Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-03-09 -- 2127.zenb

Hauteskundeak 2008:Espainiako Kongresua eta Senatua

Bigarren trantsizioaren zain, hamargarrenez

Mikel Asurmendi

Euskal Herri osoan, lehen aldikoz historian, hauteskundeak burutuko dira martxoaren 9an. Espainiako Estatuko hauteskunde orokorrak dira Hegoaldekoak. Herri eta kantonamendu bozak Iparraldekoak. Alderdi abertzaleak marko politikoaren aldatzearen alde borrokatzen dira bietan.

Espainiako Estatuko Kongresuko eta Senatuko ordezkariak aukeratuko dira hamargarren aldiz. Hauteskunde hauek Francoren diktaduraren osteko trantsizioan izan zuten abiapuntu. Diktaduraren aurretik, gobernu sistema Errepublika izan zen eta Monarkia parlamentarioa da egungoa. Konstituzioak espainiar nazioari aitortzen dio nagusigoa, periferiako nazioak bigarren mailakoak edo “nazionalitateak” izaki.

Kongresua eta Senatua zentro-eskuineko aukera politikoek (UCD) kudeatu zuten lehen bi legealdietan. Ondoren, zentro-ezkerrak (PSOEk) eta eskuinak (PPk) gobernatu dute aldika. Gaur egun, bipartidismoa egonkortu da, mendebaldeko demokraziaren eredu nagusia. Demokrazia honek AEBetako ereduarekin gero eta antza gehiago dauka. Hedabideek markatzen dituzte hauteskundeen emaitzak neurri handian; PSOEko Zapatero eta PPko Raxoi hautagai nagusien lehia mediatikoa lekuko. Bi alderdiak eredu sozial ezberdinen ordezkariak dira, baina estatu-nazioaren eredu osagabeak euren politikak definitzen ditu nagusiki.

Euskal Herritik begiratuta, hauteskunde hauek bi eremutan jokatzen dira: Espainian eta bertan. Bertako eremuak bi esparru ditu: Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Nafarroa.

Zapatero edo Raxoi

PPk bi aldiz irabazi ditu hauteskundeak, baita bi legealditan gobernatu ere. PSOEk baino estatu eredu definituagoa dauka eta botere ekonomikoa, legegilea eta Elizarekiko harreman sendoa. Estatuaren oraingo marko-juridikoaren statu quo hobesten du, nazio-anitzaren ideia errefusatuz. PSOEk gizabanakoen eskubideak hobeto landu ditu, baina nazio-anitzaren eredua lausoa du oraingoz. Iragan legealdian –Kataluniako Estatut berriaren bitartez– Estatuaren eredua birmoldatzeko saioa zirudiena ezerezean geratu zen. Zapateroren Gobernuak, halaber, Eusko Legebiltzarraren Estatutu Berriaren proposamena geldiarazi zuen. Euskal Herriaren bake eta normalizazioaren saioak ere berea egin du. Hogeita hamar urteotan hiru saio izan dira irtenbidea bilatzeko –Aljerreko elkarrizketen, Lizarra-Garaziko Akordioaren eta Anoetako Proposamenaren kariaz–. Gobernuen eta ETAren saioek porrot egin dute.

Nafarroa abiapuntu eta gakoa

Espainiako gobernuburu Zapaterok, hauteskunde kanpaina hasi aitzin, Nafarroan eman zuen bere lehen mitinetako bat. PSOEren zaurietako batek Nafarroa du izena. PSOEk PSNren eta NaBairen arteko akordioa zapuztu zuen, UPNren (PPren) Gobernu alternatiba izan behar zuena. Zapaterok Nafarroako elkarbizitza jarri zuen aitzakiatzat, askoren aburuz Espainiako egonkortasuna ziurtatu nahi zuen, ordea.

Nafarroan bost diputatu aulki daude jokoan: UPNk eta PSNk bina dituzte, NaBaik berriz bat. Ez dirudi aulki banaketan aldaketarik egongo denik. PSNk ordezkari bat galtzea, NaBairen mesedean, aldaketaren akuilua litzateke. UPNk berau bereganatzea iraganera itzultzea litzateke. Ezker abertzalearen hautetsi independentisten ekimenaren abstentzio jarrerak nola eraginen duen faktore berria da.

EAE eremu abertzale aitzindaria

EAEn, alderdi abertzaleen ordezkariak zortzi izan dira aurreko legealdian: EAJk zazpi diputatu ditu eta EAk bat. EAJk PSOEren Gobernuaren aurrekontuak sostengatu ditu, EAk ez ordea. EAJren lematako batek hauxe dio: “PP eta PSOE ez dira gauza bera, baina berdin jokatzen dute”. Dialektikaren garaia da, inondik ere. Ekintzak ez du izana definitzen, antza. Aldiz, EAk dio berak ez dituela, EAJk bezala, Estatuko Gobernuaren politika zentralistak laguntzen. EAk haatik EAEko eremu politikoa EAJrekin kudeatzen du –EBrekin batera–. Politika posiblearen artea baita. Ez gaude akordio garaian, politika garratzaren garaia da. Politikan kalkulu guztiak sartzen dira. Esaterako, ezker abertzale ofizialaren hautetsiak independentistak eta ezkerrekoak dira. EA ere independentista eta ezkertiar gisa ari da kanpainan, baita Aralar halaxe aritu ere. Antza, EAEn abertzaleak indartsuak direlako bereiz doaz. Nafarroan EAJ, EA eta Aralar eskutik doaz NaBai-n. Ezker abertzale ofiziala (Batasuna) ez. Ipar Euskal Herrian Batasuna eta EA elkarrekin doaz (ABrekin; demagun Aralarren hurbilekoa).

Azken legealdian PSEk zazpi aulki bete ditu eremu honetan, PPk berriz lau. Espainiako politika-eremua dute amu bertako eremuko aulkiak ziurtatu ahal izateko.

Anoetatik Loiolara

Trantsizioan zabaldutako garaiak Lizarra-Garaziko Akordioan izan zuen inflexio puntua. Oraingoak berriz inboluzio garaia dirudi. 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo sarraskiek –hauteskundeak baino bi egun lehenagokoak– aldatu zuten Estatuko politikaren norabidea. PSOEk boterea ustekabean berreskuratu zuen. Horrek ETArekin –eta ezker abertzalearekin– berriz ere euskal auziari irtenbidea bilatzea bizkortu zuen. Bide orriaren abiapuntuko estazioa Anoeta izan zen. Azken estazioa berriz Loiola. ETAk, hauteskunde kanpaina hasi eta bere marka utzi zuen Bilboko Arnotegi mendiko telebista hedagailuan. Bere jarduerak –duela lau urteko sarraskiek eragin zuten moduan– gobernu aldaketa eragin ote dezakeen aipatu da. Hori da inkognita. Inkognita da halaber, PSOEk irabaziko balu, zein neurrian saiatuko litzatekeen ETArekin negoziatzen berriz ere. PSOEk baina, maxima hauxe jarri du mahai gainean: “Indarkeriarekin ez dago politikarik”.

Estatuaren marko berrirako indar korrelazioaren lehia

Alderdi konstituzionalistek 312 ordezkari dituzte Kongresuan: PSOEk 164 eta PPk 148. Periferiako alderdiek 37. Azken bi hauteskundeetan, batez beste, Espainian nahiz bertako eremuetan (Hego Euskal Herian) %76k bozkatu zuen. 2000ko hauteskundeetan berriz: %67k. Haiek PPk irabazi zituen.

EAJko trena Estatuko periferiaren bide luzea egiteko prest dago, antza. Maltzagako bidea aspaldian zapuztu zen. Ezker abertzale ofizialak proposatutako abstentzioaren eraginak gatazkaren parametroak zehaztuko ditu neurri batean. Inflexio une asko ezagutu dugu azken hogeita hamar urteotan. Uneon inboluzio egoeran gaude. Inboluzio honek aukera politiko berriak bizkortu edo urrundu ditzake. Ezusteko handirik ezean, hauteskundeetako emaitzek ez dute panorama politikoan tsunamia eragingo. Hala ere, bake eta normalizaziorako bideko estazioak hurbil edo urrun dauden antzemanen dugu. Loiolan geratu zen trenak berriz abiatzerik duen edo ez. Irtenbiderako bidea luze izan liteke, edo ustekabean, politikako abangoardiek eta eliteek auzia ebatzi. Politika posiblearen artea baita, baita inposible dirudienean ere.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan