Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-03-02 -- 2126.zenb

Politikarien soldatak

Gure zergek askorako ematen diete

Daniel Udalaitz

argazkia

Euskal herritarrok, gure instituzioak eta Lakua zein Iruñeko gobernuak mantentzeaz gain, instituzio espainiar eta frantziarrak mantendu behar ditugu, tartean justizia eta Espainiako monarkia. Gure zergen kontura soldata oparoak lortzen dituzte politikariek.

Hego Euskal Herriko politikariak dira Espainiako Estatu osoan hobekien ordainduta daudenak. Atentzioa ematen du zenbait euskal politikarik Rodríguez Zapaterok berak baino gehiago kobratzen dutela jakiteak. Gure zergekin ordaintzen diren aurrekontuetako sosak kobratzeko garaian, Espainiako monarkia eta justiziako goi karguak dira zatirik handiena eramaten dutenak. Frantziako Estatuari dagokionez, publikoak diren datuak besterik ez ditugu lortu. Gure politikariek hilean 4.500 eurotik 8.000 eurora irabazten dute, eta horrez gain bestelako pribilegioak ere badituzte: dieta ederrak, kalte ordainak, kargua utzi ondorengo ordainsariak eta hainbat pentsio mota.

Autonomia erkidego batetik bestera politikariek gehiago edo gutxiago kobratzearen arrazoia da administrazio bakoitzak eskumena duela nahi dituen ordainsariak ezartzeko. Halaber, esanguratsua da kontuak berrikustea tokatzen denean alderdi politiko guztiak beti ados egoten direla. Eusko Legebiltzarraren kasuan, salbuespen bakarra izan da: ezker abertzalearen jarrera, aurtengo ordainsariak %6 igotzearen aurka azaldu baita.

Zapaterok baino gehiago

Koadroetan ikus daitekeenez, Euskal Herriko zenbait politikarik hilean 7.765 € kobratzen duen Zapaterok baino gehiago irabazten dute. Soldata hori, hala ere, Sarkozyrenaren azpitik dago, hark %140 igo baitzuen bere soldata eta hilean 8.000 € kobratzetik 19.000 kobratzera pasatu da. Esate baterako, Ibarretxe lehendakariak, bere sailburuek, Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, EAEko foru aldundietako ahaldun nagusiek eta Bilboko alkateak urtean diru gehiago irabazten dute Espainiako presidenteak baino. Hegoaldeko hiriburuetako gainontzeko alkateak, Nafarroako hiriburukoa izan ezik, Zapateroren diru sarreretatik gertu daude.

Bestalde, bai autonomia erkidegoetako lehendakarien sailkapenean bai probintzietako aldundi eta alkatetzenean, EAEkoak dira Estatuan lehenengo postuetan daudenak, eta atzetik dituztenak baino askoz gorago daude gainera. Esaterako, Ibarretxe da, Kataluniakoaren atzetik, gehien irabazten duen lehendakaria –José Montillak 164.043 € irabazten ditu urtean–; Bizkaikoa da aldundietako ahaldun nagusietatik gehien kobratzen duen hirugarrena, Bartzelonakoaren –144.200 € euro jasotzen ditu– eta Lleidakoaren (108.220 €) atzetik; alkateei dagokienez, Iñaki Azkuna da gehien kobratzen duen hirugarrena, aurretik ditu eta Bartzelonako Jordi Hereu 117.398 eurorekin eta Madrilgo Alberto Ruiz Gallardón 100.743 eurorekin. Gainontzeko euskal foru diputatuak ere sailkapeneko lehendabiziko postuetan daude. EAEko legebiltzarkideek %6 igo zuten beraien soldata. Hori dela-eta, Legebiltzarreko lehendakariak lehen 89.700 € urteko irabazten bazuen, orain 95.372 € irabazten du; bozeramaileek eta Mahaiko kideek lehen 75.500 € jasotzen zuten urteko eta orain 80.204 €, eta gainontzeko legebiltzarkideek lehen 63.971 € eta orain 67.739 urteko. Zenbateko horiei, gainera, joan-etorrietarako dietak gehitu behar zaizkie. Dietak, bizitokiaren arabera, hilean 371 € eta 598 € artekoak dira. Horrez gain, hilean 80 € jasotzen dute telefono mugikorrerako. Bestalde, dedikazio esklusiboa duten parlamentari nafarrek urtean 51.000 € kobratzen dute eta Parlamentuko Mahaiko eta Batzordeko kideek 58.000 €. Dedikazio esklusiborik ez dutenek, aldiz, 38.250 € eta 43.500 € jasotzen dituzte, hurrenez hurren.

Kongresuko presidenteak,
soldata onena

Espainiako Estatuan soldatarik handiena duen politikaria Kongresuko lehendakaria da, Manuel Marín, 175.000 eurorekin. Hortik 155.229 € dagozkio oinarrizko soldatari eta gainontzeko 20.431 euroak Madrilgo ostatu eta mantenu gastuetarako kalte ordaina dira. Diputatuen ordainsaria oinarrizko soldatak (hilean 3.020,70 euro) eta hainbat plusek osatzen dute (plusa libre egoteagatik, ordezkaritzako plusa eta kalte ordaina), eta zenbateko bat edo beste ematen zaie daukaten karguaren edo parte hartzen duten batzordearen arabera. Horrela, Kongresuko bozeramaileek, urteko 70.000 euroko oinarrizko soldatatik abiatuz, azkenean Espainiako Estatuko presidentearen soldata ozta-ozta gainditzen dute, ezarrita daukaten 20.341 euroko kalte ordainari esker.

Diputatuek, gainera, hilean 1.762 euro jasotzen dute ostatu eta mantenu gastuetarako; garraio publikoan egiten duten gastua ere Kongresuak ordaintzen du, eta horretarako egunean 120 eta 150 euro arteko zenbatekoak izaten dituzte bidaia ofizialetan. Horrez gain, diputatuek pentsio plana izaten dute, eta jarduera uzten dutenean ere kalte ordaina jasotzen dute.

Soldatarik handienen koadroan ikus daitekeenez, justiziako goi karguak dira Espainiako Estatuan ordainsaririk oparoenak jasotzen dituztenak; ordainsari horiek Estutako fiskal nagusiaren urteko 125.097 euroen eta kupula judizialeko presidentearen 146.000 euroen artean dabiltza.

Gipuzkoa, euskal erakundeen adierazle

Gipuzkoako Foru Aldundiaren kasua izan liteke, gutxi gorabehera, Hego Euskal Herriko gainontzeko aldundi eta erakundeetan nahiz EAEko eta Nafarroako gainontzeko administrazio publikoetan gertatzen denaren adierazle. Gipuzkoako kasua nabarmendu dugu datu ekonomiko zehatzak jakin direlako. Baina datu horiek ez ditugu jakin arduradun politikoek aireratu dituztelako, baizik eta LAB sindikatuak iaz txosten luze baten bidez zabaldu zituelako.

Txosten horren arabera, guztira 79 dira nominan dauden konfiantzazko karguak (zuzendari nagusiak, goi mailako teknikariak, aholkulariak eta hainbat kategoriatako idazkariak). EAJk izendatu zituen kargu horietako 48 eta EAk gainontzeko 31k. Horiei ahaldunen soldatak eta ahaldunek eta zuzendari nagusiek lau urteko agintaldiaren ondoren jasotzen dituzten kalte ordain oparoak gehitzen badizkiegu, Aldundiko diru kutxetan urtean 5 milioi eurotik gorako gastua (5.123.293 €) dagoela ikus daiteke (gipuzkoarren zergen kontura, noski). Datu horiek 2007koak direnez, pentsatzekoa da 2008. urte honetarako kopuruak %5 egingo zuela gora, hori baita EUDELek kargu publikoentzat aholkatu zuen igoera. Aipatutako kopuruari Gizarte Segurantzaren, Langileen Mutualitatearen (Elkarkidetza), Osasun Laguntzarako Zerbitzuaren (OLAZ) eta urrezko visa txartel, telefono mugikor eta abarren kostuak gehitu behar zaizkio.

Gipuzkoako Foru Aldundiko kargu politikoen soldaten eskalako gailurrean Markel Olano ahaldun nagusia dago, 2007an hileko 8.000 eurotik gorako soldata gordinarekin. Foru diputatuek, zuzendari nagusiek eta maila goreneko aholkulariek 2007an hileko 6.000 € gordinetik gora irabazi zuten, eta goi mailako teknikariek hileko 4.800 euro gordinetik gora. 12. mailako idazkariek, gutxien kobratzen zutenek alegia, hileko 2.700 euro gordinetik gora jaso zuten.

Gainera, lau urteko legegintzaldia bukatu ondoren, kargu eta betebeharrak uzteagatik kalte ordain ederra ematen zaie ahaldun nagusi, ahaldun arrunt eta zuzendari nagusiei. Kalte ordain hori bateragarria da berehalaxe lanpostu berri batean lanean hastearekin. Horren adibide dugu Gonzalez Txabarri ahaldun nagusi ohiaren kasua: Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakari den aldetik kobratzen duen milioikako soldataz gain, hilean beste 6.524 € gehiago kobratzen du ahaldun nagusi ohia izateagatik.

Monarkia garesti ateratzen zaigu

Borbondarren eskuetan dagoen Espainiako monarkiaren jarduera eta jokamolde pribatuez ezer gutxi dakigu, edo ez zaigu informaziorik eman nahi. Baina azken boladan izan duten protagonismo bereziari esker euren kontabilitateari buruz zer edo zer jakitea lortu dugu. “Zer edo zer” diogu, kontabilitate horrek ez baititu datu konkretuak plazaratzen ez eta Estatuko aurrekontu orokorretako hainbat ataletan monarkiarentzat gordeta dauden milioikako partiden zehaztasunik ematen.

El País
egunkari espainiarraren arabera, “Estatuko Buruzagitza edo monarkia mantentzeko kostua ilun xamarra da, monarkia ez delako aurrekontu orokorretako ‘Errege Etxea’ izeneko partidarekin bakarrik finantzatzen. Jendeak hala uste du, baina aurrekontu horietan badaude beste zenbait kapitulu monarkia finantzatzeko erabiltzen direnak. Alabaina, kapitulu horiek ez daude behar bezala banakatuak eta horrek asko zailtzen du Errege Etxearen benetako kontabilitatearen berri izatea…”.

Egunkari espainiarrak emandako datuen arabera, Espainiako monarkia mantentzeko urtean 15 milioi eurotik gora ordaintzen dugu zergadunok. Horrez gain, urteko aurrekontuetan badira beste bi partida, bata 140 milioi eurokoa eta bestea 52 milioi eurokoa, Ondare Nazionalera eta Ibilgailuen Atalera bideratuak, eta horiekin ordaintzen dira Errege Etxeak erabiltzen dituen hainbat eraikin eta autoen mantentze gastuak. Alabaina, gastu horiek aurrekontuetan ez dira behar bezala zehaztuta azaltzen. Bestalde, errege familiaren bidaiak Kanpo Arazoetako Ministerioak ordaintzen ditu, eta Defentsa Ministerioak ere Errege Etxearen bestelako partida zehaztugabeak ordaintzen ditu.

Errege Etxearentzat 8,6 milioi euro daude 2008ko aurrekontu orokorretan –aurreko urtean 8,3 milioi izan ziren–. Zenbateko horretatik gastu zehatz batzuk ordaintzen dira: Errege Etxeko goi kargudunen soldatak –ministro kategoria daukan Etxeko buruarena eta Estatuko idazkariaren kategoria duen idazkari nagusiarena–, Koordinazio Kabineteko arduradunen soldatak (25 bat langile), Erreginaren Idazkaritzako soldatak –10-12 pertsona dira, eta aldi berean infanten laguntzaile ere badira–, Printzearen Idazkaritzako soldatak (15 pertsona inguru), Komunikabideen Buruzagitzako, Protokolo Saileko, Segurtasuneko… gastuak. Erregearen agindupeko militarren buruaren gastuak (teniente jenerala eta laguntzaileak) Defentsa Ministerioak ordaintzen ditu.

Aipatutako 8,6 milioi euroei gutxienez beste 5,9 milioi gehitu behar zaizkie. Azken zenbateko hori Administrazio Publikoen Ministerioari dagokion atalaren barruan sartuta dago, “Estatuko Buruzagitzaren administrazio kudeaketarako laguntza” izenpean. Dirutza hori, lehen adierazitako zenbatekoarekin ordaindu ezin diren Errege Etxeko langileetako askoren (gaur egun 137) soldatak ordaintzen dira.

Zarzuela jauregiko mantentze lan, zerbitzu eta ondasunak, Asturiasko printze-printzesen etxea, eta errege familiak oporretara joateko erabiltzen duen Mallorcako Palmako Almudaina jauregia eta bertako lorategiak ere ez dira Errege Etxeko partidarekin finantzatzen. Eraikin horiek guztiak eta baita Errege Jauregia, El Escorial, La Granja, El Pardo eta Río Frío jauregiaren jabetza Ondare Nazionalarena da eta sorrarazten dituzten gastuei aurre egiteko aurrekontu berezia dute (140 milioi eurokoa). Enpresaburuen talde batek erregeari oparitutako itsasontzia ere Ondare Nazionalaren eskuetara pasatu zen eta orduz geroztik Ondare Nazionala arduratzen da ontzia mantentzeaz, nahiz eta erabiltzaile bakarra erregea izan.

Bestalde, egunkari madrildarrak dio Errege Etxeak 1978an itundu zuela errege familiako kide guztiek Ogasunean aitortu beharreko PFEZren zenbatekoak “gainontzeko herritarrenen baliokideak” izatea. Errege-erreginak eta haien seme-alabek ondarearen gaineko aitorpena egiten dute eta norbere ondasunei dagozkien zergak ordaintzen dituzte.

Finean, ez da makala herritarren poltsikoetatik politikari eta monarkek jasotzen duten dirua. Batez ere 4.000 eta 8.000 euro arteko soldata horiek Espainiako batez besteko soldatarekin alderatzen baditugu: 1.333 euro hilean.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan