Astekaria

 Liburuak 

Intelektualek zer egin dezaketen gaur egun

Irudia

Pilar Iparragirre


2125. alea
2008-02-24
alde 0    kontra 0
Kulturgileak eta kulturaren esparrua
Kulturgileak eta kulturaren esparrua

Ane Larrinaga ::Kulturgileak eta kulturaren esparrua

Utriusque Vasconiae

orrialdeak ::286+336

prezioa ::30€

Ba al da gaur egungo gizarteetan lan intelektualetarako gune egokirik? Ba ote dago intelektualen ekintzarako aukerak eskaintzeaz gain emantzipazioaren tradizioa berreraikitzeko aukerak ematen dituen lekurik? Galdera horietatik abiatu zuen bere doktore tesia Ane Larrinaga Renteria EHUko soziologia irakasleak. Tesi hura ardatz hartuta idatzi ditu Utriusque Vasconiae argitaletxearen bidez plazaratu dituen bi liburuak. Kulturgileak eta kulturaren esparrua titulu komuna dute biek, bereizita irakurri daitezkeen arren. Aurrenekoan, aro historiko bakoitzak eginkizun intelektualerako ezarri zituen baldintzak eta, haien arabera, kulturgileek sortu ahal izan zituzten agertoki instituzionalak eta tradizio intelektualak aztertzen ditu. Bigarrenean, Euskal kulturgileak Euskalgintza mugimenduaren eraikuntzan izenekoan, euskararen mendekotasun sinbolikoa abiapuntu gisa hartu du. Egilearen ustetan habitusa osatzen duen disposizio multzoak uztartu egiten ditu lan kulturala eta hiztun komunitateari buruzko konpromisoa, eta hurbildu egiten ditu edozein mota eta lanbidetako kulturgileak mugimendu intelektualaren figurara.

«Ezagutzaren mugak ikusi ditu gizakiak gure garaian»

Azaldu ezazu gaur egungo panorama.

Ezagutzaren gizartea deritzan honetan, era guztietako gizarte taldeek, gizarte mugimenduek, agintari politikoek eta ekonomikoek baliatzen dituzte kulturgileen –intelektualen– zerbitzu sinbolikoak euren diskurtsoak eta ekintzak legitimatzeko. Baina dagoeneko ezin da sinetsi zientziak, teknikak, ekonomiak edo politikak salbatu ahal gaituztenik, ezta haien barruan dagoenik mundu gizatiarrago eta arrazionalagoaren bidean abiaraziko gaituen indarrik ere. Modu paradoxikoan, gure garaian ezagutzaren mugak ikusi ditu gizakiak.

Eta zein da zure ustez intelektualaren zeregina?

Intelektualaren posizioaren koordenatuak –hezkuntza, gizarte jatorria, metaturiko kultur kapitala, esparru intelektualean duen kokapen objektiboa eta horri dagozkion izen ona eta botere maila–, funtsezkoak izan ohi dira haren komunikazio ekintzaren ezaugarriak ulertzeko. Mass medien eta kultura merkatuaren logikapean diharduten guneen inguruan definitzen dira gure garaian, esklusioz eta inklusioz, kategoria eta tradizio intelektual berriak.

Zer etorkizun aurreikusten diozu intelektualari?

Aro guztietan gertatu den bezala, etengabe, kulturgileak euren rolak berreraikitzeko bestelako agertoki instituzionalak atzematen ari dira gaur egun ere. Ildo horretatik, politikaren eta kulturaren artean kokaturiko gizarte mugimendu garaikideak jarduera intelektualaren gune egokiak izan daitezke. Areago, gizarte mugimendu berriek emantzipazioari lotutako tradizio intelektualak berriz asmatzeko espazio ezin hobea eskaini dezakete.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza