Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-04-13 -- 2132.zenb

Epelean gozo

Xabier Mendiguren Elizegi

argazkia

Dani Blanco

Estimatzen dut gure herria, nahiz ez zaidan iruditzen bereziki miragarria. Maitasunaren begi onaz begiratuz gero, neurritsu eta zuhurra dela esango nuke; petralduta nagoenetan, epela eta txepela dela. Gauza bera ikusteko bi modu, azken batean.

Izaera moderatu horrek badu bere isla politikoa, bere emaitza elektorala, eta gehiengoaren sentipenarekin bat egiten jeltzaleek asmatu izan dute beste inork baino gehiago. Orain, baina, kontuak okertzen hasi zaizkio. Ez zeharo aldrebesteraino, baina bai apur bat zailtzeko. Horretan ere izan du zerikusia, besteak beste, ezker abertzalearen ilegalizazioak. Pentsa, zenbat gustatu izan zaion Ibarretxeri, adibidez, bi muturren artean kokatzea: batzuek espainolista saldu bat naizela esaten didate; besteek, berriz, filoterrorista erradikal bat naizela… eta bertutea erdialdean beti, nonbait. Orain, ordea, sektore horietako bat mapa politikotik desagerrarazita, zentraltasunaren diskurtsoa sozialistek eskuratu dute, eta ahal duten zuku guztia ateratzen diote: batzuek zentralismo uniformizatzailera itzuli nahi dute, besteak independentzi amets eroetan dabiltza, geuk eskaintzen dizuegu erdibide zentzuzkoa…

Ez da marketin hutsa: Zapaterok zioen bere alderdia zela Espainiako gizartearen antz handiena zeukana eta horregatik irabaziko zituela hauteskundeak, eta gurean ere Patxi Lopezena euskal gizartearen gero eta antzekoago ikusten dut nik: euskara maite bai, nahiz eta gutxi jakin eta gutxixeago egin; progresista baina abentura arriskutsuetatik urruti; modernoa baina espantu handirik gabe; ekologista ma non troppo… Halakoxea dugu herria ere, ez gaitezen engaina, eta berdin alderdi gehienak, alde handirik gabe; irudi soft, cool, light hori transmititzen jakin behar, ordea, eta hor ez dute denek berdin asmatzen.

Eta ezker abertzalea? Berriki, gazte topaguneko bozeramaile bati irakurri nion independentzia eta sozialismozko burbuila batean biziko zirela beren jardunaldietan. Burbuila… nahita ere ezingo nuke metafora hoberik sortu. Joko politikoan eragina izan nahi badu, bertakoak ere jabetuta daude pistolak isildu beharra dagoela, betiko. Burniak eskuetan dituztenek, ordea, uste dute nonbait ez duela merezi besteen jokoan sartzea, aurretik zelaia aldatu beharra dagoela, eta horretarako errezeta zaharrari eusten diote, minari sorgor eta gizarteari entzungor eginda. Noiz arte? Burbuila lehertu arte?

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan