Astekaria

 Ttakun(h)Errenka 

Arrakadak

Barrikadez eta harrikadez diharduzue, lagunak. Injustiziari aurre egiteko sortu zituen herriak barrikadak. Harrika ibili gara denok katuak usatzeko, txoriak ikaratzeko eta polizia bere tokian uzteko.

Jose Inazio Basterretxea

Jose Inazio Basterretxea


2132. alea
2008-04-13
alde 0    kontra 0
Jose Inazio Basterretxea
Jose Inazio Basterretxea (AOL)

Ez dut barrikadarik nahi gure artean, ezta harrikadarik ere. Arrakadak gustatzen zaizkit niri. Estetikoagoak dira, dudarik gabe.
Gure azken eztabaidari ekinda, kontua da ea legeak egiten ote gaituen nor, ala legeak egiten ote ditugun zerbaiterako. Beste hitz batzuetan esateko: legeak egiten ote gaituen, adibidez, iraultzaile, ala iraultzaileak egiten ote dituen legeak, esaterako, gizartea osotzeko.

Eskuartean hartu ditugun ezkontzaren kontuekin edo euskal aberriaren kontuarekin iruditu zait, inoiz, ezen konfiantza osoa jarri dugula idatzitako artikulatu batean, pentsatuz horko letrak irudikatu ditzakeela odolaren gorria, ametsaren horia, eta itsasoaren urdina. Baina, daltonikoak izateko predestinatuak dira araudiak, zuri-beltzean erredaktatzen baitira denak.

Euskararen legea nahi dugu esateko erdararen pareko dela euskara, baina ez gaitu legeak egiten euskaltzale. Ezkontzaren lege unibertsala nahi dugu esateko heterosexualen pareko direla homosexualak, baina ez gaitu legeak egiten maitale. Konstituzio propioa nahi dugu, esateko Euskal Herria badela, izan.

Ez zait iruditzen legean dagoenik Justiziaren hezur-muina, ezta perfekzioaren bihotza ere. Baina, beharrezkoak dira legeak, batzuk handi eta besteak txiki direnean, batzuk indartsu eta besteak ahul.

Halere, kontuan hartzekoa da zer gutxitan idazten duten txikiak eta ahulak legea… Mosaiko koloretsuzko arrakadekin amesten dutelako, seguru asko.

* * *

Atlas-mapara jo dut, gogoratzeko Vaduz dela Liechtenstein-go hiriburua. Austria eta Suitza artean kokaturik ikusi dut lurralde dotorea, lerdena; Alpe zurietan jaio eta Herbehereetako hondartza horietan itsasoratzen den Rhin errekako ur indartsuek babesturik.

Konfederazio-ahalegin eta gudu-zelai askoko behatoki den Printzerri horretako aberastasun-iturri nagusiak dira bere punta-puntako industria, turismoa eta zerga-salbuespenetarako aholkularitza ugariak.

Harako bidea ikasi ei dute gure diru batzuek. Hala esan du Madrilgo Gorteak. Eta, zuri-beltzean idatzitako legeak erabiliko omen ditu administrazio espainiarrak diruak handik honako trenean jartzeko. Denak aterako al ditu handik, ala bakar batzuenak?
Galderekin hasteak ez du amaierarik. Ur beroaren txorrota irekitzea bezalakoa da, pena ematen baitu jarioa ixteak goiztiriaren hozkirrian… Nori bueltatuko zaizkio diruok? Zerga iraultzailea eskatu zaion enpresariari, ala aberastasunezko gainbalioa sortu duen haren menpeko langileari?

* * *

Txolinkerien liburua ireki dut. Gogoratu dut ze espartar iruditu zitzaidan aurreko larunbatean udaletxeko aretoa, lagun batzuk han ezkondu zirenean. Espartarra, zorrotza eta latza begitandu zitzaidan lekua.

Metroko txartela erostea bezain hotza iritzi nion zeremoniari. Barikuz bonolotoa tokatzea opatzea bezalakoa, funtzionarioaren jardun grisari.

Ezkontza zibilak ospatzeko, udal aretoak txukuntzeko eta janzteko balia zitezkeen Vaduzeko diruak. Edo, sei kilo eta erdiko pisua hartzen duten maleta garraiatu behar izaten duten umeak festatzeko arrakada turkesekin, eskolako sarrera-irteera haizetsu horietan.

Edo, asun-urak agintzeko politika ortodoxoa baizik egiten ez dakiten politikariei, metaforaren balioa deskubritu nahi ez duten unibertsitarioei eta luma motzeko kazetarioi.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia