Astekaria

 Bestelakoak 

Atzera eta aurrera

Kolpetik zazpi jo, edo ale bakar bat jarri jokoan, galtzeko bada ere? Hordagoarekin mehatxu egin, edo enbidotxoa mahai gaineratu, arerioa nola dabilen ikusteko? Paso eginda jai dugula ohartu eta gero erabili beharreko estrategia zehaztea ez da lan erraza izango.

Koldo Aldalur

Koldo Aldalur


2129. alea
2008-03-23
alde 0    kontra 0
Koldo Aldalur
Koldo Aldalur (Dani Blanco)

Italiako Faenza hirian jokatu berria da goma gaineko munduko sokatira txapelketa. Bertan izan dira Euskal Herriko ordezkariak: Badaiotz neska mailan, eta Abadiño, Baiona, Ezpeletako Ñapurrak eta Berriozar gizonezkoetan.

Negua oso luzea izan ohi da sokan dabiltzanentzat. Astean hiruzpalau entrenamendu eta, behin udaberrian sartuta, jatekoari begiratu behar pisuan sartzeko. Motibazioa topatzeko entrenamendu osteko berriketaldiak. Hango txapelketan lortutako garaipena, irlandarren aurkako tiraldia, japoniarren beroa, suitzarren presioa sartzeko ahalmena, holandar beteranoen pazientzia. Goma berrian edo lur gaineko lehiatan aurkaria zulotik ateratzeko erabilitako teknika. Eta hurrengo egunean berriro entrenamendua.

Orain hiru urte gure ordezkariek “herri bat gara eta herri bezala parte hartu nahi dugu txapelketa ofizialetan” aldarrikatu zuten. Eta parte hartu ahal izateko baldintzak erabat gogortu zituen TWIFek, Nazioarteko Federazioak, alegia. Espainiako edo Frantziako banderapean azaldu behar izatea gogorra da askorentzat. Txunda txunda edo Marseillatik etorritakoarena entzun beharra jasanezina gehienentzat. Ondorioz, bertako txapelketak soilik, bertako herrikideekin, bertako zelaietan indarrak neurtzeko eta urte amaieran ezin jakin gainontzekoak nola dabiltzan. Gutxitxo neguko hotzetan etxeko epela utzi eta entrenamendura azaltzeko.

Hamalau jo genituen eta Naziarteko Federazioko presidenteak, Ko Coren jaunak, inork uste ez zuela, dupleak zeuzkan.
Italian ikusi da egoera zertxobait aldatu dela. Coren holandarrak presidentzia utzi behar izan du gure egoera hobetotxo ezagutzen duen irlandar baten esku. Federazioko eta Jaurlaritzako ordezkariekin eginiko bileran egoera zuzentzen saiatu dira eta epaileak txistua jo duenean sokaren alde batean euskaldunak zeuden berriro. Ez, nahi bezala nazio mailako lehian, ez ikurriña edo Nafarroako Erresumako banderapean, baina han, nazioarteko klub mailako sokan. Enbido bat edukitzen asmatu eta “sikuelakoa” harrapatuta, hiru alerekin etxera: bi urrezkoak eta brontzezkoa hirugarrena.

Azken hiru urtetan eginiko okerra zuzentzen hasteko parada dugu. Ganbaran hautsak estalitako sokak astintzeko garaia da. Faenzakoa pausu txikia da eta segidakoak guk eman beharrekoak. Nazioarteko arduradunak ohartu dira lehiak asko galtzen duela euskaldunen kemenik gabe. Haiek ere jo zituzten elizako teila guztiak karta onegiak izan gabe. Alderik handiena jokoan dagoena da. Nazioarteko Federazioa kirolari buruz ari da, guk, garena, izaera, dugu jokoan. Hurrengo zita irailean, Suedian. Ganbaran gordetako sokei hautsak kentzeko bada denborarik.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia