2008-02-24 -- 2125.zenb
Euskara familia bidez transmititzea hizkuntzak bizirauteko biderik naturalena, eraginkorrena eta merkeena da. Hala dio Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Hari horri tiraka, azken urteotan hainbat ikerketa egin du HPSk familia bidezko transmisioaren nondik norakoak xeheago aztertu nahian. Orriotan aurkezten dizuegun lana 2007an egindako ikerketa sakonera hurbilketa da.
HPSk lehenengoz egin du halako ikerketa sakona, familia bidezko transmisioari buruz. Dena dela, gaiaren garrantzia kontuan hartuz, azken urteotan hainbat azterketa egin dira gurasoek seme-alabei euskara nola transmititu dioten ikusteko.
1991. urteaz geroztik bost urtez behin egin den Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoan, inkestatuei galdetu zaie gurasoengandik jaso duten lehen hizkuntzari buruz. Azken inkestan berriz, inkestatuek beren seme-alabei transmititu dioten hizkuntzari buruz galdetu zaie. Beraz, gutxi gorabehera azken ehun urteotan, eta bereziki azken hamar urteotan, Euskal Herrian euskara nola transmititu den jakiteko modua dago.
Kontuan izan behar da azken hogeita bost urteotan elebidunen ezaugarriak aldatu direla. Hasierako elebiduna euskara etxean jaso zuena eta gune euskaldunetan bizi zena zen; orain profil horretako elebiduna gero eta urriagoa da. Elebidun berriak euskara eskolan ikasi du eta hiri-gune erdaldunetan bizi da. Bestalde, profil berri horretako elebidun multzo handia haurrak izateko garaian dago. Egoera hori probestuz, HPSk bi ikerketa eginak ditu. Bata 2005ean egin zuen Gasteizko Olabide ikastolako ikasle ohiak ardatz hartuta. Ikasle ohi horiei galdetu zitzaien ea euskara seme-alabei transmititu dioten ala ez. Emaitzak Donostiako Santo Tomas lizeoko ikasle ohiei egindako azterketarekin alderatu zituzten, hau da, Gasteizkoan baino gune euskaldunagoan hazitako ikasle ohiekin.
Beste ikerketa 1999an egin zuen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Bikoteen tipologia ezarri zuen. Geroago bikoteen ezaugarrien araberako zerrenda hobetu zuen, eta baita etxean jasotako hizkuntza zenbateraino gorde den eta etxeko erabilera aztertu ere.
Berebiziko garrantzia du gurasoek seme-alabei bizitzako lehen hiru urteetan erakusten dioten edo dizkioetan hizkuntzek, ama hizkuntza edo lehen hizkuntzak.
Hizkuntzak biziberritzeko familia ez dela nahikoa azpimarratuta, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak zera azaldu du: “Eskola funtsezkoa izaten ari da etxean euskara jaso ez duten gazteek ikas dezaten. Baina ahalegin horiek guztiak helburu argia dute: eskola bidez euskaldundu diren gazte horiek familia sortu eta seme-alabak dituztenean euskara transmititu diezaietela. Etxean jasotako hizkuntza hobeto menperatzen da, eta horren ondorioz, gehiago erabiltzen da. Aldi berean, etxea da, oraindik ere, umearen erabilera eremurik berezkoena”. “Oraindik” dio Baztarrikak, haurrak gero eta lehenago eta gero eta ordu gehiagoz daudelako haurtzaindegian. Baztarrikaren ustez, horrek seguruenik, lehen hizkuntzaren kontzeptua berraztertzea ekarriko du lehenago edo beranduago.
Oharra: Euskararen transmisioari buruzko ikerketa eta ikerketaren ondorioak PDF formatuan dauzkazu ikusgai.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa