Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-03-09 -- 2127.zenb

Garapen jasangarria

Joxerra Aizpurua

Hiri jasangarria

Abu Dhabi-ko emirerrian (Arabiar Emirerri Batuetan) munduko hiri ekologikorik handiena izango dena eraikitzen hasi dira. Masdar City izango du izena, eta 50.000 lagun biziko dira bertan 2013tik hasita. Emirerriko gobernuak sustatu du proiektua; helburua teknologia berdeen munduko erakusleihorik handiena eraikitzea da.

Ur eta energia kontsumoa ahalik eta txikiena izango duen hiria murruz inguratuta egongo da, basamortuko hondarra ez sartzeko. Birziklapena izango da prozesu guztien oinarria, eta besteak beste itsasoko ur gezatu kontsumoa txikia izatea nahi dute; horretarako erabilitako ura baratzetan eta bioerregaia egiteko erabiliko da. Esan gabe doa oinez edo bizikletaz ibiltzea izango direla garraiobide nagusiak, baina distantzia handiagotan, automobila baztertzeko garraio-sistema automatizatua jarriko dute. Energia guztia iturri berriztagarrietatik aterako da; eguzkikoak, batez ere, izugarrizko garrantzia izango du, Abu Dhabiko basamortuan ez zaie-eta eguzkirik falta.

Lanak zuzentzen ari den partzuergoak iragarri berri du “energia positiboan” oinarritutako munduko lehen dorrea eraikiko duela. Hau da, energia kontsumitu beste sortzen duen eraikina. Iragarri dutenez, ur eta energia kontsumoa oso txikiak izango dira Masdar City-n, eta ez da CO2-rik igorriko atmosferara. Hondakin solido eta likido guztiak hainbat prozesuren bidez birziklatuko dira.

Zenbat ordaindu behar da kutsatzeagatik?

Frantziako hiru elkartek azterketa egin dute, bakoitzak bere aldetik, bost zaldiko automobilak, urtero 20.000 kilometro eginez eta 100 kilometroko zazpi litro erregai kontsumituz, isuritako CO2 kantitateagatik ordaindu behar lukeena jakin nahian.

Emaitzak harrigarriak izan dira. Action Carbone etxearen arabera 43 euro ordaindu behar dira urtean, Climat Mundi-ren arabera 80, eta CO2 Solidaire-ren esanetan, 122.

Nola liteke hori? Lehenik, CO2 tonarentzat salneurri desberdinak erabili dituztelako hiru elkarteek, eta bigarren, ez direlako ados jartzen automobil batek igorritako CO2 kopurua kalkulatzeko garaian.

Osasuna

Jabier Agirre

Masajea

Akupunturako orratzak eraginkorragoak dira bizkarreko minari aurre egiteko, betidanik erabli izan diren farmako konbentzionalak baino. Horixe da ekialdeko terapiaren eraginkortasuna aztertzeko mendebaldean sekula egin den ikerketarik handienaren ondorio nagusia. Milatik gora gaixok hartu dute parte, eta 9.400 akupuntura saio ebaluatu dira.

Ikerketaren egileek Archives of Internal Medicine aldizkarian diotenez, akupunturak aukera terapeutiko egokia eta eraginkorra eskaintzen die medikuei bizkarreko minari aurre egiteko, albo-ondorio eta kontraindikazio gutxi dituelako. Emaitzak, izan ere, bikainak izan dira, zientzialariak harritzeraino. Orratzak bestelako tratamendu tradizionalak –fisioterapia, masajeak edo analgesikoak– baino eraginkorragoak gertatu dira. Akupuntura jaso zutenen ia erdiak hobekuntza nabarmena izan zuten beste terapia batzuk erabili beharrik gabe. Eta terapia konbentzionala hartu zutenen artean, lautik batek baino ez zuen hobera egin.

Dena den, plazeboaren eragina ere baloratu beharreko kontua da. Ohiko akupunturan, orratzak puntu jakinetan jartzen zaizkio gaixoari, itxuraz bizi-energia, qi izenekoa, kitzikatzen duten puntuetan hain zuzen. Baina gaixo batzuei orratzak bizkarreko edozein lekutan jarri zitzaizkien nahiko modu azalekoan. Eta akupuntura “faltsua” jasotakoek ere emaitza onak izan zituzten.

Horregatik, ikertzaileek zalantzan jarri dute akupunturaren ekintza-mekanismoa, eta superplazebo deitu diote. Horretan, eragin psikologikoak –terapeutarekin harremana, teknikaz espero duguna…– eta fisiologikoak –orratzek, edonon jartzen direla ere, minaren eta nerbio-sistemaren gain duten efektua– nahastuko lirateke. Behintzat, ezin uka daiteke orratzak eraginkorrak direla bizkarreko mina kentzeko.

Landareak

Jakoba Errekondo

Pago loreak

Erantzita, neguan, azal bizitan, larrugorrituta, landare asko aritzen da lanean, jo eta jokatzeko lanetan. Urte zaharreko solstizioko egun motzenetan inork, neguaren zezeileko bihotzenean gutxi batzuk –aurtengoan hurritza, otsaileko eguzkia baino txoroago–, eta sasoi berriko soinekoaren probatan hasten direnean beste batzuk.

Ugalketa lotzeko, ondorengoak ekarriko dituzten haziak onduko dituzten fruituak haziko dituzten loreak ernaltzeko, arraren eta emearen arteko polenaren garraioa haizeak egiten dion landareak bi aukera ditu: hostaje-jantzia erantzita larrua bizirik deneko tartea loratzeko baliatu, edo hostotuta dagoenean adar buruaren muturraren puntaren puntako erpinean zabaldu lorea. Biak estrategia egokiak dira loreak haizeari eman behar dizkion polen aleak ahal bezainbeste hedatzeko. Lehenak ditu, ordea, zale gehien.

Neguan loreak zabaltzea kirtenkeria galanta dirudi, hotza eta izotzaren mende bailirateke. Balizko kalte horiek saihesteko, hurritzak (Corylus avellana) lorea neguaren hasieran ernaldu eta begi pinporta barruan babestuta jasotzen du, gero, udaberrian, hostoekin batera zabaltzeko. Beste batzuk, gehienek –haritz, intxaurrondo, pago, pinu, ler, xarma, astigar...–, izerdi berriarekin sasoi berrasian, neguaren hilbeila eta hiletetan hostoak erabat zabaldu aurreko tartetxo horixe hartzen dute loretarako. Begiak lehertu eta hostoak zabaltzerako, loreak helduta daude, eta haizeari polena eman eta eman ari dira. Geroxeagorako utziz gero hostoek polenaren garraioan enbarazu, loreen ernalketarako oztopo eta fruituak, haziak eta ondorengoak ematea eragotziko lukete. Sasoi berria hasia izango denez, ernaldutako lore horiek jelaren beldur gorde beharrik ez, eta sasoi horretako izoztetxoetatik babesteko nahikoa izango dira hazten ari diren hosto berriak berak.

Hostoz jantzita denean lan honetara ematen den landare bakanetakoa da gaztainondoa (Castanea sativa) eta lasai, eserita itxaron, sasoia heltzen denean dantzatuko dugu... haizearekin ufaka!

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan