Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-17 12:24:53
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-03-16 -- 2128.zenb

Frantziako bozak: herriak eta kantonamenduak

EH Bai: gero eta argiago

Mikel Asurmendi

argazkia

Ezkerreko nahiz zentroko hautagaiek burua jalgi dute Frantziako Nicolas Sarkozy presidentearen nagusikeriaren aitzinean. Hau da, herri eta departamenduko emaitzetan zentro-ezkerreko hautagaiak eskuinekoei nagusitu zaizkie. Geroak erranen du zer egiteko, ordea. Ipar Euskal Herrian ere argazki hori islatu da. Argazkian kolore kontrastagarriak daude. Abertzaleek badute zer lantzea. EH Bai ekimenak gero eta argiagoa izan behar du ordea.

Nicolas Sarkozy presidentearen itzala aipatu genuen bozen aitzineko gure balorazioetan, UMPko markapeko auzapezek Eliseoko politika ezkorra jasan dute. Hots, itzala ez da babesa. Itzalak bidea trabatu die. Sarkozyren UMP alderdiak bozen %40 lortu du eta Alderdi Sozialistak (PS) gidatutako ezkerreko zerrendek %47,5. Oposizioak du ordea, ezkerrak nahiz zentroak (Modemeko François Bayrouk gidatua), politika ezkor horri alternatiba egokia aurkitzeko ardura orain. Bigarren itzulian lortuko dituzten emaitzek eta akordioek erakutsiko dute Frantziako eskuina gogorrari galga jartzeko ahalmena daukaten.

Ipar Euskal Herriko emaitzak aztertu aurretik Akitania Erregio eta Departamendu mailako hiriburu nagusien bi emaitza hartuko ditugu hizpide: Bordelen, UMPko Alain Juppe ministro ohiak auzapez kargua berritu du, lehen itzulian eta aise egin ere. Erregioko presidente PSko Alain Rousset garaitu du guztiz. Juppek Sarkozyren itzal guztiz ilunari itzuri egin dio, eta bestelako eskuin mota ordezkatu nahi duela erakutsi ere. Pauen berriz, PSko Andre Labarrere auzapezaren ordezkoa Modemeko François Bayrou izan liteke. Sozialistek urte luzetan bete zuten bertako auzapez aulkia, eta eskuina zuten oposizio bakarra. Paue zentristen plaza izan liteke etorkizunean.

Ipar Euskal Herria: kantonamenduko emaitzak

Iparraldeko emaitzen balorazio orokorra egiterakoan koadro koloretsua agertu zaigu begietara, ideologia anitzen koloreen nahasmendua. Ekar ditzagun koloreok datuetara kantonamenduetako bozetan. Jean-Jacques Lasserre presidenteak (Modem) bere kargua aise berritu du Bidaxune kantonamenduan bozen %75 lortuz. Bere alderdiko beste kideek –Maule, Uztaritze, Ezpeletako hautetsi nagusiak– erraz berritu dute kargua. Modemek Angelu, Donibane Lohizune eta Miarritzeko aulkiak ere irabaz litzake bigarren itzulian. Paueko Kontseilu Nagusiak zentristen esku segituko du.

Abertzaleen emaitzak onak bezain interesgarriak izan dira hauteskunde kantonaletan. EH Baiko Jean-Michel Galantek bozen %31,80 (1.300 boz) emaitzarekin irabazi du Baigorrin eta bere kargua berritzeko berebiziko aukerak ditu bigarren itzulian. Baigorrin ezezik Uztaritzen ere EH Baiko Mixel Mendiburuk emaitza politak erdietsi ditu: bozen ia %20 (2.356 boz).

Hiriburuko kantonamenduan, ABko Alain Iriart hautagai independenteak irabazi du lehen itzulian. Marka garbi gabekoa izan arren, kontseilari abertzale berria izanen da Pauen.

EH Baik 12.172 boz lortu ditu. 2001ean, ABko eta EAko emaitzak batuta, boz abertzaleak 10.732 izan ziren. EH Baiko bozak erabakigarriak izanen dira bigarren itzulian Miarritze, Angelu, Hendaia eta Donibane Lohizunen. EAJ azken bi kantonamenduetan bere siglekin aurkeztu da eta Argitxu Noblia (bozen %10) eta Iñaki Ibarlozaren (bozen %5) emaitzak ez dira inola ere gutxiesgarriak. Hauen bozek ere erabakiko dute bigarren itzulian.

Herriko Etxeetako emaitzak

Ipar Euskal Herriko herri bozak biziki esanguratsuak izan dira. Koloreen nahasmenduak aztertzeko gisako emaitzak ekarri ditu herri handietan bereziki. Baiona hiriburuan Jean Grenet auzapeza lehen itzulian hautatua izan ohi da. Oraingoan ez da horrela izan. Bozen %44 lortu du. Bere taldekide ohi Yves Ugaldek bozen %16 eta 2.483 boz lortu ditu. Bigarren itzulian, PSko Jerome Agerrerekin lehiatu beharko dute biek. Oposizioak UMPko Grenet diputatua negoziatzera behartu du. Miarritzen ere, Didier Borotra auzapeza eta senataria ez da lehen itzulian hautatua izan. Bozen %41 lortu ditu. Adierazgarria ABko Peio Claveriek erdietsitako emaitza: %14 eta 1.749 boz. Kontuan hartu behar da, Borotraren zerrendan Jakes Abeberri abertzalea dagoela. Bigarren itzulian ere negoziazio zorrotzak izanen dira. Angelun besteak beste gertatu da. Modemeko Robert Villenave auzapezak bigarren itzulia beharko du kargua berritzeko. PSko Jean Espilondo arerio gogorra dauka. Adierazgarria Battitte Mortalenak lortutako bozen %12, hots, 2.171. Mortalena euskaltzalea auzapezaren taldean aritua da. Donibane Lohizunen Michele Alliot-Marie lehen itzulian garaitu da, baina ez du beteko aulkia, Peyuco Duhart menekoak baizik. ABko Pascal Lafitte hautagaiak bozen ia %20 (1.332 boz) erdietsi ditu. Marka esanguratsua. Hendaiako emaitzak zinez adierazgarriak izan dira. Oposizioko Battitte Sallaberrik bozen %45 eta 2.382 boz jaso ditu. Kotte Ezenarro auzapezak bozen %44 (2.311 boz). Ustekabea izan da nolabait. Biharko Hendaiako Iker Elizalde abertzaleak bozen %11 (590 boz) lortu du. Emaitza polita eta auzapeza nor izanen den erabakiko duena. Auzapezen artean, azpimarratu herri txiki askok auzapez abertzaleen marka izanen duela. Alain Iriart eta Jean-Michel Galant auzapez abertzaleen buruan buru izanik.

Euskal Herria Bai (EH Bai)

EH Bai koalizioa abertzaleen arteko ekimen eta aliantza ezinbestekoa da Euskal Herriak Frantziako Estatuan bere ezagutza lortzeko. Hauteskundez hauteskunde hobetuz doa. Hegoaldeko bilakabide politikoak asko lagundu lezake euskal departamenduaren lotze bidean. EH Bai eta abertzaleak giltzarria dira Iparraldean. Boz hauetan ardura hori izanen dute herriko nahiz kantonamenduetako zenbait hautetsi eta kontseilari aukeratzeko orduan. Alta bada, kasu, EH Bai, (AB, Batasuna eta EA) politika posibilistaren bidean aritu ezean, kide abertzale zenbait politika bideak urratzen hasiko dira modu independentean.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan