Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-03-16 -- 2128.zenb

Bigarren sektorea

Emakumeen bila dabiltza industriarako

Daniel Udalaitz

Euskal industriaren etorkizuna, birmoldaketa sakoneko bi hamarkaden ondoren, arriskuan dago eskulan espezializatu faltaren ondorioz. Euskal Patronala, egoeraz jabetuta, emakumea industria sektorera sartzearen alde agertu da.

Eskulan espezializatu nahikorik ez dagoenez, industriaren etorkizuna arriskuan dago. Laurogeiko hamarkadan eta laurogeita hamarrekoaren zati batean Hego Euskal Herriak pairatutako industria birmoldaketek, batez ere siderurgia, ontzigintza, etxetresna elektriko eta ekipoko ondasunen sektoreetan izandakoek, gazteak industriatik aldentzea eragin dute. Birmoldaketa basati haiek nozitu zituzten gurasoek ez zuten nahi seme-alabek ere halako egoerarik jasatea, eta hezkuntza politikak ere ez du lagundu birmoldatutako industria berrien etorkizuna prestatzen. Guraso zein hezitzaileek unibertsitatearen bidez seme-alabak eta ikasleak beste sektoreetara bideratzea nahiago izan dute, etorkizun hobea ikusten ziotelako. Garai batean eskola propioak izaten zituzten euskal enpresa handiek, alde batera utzi zuten hainbat eta hainbat hamarkadetan industriari –garai hartan gehiena astuna– segida emateko balio izan zuen esperientzia garrantzitsu hura.

Ondorioak, gaur egun, nabarmenak dira: industria birmoldatu eta berrituak behar duen eskulan espezializatua falta da Euskal Herrian. Egoerari irtenbidea emateko, zenbait sektore –ontzigintzarena esaterako– Galizia, Kantabria eta Andaluziako espezialistengana jotzen ari dira, galdaragileak, soldatzaileak, hodilariak eta doitzaileak lortzeko.

Etorkinekin ez da nahikoa

Azken hamarkada honen hasierarako ekonomiaren gabezia nagusia eskulan falta zen. Patronalak egindako azterketaren arabera, 18.000 langile behar ziren, horietatik 13.000 espezializazio maila handikoak. Zortzi urte pasatu ondoren, egoera larriagotu egin dela dirudi. Confebask patronalak berriki ohartarazi duenez, enpresen lehiakortasunaz gain zenbait enpresen biziraupena bera ere arriskuan dago.

Hainbat kasutan etorkinen eskulanari esker egoerak zertxobait hobera egin badu ere, ez da nahikoa arazoa konpontzeko. Nolabait moldatu du espezializatu gabeko langileen (peoien) gabezia, baina ez hainbat industria arlotako eskulan espezializatuaren falta. Horixe da 250.000 langiletik gora dituen industriak gaur egun duen erronketako bat. Patronalaren arabera, arrazoi demografikoak direla eta, egoera honek gutxienez hamabost urte iraun ditzake, eta horrek, ordainetan, hainbat enpresaren hazkundea oztopatuko du.

Emakumeak hartzearen aldeko apustua

Gauzak horrela, tradizioz gizonezkoek bete izan dituzten industriako ekoizpen lanpostuetan emakumeak hastearen aldeko apustua egiten ari da euskal patronala. Helburu horrekin diseinatu du azken boladan garatzen ari den plan estrategikoa. Confebask-ek onartu du ez dela erraza izango egoerari buelta ematea, Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako ikasketa teknikoak egiten ari diren ikasleen %8,25a besterik ez baita emakumezkoa.

Hala ere, azken urteotan gero eta emakume gehiago ari dira lanean industriako lanpostu horietan. Murgibe aholkularitza enpresa independenteak egindako ikerketak ondorioztatu duenez, galdetutako emakumeen %98ari ez zaio soldatan diskriminaziorik egiten. Bi herenek kontratu mugagabea dute eta %84ak dio gustura dagoela dauzkan lan baldintzekin. Kontaktatutako 314 emakumeko multzotik 84rekin osatutako lagina erabili da azterketa egiteko. Guztiek 2002tik aurrera ikasi zuten elektrizitate eta elektronika, fabrikazio mekanikoa, ibilgailu autopropultsatuen mantentze lana, ekoizpen zerbitzuen mantentze lana, edo eraikuntza eta obra zibila. Horiek guztiak espezialista eskasia duten jarduerak dira. Galdegin zitzaien emakumeen %30ak unibertsitateko ikasketak ditu eta kopuru horretatik %35ak bukatuak gainera.

Aipatutako Lanbide Heziketako titulazioen jabe diren %2,5a baino ez dago langabezian eta, ikerketaren egileek ziurtatu dutenez, %70a ez da inoiz diskriminatuta sentitu. Alabaina, ia heren batek (%29k) kritikatu du gizonezko lankideek baino gehiago erakutsi behar izan duela lanerako balioa.

Emakumezko gutxi dago oraindik

Euskal patronalak dioenez emakumeen ekarpena funtsezkoa izango da euskal industriaren etorkizunarentzat, Lanbide Heziketaren gaur egungo sistemak ez baitie beharrizan guztiei erantzuten. Erretiroa hartzen duten langileak ordezkatzeko arazoak izateaz gain, lehiakortasunaren eta enpresen hazkundea daude arriskuan.

Industria sektore honetara emakumeak ekartzeko ahaleginak egin arren, enpresen %90ean baino gehiagotan beraien presentzia oraindik ere “testigantzazkoa” da. Hala ere, enpresa batzuetan emakumezkoek langileriaren %20 eta %40 artean osatzen dute.

Patronaleko ordezkariek jakinarazi dutenez, aholkularitza enpresak egindako ikerketak gabezia handia utzi du agerian: eskolaren esparruan lanbide orientazio eta aholkularitzarik ez dagoela. Galdetutako emakumeen %33,9ak ez du inolako aholkularitzarik jaso eta aholkularitza jasotakoen %64,3a unibertsitatera bideratu zuten, Lanbide Heziketaren aipamenik egin gabe.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan