2008-03-16 -- 2128.zenb
Luis Jauregialtzo /Argazki Press
Bipartidismoa da Espainiako Gorteetarako hauteskundeotan gehien errepikatu den hitzetako bat, eta joera horrek gurean ere arrasto handia utzi du, batez ere PSE-EEren mesederako. ETAren azken orduko atentatu bortitzak ere izango zuen eraginik. Ordainetan, PP eta PSOE –edota UPN, PSE eta PSN– ez direnen gehiengoak beherakada jasan du, EAJk eta EAk bereziki gogor. NaBai baino ez da gauza izan emaitzei eusteko eta ezker abertzaleak eskatutako abstentzio aktiboa azpimarratzekoa izan da. Kontuak kontu, Espainiako Kongresuaren irudi berriak datozen lau urteotan Euskal Herriari nola eragingo dion ikustea da orain gakoa.
“Ez da gauza bera” zioen PSEren kanpainako leloak, PPren irudi agresibotik aldendu nahian, eta mezua jendeari heldu zaiola dirudi, Zapatero eta Raxoiren arteko buruz burukoa zirudien honetan popularren garaipena saihesteko gainontzeko alderdietatik boto ugari jaso baitituzte sozialistek. Desberdintasun hori, ordea, nekez antzematen da batzuetan, ezker abertzaleak azkenaldian bizi duen sorgin ehiza ikusita. 2004ko hauteskundeetan ere PSOEren ordezkaritzek irabazi zuten Hego Euskal Herrian –orduan bi eserleku gutxiagorekin–, eta soilik alderdi desberdinek lortutako eserleku kopuruari begiratuta, emaitzak antzekoak izan ziren –EAJk bat gutxiago lortu du oraingoan eta EAk berea galdu du–. Egoera, baina, bestelakoa da. Orduan ezustekoz harrapatu zuen Zapateroren garaipenak eta PPren legegintzaldi gogorraren txandaketak arnas pixka baten itxaropena ekarri zuen: lehendakaria Estatutu Berriaren proposamenarekin ausartu zen, eta PSOEk eta ETAk bake prozesua abiarazi zuten, besteak beste. Egun, zaila da Zapateroren talanteaz hitz egitea, Espainiako presidentearen promes asko airean geratu dira, bake prozesua amaitua dago eta EAE-ANV eta EHAKren ilegalizazioek edo 18/98 auzia bezalako prozesuek garai ilunak ekarri dituzte. Gainera, ETAren azken atentatuaren ostean are urrunagoa dirudi talde armatuaren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa berririk. Hala ere, euskal gizartearen zati handi batek bere babesa eman dio PSOEri –540.215 boto, PP bigarren indarrak baino 202.000 inguru gehiago eta EAJk baino ia 238.000 gehiago– eta pentsatzekoa da elkarrizketaren aldeko Zapaterori bideratu zaiola babes hori, eta ez ilegalizazioen bideari.
EAJk berak esan du ez dela gauza bera PP edo PSOEren Gobernua Madrilen, eta José Luis Rodríguez Zapateroren garaipenaz konbentzituta, kartak mahai gainean jarri zituen kanpainan. Azken finean, lau urteotan Espainiako aurrekontuak onartzeko EAJren babesa izan du Gobernuak –eta ondoren PSOErena Jaurlaritzak, EAEkoak onartzeko–, eta jeltzaleek, emaitza txarrak izan badituzte ere –ia 120.000 boto galdu dituzte–, badakite oraingoan ere giltza izan daitezkeela. Hain zuzen, PSOEz eta PPz gain, EAJ eta CiU dira talde parlamentarioa osatzea lortu duten bakarrak, eta gobernagarritasuna ahalbidetzeko PSOEk bi alderdi horietan akordioak bilatuko ditu, ziurrenik. Paktuak adosteko oso prest dagoela argi utzi du EAJk, eta giltza izan badaiteke etekinak ateratzen saiatuko dela. Lehenengo, seguruenik, kudeaketa arlokoak (aurrekontuak, eskumenak...) eta ondoren, makropolitikari dagozkionak, urriaren 25eko herri galdeketa egin ahal izateko negoziatzea eta lehendakariarekin biltzea behin eta berriz eskatu baitute alderdikideek.
Kongresuan ordezkaritza izango duen beste talde abertzalea Nafarroa Bai izango da. Eserlekuari eustea lortu du, boto eta portzentajeen gorakada txiki batekin; ez da apenas aldaketarik egon Nafarroan. Kontran, EAk lehenengo aldiz bere 22 urteko historian ez du ordezkaritzarik izango Espainiako Kongresuan, duela lau urteko datuekiko 30.942 boz galdu ostean. EAJk eta EBk bezala, EAk batetik bipartidismoari eta bestetik ETAren atentatuari egotzi die errua, baina beherakako joera ez du berria: iazko udal eta foru hauteskundeetan ere EAJrik gabe aurkeztu zen eta 2004an baino boto gutxiago lortu zituen (11.250 bat gutxiago).
Oraingoan EAk bere independentzia ozen aldarrikatu du EAJrekiko eta azken honek Espainian duen jarrera kritikatu, baina hainbat alderdikide konturatzen hasia da euren alderdia EAJrekiko bereiztea kostatu egiten zaiola hautesle askori, eta orain zaila gertatzen ari zaie nortasun propioa berreskuratzea. Martin Aranburu Kongresurako EAko Bizkaiko zerrendaburuak berak esan du EAJrekin egindako koalizioak oztopo eta enbarazu baino ez direla izan bere alderdiarentzat. Ikusi beharko da zein bide hartzen duten etorkizunean.
EB, Espainiako Estatuan IUren moduan, bipartidismoaren biktima garbia izan da eta Aralarrek ere duela lau urte –orduan Zutikekin koalizioan– baino ia 8.900 boz gutxiago eskuratu ditu. Hain justu, Euskal Herria Bai guztien arteko koalizioaren alde azaldu da Aralar, abertzaleen emaitza eskasei erreparatuta: PP, UPN, PSE eta PSNren artean 875.000 boto eskuratu dituzte eta EAJ, NaBai, EA, Aralar eta ezker abertzalearen estimazioak 620.000 baino ez dituzte batzen. Aldea handia da eta Espainiako eta Euskal Herriko hauteskundeetarako jendeak desberdin bozkatzen duen arren, abertzaleen arteko batasunaren beharra agerian utzi du.
Ohiko abstentzioa abstentzio aktibotik bereiztea zaila bada ere, datuek arrasto batzuk utzi dizkigute. Hego Euskal Herrian %33,27koa izan da abstentzioa –%24,63koa Espainiako Estatuan–, duela lau urtekoa baino ia 9 puntu handiagoa, eta batez ere Gipuzkoan nabarmendu da (%41,66). 2000. urtean, Batasunak abstentziorako deia egin zuenean, %35,2koa izan zen Hego Euskal Herrian. Ezker abertzaleak beste behin erakutsi duen indarra alde batera uztea tontakeria litzateke eta Espainiako erakunde politikoetan eragin esparrurik izango ez badu ere, alderdien arteko bilerei berriz ekingo ote zaien ikusi beharko da; hau da, datozen lau urteetan Espainiako Gobernua ezker abertzalearekin elkarrizketak berreskuratzeko prest egongo al den. Kontuak kontu, ohiko bilakatzen ari den arren ez dio oso larria izateari utzi milaka pertsonaren hautua den alderdia ilegalizatzen jarraitzea eta zoritxarrez, hauteskunde hauetan ere errepikatu egin da normalizazio falta hori.
Historian lehen aldiz, PSEk irabazi egin du EAEko hiru lurraldeetan. Bereziki harrigarria izan da Bizkaian, EAJren ohiko gotorlekuan, hemen ere PSE gailendu zaiolako bototan (35.000 baino gehiagoko aldea) eta diputatutan (1 gehiago). Duela lau urte baino diputatu bat gutxiago aukeratzen zuen Bizkaiak, jeltzaleek galdu dute berau eta ondorioz lehen indarra izateari utzi diote estreinakoz. Ezustekoa eman duen beste lurraldea Gipuzkoa izan da: 2004ko eta iazko goranzko joerari eutsi egin dio PSEk –botoak irabazi dituen alderdi bakarra izan da– eta eserlekua lortzeko EAk zuen aukera zapuztu du, honek boz asko galdu baititu –%40 baino gehiago, duela lau urtekoekin alderatuta–. Araban, aurreikuspenak betez, eserlekuak berdin mantendu dira, eta hemen ere sozialistena izan da botoak irabazi dituen alderdi bakarra. Azkenik, Nafarroan beste behin ere UPN izan da garaile, baina ez du bete hirugarren eserlekua lortzeko zuen helburua, PSNk duela lau urteko emaitzei eustea lortu baitu. Hala, ez du eraginik izan iazko foru hauteskundeen ostean NaBairekin bat ez egitea erabaki ostean PSNn sortu zen krisiak.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa