2008-03-16 -- 2128.zenb
Teoria berri baten arabera, baliteke neandertalak behien entzefalopatia espongiformearen antzeko gaixotasun baten eraginez desagertu izana, kanibalismoa praktikatzearen ondorioz.
Orain 30.000 urte desagertu zen Neandertaleko gizakia, arrazoi ezezagunak direla eta. Teoria asko plazaratu da, hala nola aldaketa klimatikoa edo homo sapiens sapiens-aren eragina, baina ezin izan da ezer ere frogatu.
Oxfordeko Unibertsitateko Simon Underdown ikerlariak plazaratu du arestian aipatu teoria berria. Horretarako, 1900 eta 1958 urteetan Papuasia-Ginea Berrian gertatutakoa aztertu du. Han, antza denez, kuru izeneko gaixotasunak –behi eroen gaitzaren oso antzekoa– ia bertako biztanle guztiak desagerrarazi zituen. Uharte hartan oso ohikoak ziren zenbait hileta-erritu berezi, kanibalismoa eta guzti. Egun, oraindik, kuruak heriotzak sortzen ditu eremu hartan.
Neandertalaren aztarna nagusiak orain 100.000 urte ingurukoak dira. Haiengan kanibalismoa oso ohikoa zela frogatu izan da. Simon Underdownek egindako kalkuluen arabera, 15.000 norbanakok osatutako taldea 250 urtean desager daiteke entzefalopatiaren ondorioz. Gainera, kanibalismoa ez da kutsatzeko bide bakarra. Harrizko tresnek, esaterako, oso ongi garraiatzen dute gaixotasuna.
Tabakoa birika-minbiziaren arrazoi nagusietakoa da, baina ez da ezagutzen birika-zelulak minbizi-zelula bihurtzeko mekanismoa.
Kontuan hartu behar da zigarro batek 4.000 substantzia baino gehiago dituela, eta horietatik 40 jotzen direla minbizi eragiletzat.
Journal de la Société Américaine de Biologie Expérimentale aldizkarian argitaratu denez, Kaliforniako Unibertsitateko ikerlari batzuen arabera hidrogeno peroxidoa –ur oxigenatua– omen da minbizi eragilerik nagusia. Laborategien hainbat tabako lagin aztertu zuten, batzuk ur oxigenatudunak eta beste batzuk gabekoak. Lehenbizikoetan minbizi-zelulak garatu ziren, eta besteetan ez. Ondorioz, zigarro ekoizleei ur oxigenatua kentzea aholkatu diete, hilgarritasuna gutxitzeko. Gainerako osagaiekin zer? Auskalo.
Aurrez egindako ikerketa batzuek iradoki zuten, eta haurdunaldiak irauten duen bederatzi hilabeteetan zurrumurruak hortxe ibiltzen dira, emakumeen beldurrak areagotuz. Baina orain arte inoiz ez da Kaiser Fundazioko ikertzaileek bezain argi frogatu kafeinaren eta berezko abortuen arriskuaren arteko harremana. Lan horrek dioenez, haurdunaldian 200 miligramo kafeina –bi katilukada– edo gehiago hartzen duten emakumeek abortua izateko arrisku bikoitza dute.
American Journal of Obstetrics and Ginecology aldizkarian argitaratu den ikerketak 1.063 emakume haurdun aztertu zituen 1996. eta 1998. urteen artean, AEBetako San Frantzisko hirian. Parte hartzaile guztiek adierazi zuten zenbat edari kontsumitzen zuten egunean, bai kafeina zutenak eta baita kafeinarik gabekoak ere, beren azkeneko hilekotik hasita. Haurdun geratu zirenetik kontsumo-ohiturak aldatu zituzten ala ez ere azaldu zuten. Kafeina zuten edarien artean ondorengoak sartu ziren: kafea, baita kafeinagabea ere, tea, edari karbonatodunak eta txokolate beroa.
%25ak (264 emakumek) ez zuen batere kafeinarik kontsumitu haurdun zegoen bitartean, %60ak (630 emakumek) 200 miligramo baino gutxiago hartzen zituen egunean, eta gainerako %15ak (164 emakumek) kantitate hori baino gehiago hartzen zuen. Kafeina gehien kontsumitzen zutenak emakume zuriak ziren, diru-sarrera maila altua zutenak.
Ohiko arrisku faktoreak –adina, tabakoa, edo goizeko goragaleak eta gorakoak– albo batera utzita, ikertzaileek zalantzarik gabe baieztatu zuten kafeinak abortua izateko arriskua nabarmen handitzen duela. Ikerketan parte hartu zuten 172 emakumek abortua izan zuten (%16,8ak). Eta kafeinaren eta abortuaren arteko harremana begi-bistakoa izan zen bestelako arrisku-faktorerik ez zuten emakumeengan. Mezua argia da: emakumeek kafeina hartzeari erabat utzi beharko liekete haurdunaldiak irauten duen bitartean. Eta benetan hartu behar izanez gero, kontsumoa eguneko kafe katilukada bakarrera murriztu beharko lukete.
Landare jendearen artean, natura osoan bezala, akabera oro hasiera kate baten atari da. Etengabeko berrikuntza eta gaztetzea dira iraupenaren, bizitzaren eta etorkizunaren kako. Neguaren amaia ospakizun, zezeileko hilbeila aipatzen nuen. Aurtengo neguari ez al zaio agurra arinegi kantatzen ari? Ahoa neurri ari da jendea udaberriaren alde. Nire begiz, azkartxo. Argi ibiltzen al garela, alegia.
Biharko egunez eguzkia ikusi baino artaldean otsoa hobea dela dio esaerak. Udaberriaren seinaletik baino, negu xelebre baten arrasto gehiago aditzen dut, bada neuk, bisurteko egunean. Eguneroko ez, baina ia biz behineko Orian barrena, beheko erriotik goiko errekarainoko joan-etorrian, negu arrunta batean pare bat edo hiru hilabetetan, bata bestearen atzetik loratzen diren landareak gaur ikusi ditut, lilidi batean. Udazkenaren amaian lorerik eman ezinik ibiliak eta lorea hemendik atzera, hilabetera ere eman beharko luketenak. Hau da hau lorearen emana! Ahaztutako baten bat gora behera, mimosa, muxika, forsitia, udarea, sagarra, elor beltza, magnolia, sahatsa, udaberri lorea, gerezi-erramua, gerezia, erramua, haritza, hurritza, irasagarra, irasagar japoniarra, pinu beltza, zumea, ote zuria, aran japoniarra, gogortxua, zumarra, ainarra, txilarra, erratz-txilarra, haltza, bioleta usainduna, makala, lizarra, kamelia, errododendroa, ilarra, aza, arbia, ilena, txikori-belarra, larrosa, girtangorria, zolda-belarra, hirusta gorria, jasmina, uztao edo migarratz txikia eta ilarrondokoa. Negu xelebrea, bai.
Hartu petxu! Hanka-hutsik oin baten pean hamaika bitxilore hartzeko adina jantzi den arte udaberria ez dela iritsi, dio beste esaera batek.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa