Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-03-09 -- 2127.zenb

Raskolnikov, plazera eta egia

Ur Apalategi Idirin

argazkia

Dani Blanco

Josi, praxiaren xumetasunetik abiatzera gonbidatu gintuzun lehengoan. Juanjo, moralaren ezinbestekotasuna erakutsi berri diguzu. Gure ekintzen eta jokabideen oinarrian morala kokatzearen aurka aritu naiz azken bi ttakunetan.

Orain Dostoievskik sorturiko pertsonaia gogoangarri hura datorkit burura. Ezin uka Raskolnikoven figura maite dudala. Krimena eta zigorra irakurri ez duenari laburpentxo bat eskaini beharrean nago lehenik: Raskolnikov morala norberak ezartzen duelakoan dago, hots, pentsatzen du morala ez dela objektiboa, ez dela soziala, eta bere buruari hori frogatzeko erabakitzen du atso lukur bat erailtzea, gizarteari ezer onik ekartzen ez diolako aitzakian bermatuz. Bere asmo nihilista betetzen du bete… baina damua zain dauka muga moralaren “beste aldean”, eta errudun sentitzea, moralki errudun, gero eta jasanezinago bihurtuko zaio. Azkenean, moral objektibo batera itzuliko da, kristautasunak eskaintzen duen moralera.

Esan dut maite dudala Raskolnikov. Baina maite dut filme hollywoodiar asko maite ditudan moduan. Superman betiko plazer berrituaz ikusten dudan moduan. Hau da, eroso sentiarazten nauelako ikusteak nola irabazten duen onak azkenean eta nola morala garaile ateratzen den. Statu quo-aren aldeko ekoizpen kulturalak direla bistan dago eta badute, egia da, bertute lasaigarririk. Gauzak beti beren onera itzultzen dira halako obretan. Baina besterik da jakitea mundu ikuskera hori egiazkoa iruditzen zaidan. Egia deserosoa da, kaotikoa delako, absurdua, injustua, bortitza. Morala, berriz, erosoa, ederra, harmoniotsua, ordena ezarlea. Haatik, egia moralarekin bat baletor –idealismo mota guztiek aldarrikatzen dutenez (eta moral demokrata ere idealismo bat da)–, morala soberan legoke, ez legoke moralaren beharrik egia defendatzeko. Morala dagoen ber susmoa pizten zait delako moral horrek babesten duen egiarekiko. Horregatik, Raskolnikovek egiten dituen galderak zirraragarri zaizkit, bere liburuaren hasierako norabiderik ezak “hitz egiten dit”, ez ordea nobelaren bukaerak. Thomas Pavel-i irakurri nion moduan, funtsean Dostoievski nobelagile zoragarria da, baina tesi nobelak egiten zituen, sinpleki. Hori bai, inoiz idatzi diren tesi nobela zoragarrienak, irtenbide moralaren aurretiko krisia inork ez bezala zekielako deskribatzen. Hain da boteretsua bere idazkera ezen ahantzarazten baitigu tesi nobelak direla ere.

Hortaz, plazer literarioak ez du zerikusirik egiarekin. Askotan obra gezurtienak zaizkigu atseginenak, eta gure uste edo sinesmenen aurka doazela jakin arren ez da txikiagoa izango gure plazera. Bestela ez genuke hainbeste zabor kultural kontsumituko.

Homosexualen eskubideez ari zinen, bestalde, Juanjo, berriz ere morala inbokatuz. Nik ere galdera bat egin nahi nizueke bioi hau dela eta: morala delako lortu ote dute homosexualek ezkontzeko eskubidea? Badakigu morala aldakorra dela, etengabe berridazten ari dela eta baliteke moral dominantearen azken berridazketak indarra eman izatea homosexualen aldarrikapenari, baina uste duzue morala delako inposatu dela azkenean homosexualen ezkontzeko eskubidea? Ala lobby bihurtu delako –ekonomikoki boteretsua, kulturalki eragilea eta elektoralki errentagarria–, alegia, indar sozial bat bilakatu delako?
Morala, indarra… betikoa.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan