Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-04-06 -- 2131.zenb

Elkartasun erakundeak

Globalizazio kapitalistaren kontrako sarea abian da

Daniel Udalaitz

argazkia

Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeetako (GGKE) hiruk indarrak batu eta elkartasun sarea sortu dute globalizazio kapitalistari aurre egiteko. Munduaren errealitatearen berri eman eta hura aldatzeko bitartekoak eskaintzea dute xede.

Garapenerako Gobernuz Kanpoko hiru erakundek (GGKE) munduko errealitate berria ezagutu eta ezagutarazi nahi dute globalizazio kapitalistaren kontra egiteko. Aztertutako errealitatean eragiteko bitartekoak sortzea da Espainiako Estatu osoan hasi berri den prozesuaren abiapuntua. Baliteke epe laburrean beste bi GGKE batzea ekimenari eta urtebete barru beste bi. Euskal Herrian ere, epe luzeagoan bada ere, lanean dihardute beste GGKEren bat edo batzuk elkartzeko.

Elkarte berriak Itaca Elkartasun Sarea du izena. Itacaren erreferentzia, Iñaki Markiegi presidenteak azaldu duenez, Iliadako “Utopiaren Paradisutik” dator, baita Lluis Llachen abestitik ere. Izen ezaguna eta gogoratzeko erraza jarri gura izan dute, eta beste mundu beharrezko eta posible baten guraria adierazten duena, “oraingoz utopikoa bada ere”. Honako hauek dira elkarte berria sortu duten hiru GGKEak: Mundubat euskal taldea (www.ptmmundubat.org), Cooperacciò kataluniarra eta OSPAAL –Asiako,
Afrikako eta Latinoamerikako Herriekiko Elkartasunerako Erakundea– espainiarra.

Elkarte berriaren jarduera esparrua Espainiar Estatua da, bertako GGKE ezkertiar eta progresisten eragin politikoa “guztiz ahula” dela uste baitute. Erakunde bakoitzak bere subiranotasunari eutsiko dio, baina horren zati bat eta betekizunetako batzuk elkarte berriari utziko dizkiote.

Hutsunea bete eta osagarriak izatea

Itaca Elkartasun Sarea Elkartea hiru GGKEren emaitza da. Elkarteak etorkizun global gero eta korapilatsuagoari aurre hartzeko kontzientzia du eta hutsunea bete eta elkarren osagarri izatea da helburua. Eragina izateko, Markiegik esan duenez, honako hauek lortzeko gaitasuna behar da: informazioa, jakintza eta diagnostikoak, proposamenak egitea, erreferentzia sinbolikoak, komunikazioa eta solaskidea izatea.

Baina, horretarako, duten indarra baliatzen ikasi behar dutela ohartarazi du. Eta, gaur, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da gizarte-agenda globalaren ereduaren alde egiteko espazioak sortzea hainbat osagairekin: justizia zabalagoa, aberastasun banaketa, parte-hartze demokratikoa eta giza eskubideak munduan. Munduko buruzagiek bete ez dituzten aginduak gogoratzean ezin dela milioika lagun itxaropenik gabe utzi esan du Markiegik eta denok dugula, neurri batean behintzat, gauzak aldatzeko ardura. Ekintzaileak batuta, ozenago hitz egin daiteke eta mezua hobeki zabaldu, dela salaketarako, dela erresistentziarako, dela proposamenak egiteko, eta horiek kontuan hartzeko aukera handiagoak egongo dira.

Elkarte berriaren estatutuek honako jardun eremuak jasotzen dituzte: ikerketa eta azterketak, kooperaziorako eta giza ekintzarako estrategiak sortzea, sentsibilizazio eta eragin politikoa, sareetan eta aliantzetan parte hartzea –tokikoetan, estatuetakoetan zein nazioartekoetan–, hedabideak abian jartzea, garapenerako nazioarteko programetan eta kooperazio egitasmoetan elkarrekin jardutea, giza ekintza eta garapenerako hezkuntza, eta sentsibilizazioa, hala iparrean nola hegoan.

GGKE-en barrurantz lan egin

Elkarte berriak GGKEn barrurantz begira ere lan egin nahi du. Horregatik, beharrezkotzat jo du kooperazioaz eta sentsibilizazioaz gogoeta egitea, baita antolaketa eta kultura ereduez ere. Hala, zera dio: “Kooperazioa, egitasmoak eta programak gizarte prozesuetan eta lurralde eta herrialde estrategietan txertatzeko, orain arte egindakoaz gogoeta eta eztabaida egin behar da. Hau da, pentsatu eta ebaluatu egin behar da ea gure ekintzak Hegoaldeko herrialdeetan errealitatea benetan aldatzeko baliagarriak diren edo behintzat horretan laguntzen ote duten. Era berean, behar-beharrezkoa da GGKE-en barruko argi-ilunak ebaluatzea, benetako gizarte betekizun gisa eta herritarrek parte hartzeko leku gisa zein tokitan dauden argitzea eta, halaber, erakundeekiko nolako harremanak dituzten aztertzea”.

Itaca Elkartasun Sarearen arduradunak jabetzen dira arlo horretan duten lana ez dela batere erraza. Haien esanetan, ez da badaezpadakoa gogoraraztea indarguneen eta ahulezien arteko oreka zaila dela, eta larritu egin daitekeela kooperazioaren konplexutasuna areagotu ahala.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan