Astekaria

 Bestelakoak 

Apalogia (edo apalaren apologia)

Mendizale arruntak eta pretentsio handirik gabeak –esan nahi baita, neronek– Himalaiako espedizio baten inguruko proiekzioa ikusten duenean, nekez aurkituko du mendira joaten jarraitzeko benetako motibazioa. Niri behintzat handiegi egiten zait, urrutiegi. Ez daukat 8.000 edo 7.000 metroko mendia igotzeko ahalmen fisikorik edo teknikorik. Txundituta utziko nau proiekzioak, akaso, baina ez nau mendira hurbilduko. Nire eskura ez dagoen zerbait da, eta ez nau bereziki motibatzen.

Dabid Anaut

Dabid Anaut


2131. alea
2008-04-06
alde 0    kontra 0
David Anaut
David Anaut (Karlos Corbella)

Nago, euskaldunon kasuan ez ote dagoen batzuetan gauza bera gertatzeko arriskua. Azalduko dut: sarritan esan dugu kalitateko hiztunak behar ditugula erreferentzia gisa. Nik neronek ere esan eta idatzi izan dut hori bera, hala pentsatzen dudalako. Hizkuntza ongi eta egoki erabiliko duten hiztunak behar ditugu hizkuntza-komunitatearentzat erreferentziazko diren kokaguneetan (kazetariak, politikariak, kultur-ekoizleak, idazleak, pertsona ezagunak oro har…).

Horrela eginez gero, ordea, eta erreferentzia gisa horiek eta horiek bakarrik gehiegi markatuz gero, horien hizkuntza-jarduna eskuraezin irudituko zaio askori, batez ere hizkuntzarekin trakets antza dabilen askori. Eta eredu “onegi” horrek, mendizalea Himalaiako ibiltariak bezala, agian ez du euskalduna euskarara hurbilduko eta euskaraz egitera motibatuko.

Alegia, eredu oso on eta hiztun oso trebeez gainera, baliteke hizkera arrunt eta luzimendurik gabeko ereduak ere beharrezkoak izatea. Eta ez du horrek esan nahi duintasunik gabeko ereduak izan behar dutenik. Ez naiz euskañolaren eta hizkera baldarraren apologia egiten hasiko (ez behintzat gaiari buelta gehiago eman gabe), baina mendizaleak esperientzia eta ibilbide samurragoak behar eta estimatzen dituen bezala, akaso hiztunak ere lorgarritzat joko dituen erregistroak eta hizketa-moldeak ere baloratuak eta onargarriak direla sentitu behar du. Hitz-gakoa, akaso, “naturaltasuna” da. Alegia, hiztun bikainaren eta jasoaren labela izan gabe ere, natural, eroso –eta duin?– agertzen den hiztun arruntaren eredua.

Hortik abiatuta, agian ez da hain zaila inoiz are “hiztun txarraren” ereduaren beharra eta komenigarritasuna ere zuritzera iristea. Ez dut nik halakorik eginen, ez bainaiz horrelako ondorioetara iritsi, baina uste dut, bestalde, hiztunak erabilerara erakartzeko akaso eraginkorragoa dela euskararen erabilera apala, naturala, eta erosoa aditzea, –aparteko distirarik gabekoa bada ere– jasoaren jasoaz pedantea eta nekosoa bihurtzen den hizkera kargatua baino.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia