendeak, edo Casanovakoak, ez luke gaizki emango euskal ruralismo bati buruzko film batean, ez horixe. Eta kosta hiperurbanizatu eta turistikotik ordu laurdenera daude. Alex Mendizabalek, Erromako Associazione Culturale Euskara elkartearen buru egiten duenak, italieraren dialektalizazio handiaz ohartarazi gaitu. Eta iparraren eta hegoaren artean dagoen kontrasteaz, are arrazismoaz. Nik, Italia ezagutzen dudan apurra, bere idazleengatik ezagutzen dut. Eta bertan egin ditudan bidaietatik. Hobe, bidaietako batzuk bere literaturaren lilurak eraginda egin ditut. Literaturak jaso du Mendizabalek aipatzen duen arrazismo horren marka; Garibaldik eraman omen zuen xaboia hego aldera; eta hegokoek, jatekoa zelakoan, ahoan sartu. Klasiko bat da. Terroni irain peioratiboa erabiltzea bezala. Iparra-hegoa dialektikak edukiko du funtsa, noski. Baina nahiko nituzke ikusi Liguriako menditar hauek kostako Imperian, edo Savonan. Zer esanik ez Genoan. Edo genoar bat Liguriako mendi hauetan. Pavesek Paesi tuoi gogoangarrian kontatu zuen bezala, esaterako. 2008ko otsailaren bukaeran, zirkuitu ofizialetatik aterata, ez du ematen Paveseren mundu hori hain urruti dagoenik. Baina ustezko aurrerapenaren lilurak itsutu dituenek, soilik, neurtzen ahal dute xehetasun hau gutxiagotasun-gehiagotasun parametroetan. Bide batez, gure artean: nondik atera dute hainbat espainolek eta are euskaldunek italiarren aurrean erakusten duten nahikotasunezko aire hori? Eta zergatik?
Iparra-hegoa, herria-hiria tentsio horren harira, Adriano Celentanoren Un albero de trenta piani kantua etorri zait burura: Belli come noi ben pochi sai ce n’erano e dicevano quelli vengono dalla campagna. Kantuak herritik hirirako exodoa ez ezik, hondamendi ekologikoa ere kontatzen du. 72koa da, hor nonbait. Nork zekien hemen zerbait ekologiaz 72an? Batek beti inpresioa du italiarrek hamabost, hogei, hogeita hamar urte lehenago bizi izan dituztela gu gero inarrosi gaituzten gertaerak. Horixe esaten saiatzen ari naiz, horixe adierazi nahi izan dut.
Eta horrek ondorio praktikorik al dakar? Baliteke, ez dakit. Ikasbideren bat ateratzen saiatzen ari naiz, nire baitarako. Hau bururatzen zait maizen, baina: beti bezala gabiltzala, italiarrak eta gu, eta denak, bueltaka, astotxoak bezala, sudur aurreko azenarioaren atzetik.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa