Hiretzat goli kherautzen dinat, erromeetako gazi mindroa

  • Hiretzat kantu egiten dinat, ijito kastako lagun polita. Erromintxelazko hitzak dira, ijito euskaldunen hizkerakoak. Azken hatsa ematear da erromintxela, dagoeneko eman ez badu. Kale Dor Kayiko ijito elkarteak duela hamabi urte egin zuen ikerketa hari buruz, baina ez zuten osatu. Orain, bigarren zatia egitekoak diren honetan, erromintxela hiztun bila abiatu gara gu. Alferrik.
Erromintxela
Erromintxela. Zuberoako maskaradako ijitoa.Dantzan.com
Ez hizkuntza, ez dialekto, pogadolekto baizik. Hau da, “hautsitako hizkera”. Horixe da erromintxela, XV. mendean Euskal Herrira iritsi ziren lehenengo ijitoen hizkuntza –romanesa– eta euskara elkartzetik sortua. Halako bilakaerak usu eman dira ijitoen historian. Carlos Muñoz romanes adituak azaltzen duenez, munduko zenbait herrialdetan ijitoen hizkuntza desitxuratuz joan da, jazarpenaren erruz agian. Hala, gramatikak ia erabat galdu ditu jatorrizko ezaugarriak, eta horregatik esaten da hizkuntza “hautsi” egin dela. Kasurik adierazgarriena kaloa da, Espainiako eta Frantziako estatuetan, Portugalen eta Italiako eskualde batzuetan egiten den hizkera. Gaztelaniaren gramatika darabil, baina hitzak ijitoak dira.

Kale Dor Kayiko elkartea –Biharko Ijitoak esan nahi du– euskal ijitoen artean romanesa berreskuratzeko lanean dabil 1989tik. 90eko hamarkadaren erdian Alizia Stürtze ikerlariaren lan baten berri izan zuten –Agotak, juduak eta ijitoak Euskal Herrian–, eta halaxe jakin zuten bertoko ijitoak, noizbait, erromintxela izeneko hizkeraz mintzatu izan zirela. Berehala horri buruz ikertzea erabaki zuten.

Transmisiorik ez

1996an, Kale Dor Kayikoko kideek aditu biri eskatu zieten lan hura burutzeko: Josune Muñoz euskal filologoari eta Elias Lopez de Mungia historialariari. “Ikerketa hasi zenean, hildako hizkera baten zenbait arrasto besterik aurkituko ez genuela uste genuen”, dio Oscar Vizarraga Kale Dor Kayikoko presidenteordeak. Baina hara non, Muñozek eta Lopez de Mungiak hiztun biziak topatu zituzten. Ezin esan, hala ere, erromintxela osasuntsuegi zebilenik. Ordurako, belaunaldi zaharrenek baizik ez zekiten, baina ez zuten erabiltzen. Transmisioa erabat etenda zegoen, eta oso hiztun gutxi geratzen zen.

Ikerketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin zuten. Erromintxelaren ezaugarri linguistikoei dagokienez, Josune Muñozek ondorio argiak atera zituen, eta halaxe adierazi zion Argiari 2005eko abenduan emandako elkarrizketan: “Erromintxelaren morfologia, gramatika eta joskera euskararenak dira, eta lexikoa ijitoen hizkuntzarena”. Euskal hiztunak, erreportaje honen izenburua irakurrita ohartuko zinatenez, ezagun du erromintxelaren soinua, baina ez du ulertzen.

Josune Muñozek adierazitakoa bat dator Carlos Muñozek pogadolektoei buruz esandakoarekin. Izan ere, Carlos Muñozek ez ditu bereizten erromintxela eta kaloa. “Kalo esan izan zaio romanesa eta katalana elkartzean Katalunian sortutako hizkerari, eta baita Euskal Herrikoari ere”. Erromintxela hitzaren jatorria, egia esatera, nahiko iluna da, baina badirudi berri samarra dela, eta ijitoek beraiek ez dute orain gutxi arte erabili. Itxuraz, erromintxela hiztunek sekula ez diote “erromintxela” deitu beren hizkerari.

Erromintxela, romanesetik hurbilago

Kaloa izan ala ez, erromintxelan romanesarekiko haustura ez da Espainiako kasuan bezain erabatekoa izan. Ez da “hain” pogadolektoa. Arrazoia Oscar Vizarragak eman digu: “Inguruko beste hizkuntza batzuek ez bezala, euskarak badu antzekotasunik romanesarekin”. Horrek eragin zuen Kale Dor Kayikokoak Josune Muñozek ateratako ondorioekin guztiz ados ez egotea.

Ijitoen elkartekoek zenbait romanologoren iritzia eskatu zuten, eta honako ondorioa atera: erromintxelan euskarazkoak diruditen gramatikaren ezaugarri asko romanesean ere aurkitu daitezke. Beraz, ezin esan besterik gabe euskararenak direnik. Horren zenbait adibide eman digute bai Vizarragak bai Carlos Muñozek ere: hizkuntza biek deklinabidea dute, ergatiboa barne, eta atzizkiez baliatzen dira bai deklinatzeko bai beste funtzio batzuetarako. Batzuetan, gainera, atzizki horiek berdinak dira, “itxaropen” hitzaren “-pen” bukaera edo lanbidea adierazteko “-ari” bukaera, konparazio baterako. Azken batean, Iberiar penintsulan sortutako pogadolektoetan, erromintxelak gorde du romanesaren ezaugarri gramatikal gehien, ezaugarri horiek euskarak ere badituelako.

Euskal ijitoak, gizartean txertatuago

Oscar Vizarragaren iritziz, erromintxelak badauka beste bereizgarri bat gainerako pogadolektoekin alderatuta: haren inguruan eman den bilakaera soziologikoa oso bestelakoa izan da. Ijito euskaldunak –argitu dezagun erromintxela hiztun guztiak euskal hiztunak ere badirela– gehiago txertatu dira inguruko gizartean besteak baino.

Hori hala izatearen zergatia herri zapalduen arteko elkartasuna da, Vizarragaren esanetan: “Ijitoak ondo konpondu dira euskaldunekin. Alderantziz beharbada ez, baina... Hona iristean, ijitoek herri zapaldua aurkitu zuten, hizkuntza jazarria zuena... Eurak bezala, azken batean. Gainera, euskararen fonetika ez zitzaien guztiz arrotza. Askok hemen geratzea erabaki zuten, Europako errepresiotik ihesi ibiltzeaz nekatuta. Ijito izaten jarraituko dut, baina gehiegi nabarmendu gabe, pentsatu zuten. Eta bizimodu `normala´ egiten hasi ziren”. Bizimodu “normal” horrek, besteak beste, ohitura batzuk aldatzea ekarri zuen: emakumeak hasi ziren baserriaren ardura izaten, negozioak sortu zituzten, egonkortasuna bilatu eta lortu zuten.

Ikerketa burutzeke dago

1996ko ikerketari segida ematea erabaki du Kale Dor Kayikok, ordukoa hasiera baino ez zela izan jakitun, eta horretarako EAEko Kultura Sailaren laguntza jasotzea espero dute. Besteak beste, Nafarroan eta Iparraldean azterketa egiteke dago. Horrez gain, hizkuntzaren analisi hutsetik harago joan nahi dute, ijito euskaldunak soziolingustikaren ikuspegitik aztertuz. “Honako galderei erantzun nahi diegu: zenbat dira? Ijitotzat edo euskalduntzat dute beren burua? Zer iritzi dute gizarteaz, eta gizarteak haietaz? Eta azkenik, aintzakotzat dute beren hizkera?”. Azken galdera horren erantzuna lasai asko eman daiteke inolako azterketarik gabe ere, tamalez.
Erromintxela paperean baino ez dugu ikusi
Erromintxelaz hasi dugu gaurko erreportajea. Baina esaldia ez dugu ijito baten ahoan entzun. Jon Mirandek idatzitako Kama-Goli poemaren lehenbiziko hitzak dira. Mirandek 50eko hamarkadan egin zuen Kama-Goli, “motzaileen hizkuntzan”, berak zioenez. Erromintxela hitza ez zen artean existitzen, seguruenik.

Miranderen lagun Txomin Peillenek euskaratu zuen Kama-Goli, eta Mikel Markezek disko batean jaso zuen gero, musika jarri ondoren. Poema osoa erraz aurkituko duzue Interneteko bilatzaileetan izenburua idatzita. Euskara dirudi, baina ez da. Hitz gehienak ijitoen hizkuntzako kalderash dialektotik datoz, eta horregatik ziurtzat jotzen da XV. mendean Euskal Herriratu ziren ijitoak kalderash etniakoak zirela. Dialekto hori erabiltzeagatik ez ezik, lanbidez galdaragileak izateagatik ezagutzen dira kalderashak. Hizkuntzaz eta lanbideaz gain, ijito taldeak bereizten dituen hirugarren faktorea itxura da. Ijito euskaldunak ilehoriak, azal zurbilekoak eta begi urdinekoak izan ohi dira.

Bestela, Miranderen poematik kanpo erromintxelaren arrastorik ere ez dugu aurkitu. Kale Dor Kayikoko Oscar Vizarragak emandako aztarnetatik abiatuta, hiztun bila ibili gara. Hain zuzen, Lasarten, Tolosan (biak Gipuzkoan) eta Foruan (Bizkaian) egin dugu bilaketa, baina ez dugu suerterik izan. Esan nahi baita, Vizarragak aipatutako pertsonak aurkitu ditugula, baina ez direla erromintxela hiztunak. Hitza bera ere ez dute ezagutzen, eta hizkerari dagokionez, euren gurasoen edo are lehenagoko arbasoen garaiko kontutzat gogoratzen dute. Aspaldi joandako zerbait.

ASTEKARIA
2008ko martxoaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude