Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Bakterio bidezko elektrizitatea

Arizonako (AEB) Unibertsitateko Andrew Marcus, Cesar Torres eta Bruce Rittmann ikerlarien arabera, erabat bideragarria izan daiteke bakterioen bidez elektrizitatea sortzea. Horretarako MFC delakoa erabil daiteke. Hau da, mikrobio-erregai bidezko pila.

Joxerra Aizpurua

Joxerra Aizpurua


2126. alea
2008-03-02
alde 0    kontra 0
Mikrobio-erregai bidezko pila
Mikrobio-erregai bidezko pila

Pila horiek funtzionatzeko edozein hondakin erabil daiteke, ur zikinak edo txerri-kakak adibidez. Kontuan hartu behar da erregai bidezko pila arrunten oinarria hidrogenoa dela.

Hondakinak dauden lekuan, nahitaez daude bakterioak. Horiek pilaren anodoa (polo positiboa) behar dute bizitzeko, hura erabiltzen baitute beren metabolismoa gauzatzeko. Hala, haren inguruan kokatzen dira, biofilm izeneko bakterio komunitatea osatuz. Garatutako ereduaren arabera, biofilmak elektrizitatea garraia dezake.

Azterketa hastapenetan dago, baina laborategietan egindako probek oso emaitza onak eman dituztenez, epe laburrean beste energia iturri baten aurrean egon gaitezkeela ziurta dezakegu: hondakinetan oinarritutako energia iturria, hain zuzen ere.

Internetez erosi eta CO2 gutxitu

AEBetako Oak Ridge-ko Laborategi Nazionaleko kalkuluen arabera, joan diren Gabonetan Internetez erosketak egiten dituzten estatubatuarrei esker tona erdi CO2 gutxiago isuri da atmosferara. Nola liteke hori?

Batetik, etxetik erosketak eginez supermerkatura joatea saihesten da, autoek CO2 isurtzea eragotziz. Bestetik, erositako produktuak etxera bidaltzen dira zuzenean, eta hala, kontsumitutako energia kopurua askoz txikiagoa da aurrez supermerkatura bidaliko balituzte baino. Jesse Miller ikerlariak dioenez, Gabonetan egindako aurrezpena estatubatuarren %63ak egun batez etxetik ez ateratzeak ekarriko lukeenaren parekoa da.

Baten batek galde dezake ea ordenagailua erabiltzeak ez al duen CO2 isurketan eragiten. Egia da ordenagailuek kontsumitzen duten elektrizitatea, askotan, erregai fosilen errekuntzatik datorrela, baina egia da, halaber, ordenagailuek egunaren zati handiena piztuta ematen dutela gero eta gehiago. Erosi ala ez, berdin kontsumitzen dute. Beraz...

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza