2008-03-23 -- 2129.zenb
Washington (AEB), 1933ko otsailaren 20a. AEBetako senatuak, Franklin D. Roosevelt presidente demokrata berria hiltzeko saiakeratik bost egun baino pasa ez zirenean, Lege Lehorra izenez ezagutzen zena bertan behera uztea erabaki zuen, alkohola debekatzen zuen lege hura onartu eta hamalau urtera. Urte horietan demokratei “bustiak” (wet) esaten zieten eta errepublikarrak, aldiz, “lehorrak” ziren (dry). Lehorrek hauteskundeak irabazi berritan hartutako lehen neurria izan zen, baina atzetik gehiago etorriko ziren. Izan ere, alkoholaren afera ageri-agerikoa izan arren, horren atzean egoera ekonomiko larria eta errepublikarren moral bikoitza zeuden. Lege Lehorrak arazoak areagotu zituen eta, orduan, duela 75 urte, hasi ziren debekuaren benetako ondorioez jabetzen.
Zorriak gizakien bidaide izan ziren duela 100.000 urte, gure arbasoek Afrikatik kanpora egindako lehen migrazioan. Horixe ondorioztatu du Floridako Unibertsitateko zientzialari talde batek, duela 1.000 urteko Peruko bi momien txirikordetan topatutako zorriak aztertu ondoren. Ikerlarien esanetan, proba genetikoek erakusten dute aztertutako parasitoak munduko beste hainbat tokitan topatutako eta gizakia planeta kolonizatzen hasi baino lehen datatutako anduien berdin-berdinak direla. Egun hiru zorri-andui ezagutzen dira (A, B eta C), eta topatutako ADNak dio Peruko zorri horiek A motakoak direla. Amerikara konkistatzaile europarrek eraman zituztela uste zen orain arte, baina badirudi askoz lehenago erabaki zutela zomorro txikiek beren konkista egitea.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1