Hamaika aukera frantses politika egonkorrean

  • Martxoaren 9an eta 16an udal eta kantonamendu bozak dira Frantziako Estatuan. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko 52 aulkitik 26 berrituko dira bi igande hauetan. Ipar Euskal Herrian 11 aulki daude aukeran. Kontseilari abertzaleren bat eseriko ote?
Alain Iriart
Alain Iriart Gaizka Iroz
Frantziar Errepublikako herri eta kantonamendu bozak aro berria ezagutzen ari dira presidente berriaren eskutik: bozek Nicolas Sarkozyren marka dute. Ipar Euskal Herriko solas-leku politikoetan honako lema honek hartu du indar: “Hauteskunde hauek ez dira politikoak”. Pertsonaren markak –politikariak dira edonola ere– gailendu dira berauetan. Alderdien markak ahulduz joan dira. Markak marka, interesak interes, eskuineko, zentroko, ezkerreko nahiz abertzaleak aurki ditzakegu herriko etxerako zerrenda berean.

Artean, presidenteak Eliseoko maizterra baino gehiago izan nahi du, erregea izan nahi du. Politikako eremu eta alderdi guztiak bere menpe nahi ditu. Barne Ministerioaren aginduz, udal bozetako hautagaiek, independente izan arren, beren marka politikoa zehaztu behar dute Suprefeturan.

Halaber, Nicolas Sarkozy Pirinio Atlantikoak departamenduan izan zen kanpaina hasi aitzin eta bere arrastoa utzi zuen Kako baserri aferaren kariaz. Alegia, abertzale den guztia arras arriskutsua da Errepublikako demokrazian.

Udalerrietako (herriko etxeak) nahiz kantonamenduetako bozetan erabakitzen den –Paueko– Kontseilu Nagusian azpiegiturazko proiektuak dira munta handiena dutenak: etxebizitza, AHT, 2x2 errepidea, A-63 autobidearen zabaltzea. Hondakinen kudeaketa, bestalde. Alderdiek, printzipioz, jarrera ezberdinak dituzte proiektu hauek gauzatzeko orduan. Nola moldatzen ote dira hauteskunde programa osatzeko, ordea? Erantzuna “hauteskunde hauek ez dira politikoak” lemaren barnean aurki liteke, naski.
Herri hauteskundeak: abertzaleak eta gainerakoak

Gainerakoak alderdi frantziarrak dira, nagusiak, alegia. Baiona, Miarritze, Angelu, Donibane Lohizune eta Hendaia dira plaza nagusiak. Miarritzeko senataria Didier Borotra notableak (70 urte ditu) berrituko du auzapez karguan. Zentrista (UDF) honek eskuina, ezkerra, berdeak eta abertzaleak bere aldera bideratu zituen aspaldi. Baionako Jean Grenet diputatu auzapezak (UMP) zailtasun gehiago dauka. Notable honek ere berdeak, abertzaleak eta zentristak eraman ditu bere bidera. Alta, hainbat urtez berarekin aritutako Yves Ugalde bere kasa aurkezteak amini bat zaildu du auzapeza segitzeko aukera. PS eta PCFek sostengatutako Jerome Agerrek egin diezaioke itzal. Grenet diputatuaren markak du berme nagusia halere. Angeluko auzapez kargua zalantzan dago. Robert Villenave (UDF-UMP) auzapezak –Grenet Baionan bezala– berarekin aritutako Battite Mortalena du arerio zuzena. Donibane Lohizune da notableen lekukotasun agerikoena. Michele Alliot-Marie Barne ministro da zerrendaburu eta irabazle segurua. Berak ez du auzapez kargua beteko, orain arteko Peyuco Duhart auzapezak baizik. Hendaia eta Urruña dira beste plaza aipagarriak. Urruñan Daniel Polou izan da auzapeza. Diputatua ere bada, Michele Alliot-Marieren ordezkoa. Ez du notable titulua erdietsi, antza denez. Kargu sobera izan du, naski. Diputatua izateaz gain kontseilaria izaki Pauen, auzapez kargua Leon Marin-i utzi zion. Ez dira ondo moldatu eta Polouk Daniel Irazoki sostengatu du auzapez izateko. Urruñan, Angelun legez, auzapezaren aulkia zalantzan dago. Hendaian Kotte Ezenarro auzapezak berrituko du karguan. Gainerakoa ezustea litzateke. Hendaian baina hautagai abertzaleen paradigma islatu da. Biharko Hendaia da abertzaleen zerrenda, Batasunak nahiz ABk sostengatua. Richard Irazusta, ABko kide esanguratsua, Biharko Hendaiako zerrendan joatekoa zen, baita horretan aritu ere. Alabaina, abertzaleen batasuna hitz soila baino ez da, antza. Hendaiako beste bi zerrendetan (Kotte Ezenarro eta Battite Salaberri) marka guztietako abertzaleak daude, eta ez dira gutxi. Sarkozyk aro berria markatu nahi du. Abertzaleen aro berria ez da iritsi oraino.

Kontseilu Nagusia: Jean-Michel Galant, baita Alain Iriart ere, agian.

Herrietan ez bezala, kantonamendu bozetan Euskal Herria Bai kandidaturak (EHB) ordezkatu ditu alderdi abertzaleak: ABk, Batasunak eta EAk sostengatua. EAJ ez dago koalizioan. Ohargarria da: Nafarroan –NaBai dela bitarte– Batasuna ez dago abertzaleen koalizioan. Iparraldean berriz, EAJ ez dago. EAJ abertzaleen koalizioan aritzeko aukera urte askotarako galdu dela ematen du. Hendaia eta Donibane Lohizunen hautagaiak aurkezten ditu EAJk: Iñaki Ibarloza eta Argitxu Noblia, hurrenez hurren.

Paueko Kontseilu Nagusian zentro-eskuina da nagusi. Bidaxuneko auzapez Jean-Jacques Laserre da presidentea (UDF-Modem), François Bayrouren ildokoa. 21 kantonamenduetako kontseilariak berrituko dira; 11 Iparraldean. Jean-Michel Galant kontseilari abertzale bakarra ABren izenean aritu da zazpi urtez. EHBren izenean aurkeztu da orain Baigorriko kantonamenduan. UMPko Philippe Juzan du arerio nagusia. Eskuina zatituta dago ordea. Jacques Etxandi (UDF-Modem) zentristak ere aukerak ditu. Galant bigarren itzulian hautatua izan zen eta oraingoan ere, izatekotan, halaxe beharko da.

Hiriburuko Alain Iriart auzapezak eskura dezake kontseilari kargua bertako kantonamenduan. Eskuinak ez du hautagairik aurkeztu. Ezkerra (PS eta PCF bereiz) eta EHBko Jean-Luc Hauziart ditu arerio. Iriart ABko kidea da baina independente gisa aurkeztu da: “Abertzaleak ardura postuetan izatea nahi dut, ez beti oposizioan” du lema.

Alderdi abertzaleen xede nagusia Euskal Departamendua da –euskararen ofizialtasuna eta Laborantza Ganbera barne– eta giltzarri dira zenbait herritan edo plazatan. Kontseilu Nagusian alderdi frantsesen oraingo statu quo zalantzan ezartzeko denbora beharko da alabaina.
Berrikuntzarik gabeko bozkak (Eguzki Urteaga)
Bozka hauen ezaugarriak hamar puntutan laburbildu daitezke:
  • 1) Normalean, alderdi abertzaleek beren emaitza hoberenak bertan lortzen dituzte, bai bozka kopuruetan bai ehunekoetan, hurbileko hauteskundeak direlako, esan nahi baita bertako gaiek, arazoek eta pertsonek lehentasuna daukatela,
  • 2) Bi itzulitako gehiengo bozka denez, alderdi txikiei ezinbestekoa zaie alderdi nagusiekin adostasun batera iristea, lehen itzulian elkarrekin abiatuz eta bigarren itzuliari begira akordio bat izenpetuz.
  • 3) Abertzaleak modu ezberdinetan aurkeztuko dira, alegia, zerrenda propioak aurkeztuz, Baionan suertatzen den bezala Baiona Berriarekin ala Donibane Lohitzunen gertatzen den legez Herri Berrirekin, lehen itzuliaz geroztik zerrenda nagusietan sartuz, Angelun ala Miarritzen izango den gisa –horrek, hautetsiak edukitzea bermatzeaz gain, ardurak lortzea ahalbidetzen du– ala bigarren itzuliari begira, adostasun batzuetara ailegatuz –estrategia horrek arrisku bat dauka zeren alderdi abertzaleek ez daukate izaera propiorik eta ikusgarritasun handirik–.
  • 4) Gehiengoak faboratu nahiz, IV. Errepublikako Legebiltzar erregimenak sortutako ezegonkortasuna saihesteko asmoarekin, bozka sistemak zerrenda nagusien gehiengoa areagotzen du; hori dela eta, aulkien gehiengoa ziurtatua izateaz gain, bere politika aurrera eraman dezake oposizioa zokoratuz,
  • 5) Udal bakoitzeko zinegotzien kopurua handia da: 9 eta 39ren artean kokatzen baita, horrek sortzen dituen kudeaketa arazoekin. 3.500 pertsonatik beheragoko herrietan (herrien gehiengoa, batez ere Lapurdi barnealdean, Baxenabarren eta Zuberoan) hautesleek zerrenda ezberdinetako hautagaien artean aukeratu dezakete, bozka pertsonalizatuz eta alderdien logika ahulduz.
  • 6) Alderdien indarra nahiko xumea da hautagai asko etiketarik gabe aurkezten baitira, nahiz eta hautetsi nagusi guztiek gobernu alderdien sostengua eduki.
  • 7) Historikoki, Ipar Euskal Herria zentro-eskuineko lurraldea da, alderdi sozialistak zailtasun nabariak dauzkalarik boterera iristeko, Hendaia, Ziburu ala barnealdeko herri batzuk salbuespenak direlarik.
  • 8) Notabilismoak pisu itzela dauka, esan nahi baita hautetsi nagusiak jauntxoak direla eta beraien zilegitasuna Frantzia eta Iparraldearen artean betetzen duten bitartekari funtziotik jasotzen dutela, funtsezko solaskideak izanez.
  • 9) Hautetsiek hainbat kargu pilatu ditzakete, esaterako, Biarritzeko alkatea. Frantziako senataria da eta Baiona-Angelu-Biarritz Hiri Elkargoko lehendakaria da.
  • 10) Ez dago berrikuntza handirik, ez pertsonetan, ez belaunaldietan, ez genero kontuetan.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude