2008-02-24 -- 2125.zenb
Euskal etxeen egungo egoera ez da oso pozgarria, bai zaharkitua. Gazteak erakartzeko arazo ugari dago eta azaleko folklorean erortzeko arrisku itzela. Krisia begi-bistakoa da, euskal nortasunaren mugak gero eta lausoagoak baitira globalizazioaren inperioan. Jakina, moduak eta moduak daude euskaldun sentitzeko, eta atzerrian identitateak memorian barrena bidaiatzen du libre. Baina Euskal Herriko erakundeek elikatzen duten diasporak aldaketak behar ditu, freskotasuna eta egitura arinak. Euskal etxeek antzinako inertziak baztertu eta belaunaldi berrien beharrak asetu behar dituzte, iraungo badute.
Nabucodonosor agintari babiloniarrak K.a 586 urtean Juda erreinua konskitatu zuenean, Jerusalengo tenplua txikitu eta judutarrak indarrez kanporatu zituen herrialde hartatik. Bibliak dio jainkoaren zigorra izan zela; judutarrak Mesias noiz munduratuko zain geratu ziren “lurralde prometatura” berriz itzultzeko –XIX. mendean sionismoa azaldu zen arte–. Judako seme-alabak munduan zehar barreiatu ziren eta historiako lehenengo diaspora izan omen zen hura, hitzaren esanahi grekoari kasu eginez, lehenengo “dispertsioa”.
Horregatik, diasporaz hitz egitean, askotan judutarren diasporaz hitz egiten da, jatorriko esanahia eraldatu egiten zaio eta gertakizun konkretu batekin lotzen da, hasierako zentzua galduz. Ez da harritzekoa Euskal Herritik kanpora joandako euskaldunen artean “diaspora” hitzak erreparo handia sortu izana eta oraindik ere “kolektibitatea” edo “komunitatea” bezalako kontzeptuak onarpen handiago izatea, aurrekoak konnotazio ezkorrak –zigorra, derrigorrezko erbesteratzea...– dakartzalako berarekin. Beste batzuek aldiz “mito” hutsa deritzote euskal diaspora berari, nazionalismoaren asmakizun bat.
Baina Gloria Totoricaguena adituak ondo argudiatu bezala, ez da beldurrik izan behar munduko euskal kolektibitateei diaspora deitzearekin. Robin Cohen iraskasleak ezarritako printzipioen arabera, euskaldunena diaspora bat da: dispertsio traumatikoa, memoria kolektiboa, mitoa, elkartasuna, itzulera... Horiek guztiak identifikatu ditu Totoricaguenak emigratu zuten euskaldunengan. Jon Andoni Irazustaren Bizia garratza da nobela errealistan (Ekin, 1950. Armiarma.com-ek Klasikoen Gordailuan eskegia) bi anaiek gerraren ondorioz sorterria derrigorrean utzi behar dute, Cuba itsasontzian berriketan hasten dira ilunabarra iristean eta honela esaten dio batak besteari:
—Utzi ditugun toki, mirabe ta gauzak aztutzerako aldi bat joango da. Badakigu goizeroko ta gaberoko pentsamentuk nolakotsuk izango diran. Lanak eta jendearekin itz egin bearrak atzenduko al dizkigu zerbait.
Irazustaren pertsonaiek benetako sentimendua adierazten dute. Pedro Mari Otañok ere bere txikitako Errekaldeko atariko intxaurpea zuen gogoan Pampako bakardadean idatzi zituen bertso ezagun haietan. Herrimina baita diasporaren barruko arra. Herriminari eta etorkizun ezezagunari aurre egiteko euskal nortasun etnikoari eutsi izan diote atzerrira joandako euskaldunek. Jakina, Aranismo sutsuaren garaian nortasun horren “primordialismoa” aldarrikatu bazen ere –eta primordialismo hitza dagoen lekuan jarri “mugiezintasuna”, nahi bada–, garbi dago nortasun-etniko hori aldatu daitekeela atzerriratutakoek asimilazio prozesua jasaten duten heinean. Intxaur arbola gogoan duen arren, Otaño bertsolariari Argentinako txabola ondoko onbuaren aldamenetik joatean “bihotza erdibitzen” zaion bezala.
Bada, hala ere, gaur egun gertatzen den beste egoera bat. Ezin dugu ahaztu oraingo diasporaren bizimoldea ezberdina dela. Apenas dago emigraziorik, lehenengo belaunaldiko emigranteak badoaz eta bigarren edo hirugarren belaunaldikoak ari dira kolektibitatearen sarea osatzen. Nortasuna eta etnizitatea erabili egiten da modu sinbolikoan, horrela, instrumentu bilakatzen da. “Instrumentalismoa” deitu diote horri adituek, Benan Oregi Eusko Jaurlaritzako diaspora gaietako teknikoak, euskal kulturaren transmisioaz egiten ari den ikerlanean honela deskribatu du:
“Diasporan gerta daitezkeen asimilazio erabatekoaren eta nortasun etnikoa mantentzearen artean, badira egoera batzuk instrumentalizazioa ere gertatzen dela ondorioztatzera garamatzatenak. Esan nahi dugu norbanakoen eta taldeen ahaleginak ikusten ditugula euskal diasporan ere sinbolo etnikoen inguruan mobilizatuz. Baliabide material, politiko eta sozialetara (eta ekonomikoetara) iristea da azken helburua”.
Interes jakin batzuen –izan ekonomikoak, politikoak...– mesederako aldarrikatutako nortasuna, dena den, ez omen da ezaugarri nagusia euskaldunen kasuan. Baina Oregik datu interesgarria eman du: azken mende erdian emigraziorik jaso ez den herrialdeetan, 5-7 euskal etxe ireki dira bataz beste urteko (ikusi 2. infograma). Zein da horren arrazoia? Zalantzarik gabe, horixe da gaur egungo euskal diasporaren kontraesan handietako bat. Baliteke paradoxa horrek instrumentalizazioa eta interesa ezkutatzea bere baitan, baina Euskal Etxeen egitura teoria hori baino konplexuagoa da, bere erroak ehundaka urtetako kolonizazio eta emigrazioan kiribildurik baitaude.
Duela gutxi William Douglass antropologoak aldizkari batean esan zuen Amerikanuak (Reno, 1975) idatzi zuenetik liburu horrek markatu duela bere irudi akademikoa. Ez da gutxiagorako, Jon Bilbaorekin idatzitako ikerlana azken hogei urtetako joera historiografikoaren aitzindaria izan baitzen. Oscar Alvarez Historian doktorea da EHUn eta euskal emigrazioren bilakaeran aditua; bere ustez Douglass eta Bilbaoren obrak emigrazioa diziplina ekonomiko huts baino historia sozialaren parte ere bazela erakutsi zuen, eta ordutik euskal-amerikarren historia, diasporarena, ikuspegi arras ezberdinez landu izan da. Dena den, egia da Amerikanuak-etik hona aurrerapen itzela egon dela emigrazioa ulertzeko ikerketetan eta bertako zenbait ideia guztiz gainditurik daudela, esaterako, euskal emigrazioaren kausak arrazoitzean.
Zergatik emigratu zuten euskaldunek? Teoria eta tesi asko planteatu izan da emigrazioa sortu zuten arrazoiak esplikatzeko: Uzta txarrak, gerrak, zerbitzu militarrari ihes egin nahia, euskaldunen berezko abentura zaletasuna, osabaren deia... Alvarezek “euskal emigrazioetaz” pluralean hitz egiten du, fenomeno zabal bezain anitza dela adierazteko. Hasiera hasieratik Kontinente “berriak” lilura eta eztabaida sortu zuen. Tomás Mororen mundu utopikoa ikusten zuten batzuek lurralde horretan, beste batzuen ustez, ordea, hara joaten ziren europarrak kodiziak jota gaiztotzen ziren, horra zer esan zuen Pedro Martir de Angleria kronistak 1530ean: ...arrastrados de la ciega codicia del oro, los que de aquí se van mansos como corderos, llegados allá se convierten en rapaces lobos (urrearen zaletasun itsuak eramanda, hemendik arkumeak bezain otzan joaten direnak, otso harrapakari bihurtzen dira han).
XIX. mendean baporezko ontziak agertu ziren, Ameriketarako bidaiak merketu, eta nekazarien emigrazio masiboak hasi. Euskal Herriko sektore zabala joera horren kontra jarri zen, batez ere Eliza. Adierazgarria da 1853ko Urruñako Euskal Jaietan gertatutakoa. Abbadiek sustaturiko bertso sariketan gai bakarra zegoen: Ameriketarako emigrazioa. Etxahun bertsolariak salatu zuenez sariketaren kontrola apaizek bereganatu zuten, emigrazioaren kontrako bertsoak gailen zitezen: “Aphezen kontseiluak bethi kontrario” esan zuen barkoxtarrak arranguraz. Eta zer interes zuen Elizak emigrazioaren kontra jarduteko? Antza, Ameriketara joaten zirenak fedea galtzen omen zuten. R. M. Azkuek garbiro agertu zuen ideia hori Ardi galdua izeneko liburuan (1918); eleberrian, Kaliforniara joan den emigrante batek gutunak trukatzen ditu bere herriko bikarioarekin:
– California! Hau da erria! Ez neguan otzegi, ez beroegi udan!– idazten dio Medel izeneko nekazariak Sakramentoko Leaburu Hotel-etik.
– Izan zaitez urrutietan emen izan bezalako kristau ona – erantzuten dio arduratsu bikarioak.
Sakonean, bistakoa da exodo horrek Elizaren botere demografikoa murrizten zuela. Dena den, kontrapropaganda-liburuen –aita Pierre Lhande eta José Cola y Goityrenak bereziki– eta prentsako iritzi kritikoaren gainetik milaka izan ziren atzerrira joandako euskaldunak. Ezin da datu zehatzik isuri hemen, ofizialki joandakoei “paperik gabe” eta modu ilegalean emigratzen zutenak gehitu behar baitzaizkie. Dena den, 200.000 lagun izan zitezkeela diote iturri klasikoek. Egin kontu, Buenos Airesko eliza bakarreko artxiboan 1828-1860 urte artean 700 euskaldunen izen abizenak bildu ditu Nora Siegrist de Gentile historialariak, izeberg baten punta besterik ez.
Amerikako euskaldunek talde kontzientzia izan zuten lehenengo unetik. Hizkuntza propioa? Estatus berezia? Zaila da jakitea zergatik sortu zen izaera kolektibo hori, baina datu objektiboek diote euskaldunak bat eginik ibili zirela enpresa ekonomiko eta ekintza sozialetan. Horrela, elkarteetan biltzeko joera goiztiarra Peru, Txilen eta Mexikon Aro Modernoan sortu ziren kofradietan ikus daiteke. Dena den, euskal etxeak, gaur egungo esanahiari kasu egiten badiogu, ez ziren XIX. mendera arte sortu. Euskaldunek gobernatzen zituzten ostatuak izan ziren horien hazia. 1876an Laurak Bat izeneko elkartea sortu zen Montevideon, eta ondoren Habanan eta Buenos Airesen. Elkartzeko lekuak ziren, herrikideekin harremanetan jarri eta gustuko ohiturak praktikatzeko.
Hala ere, ez da ahaztu behar eragile politikoak ere bazirela elkarte haiek. Laurak Bat-en sorkuntzan, esaterako, nabarmen eragin zuen urte horretantxe euskal foruak behin betikoz abolitu izanak. Bestalde, XX. mende hasieran abertzaletasuna lurreratu zen Amerikan, eta laster zabaldu diasporan, ez ordea zaratarik sortu gabe. José María Tápiz ikerlariak ideologia sabindarrak euskal diasporan izan zuen eragina aztertu du; bere ustez Hegoaldetik joandako emigranteek errazago onartu zuten doktrina berria eta pertsonaia politiko batzuen militantzia funtsezkoa izan zen horretan –Sebastian Amorrortu editorea, horien artean–. 1910eko hamarkadan norgehiagoka latza lehertu zen euskal etxeen barnean, Aranaren abertzaletasun berria versus karlismo edo fuerismo zaharra, nork zein erakunde kontrolatuko. Horrela, 1912an Euskal Erria izeneko zentro abertzalea sortu zen Montevideon eta Zazpirak Bat izenekoa Rosarion (Argentina), biak eszisio baten ondorio izan ziren. Buenos Airesko Laurak Bat izan zen norgehiagokaren eszenatoki nagusia, eta Felix Ortiz San Pelayo musikari ezaguna protagonista printzipala. Azpeitiar atzerriratua, karlista eta euskaltzale amorratua zen, agian horregatik kapitalizatu zituen abertzaleen kontrako kritikak, harik eta euskal etxe dekanoaren zuzendaritza eskuratu zuen arte.
Hurrengo urteetan nazionalismoa erabat gailendu zen euskal etxe gehienetan eta 1936ko Gerrako erbesteratuen iritsierarekin hegemonikoa bihurtu zen –150.000 pertsona erbesteratu zirela kalkulatzen da, horietako asko Venezuelara, ordura arte euskaldunen kolonia txiki bat besterik ez zuen herrialdea–. Atzerriratuek dinamika berria ernaldu zuten atzerriko erakundeen baitan, euskal etxe gehiago sortzeaz gain, gerraren traumak eragindako euskal kulturaren ekarpena egin baitzuten, artea eta literaturaren bidez batez ere, Jokin Zaitegiren Euzko Gogoa aldizkaria tarteko. Duela gutxi erbesteari buruzko kongresua egin zuen Hamaika Bide elkarteak (www.hamaikabide.org/congresos.php) eta bertan “barne erbestea”, deserria edo “transerria”bezalako kontzeptuen inguruan eztabaidatu zuten. Transerria (transtierro, gaztelaniaz) Jose Gaos-ek asmatutako neologismoa da, Mexikora joandako espainiar exiliatuei aplikatua; baina euskaldunen kasura ere estrapolatu daiteke. Orduan, 36ko erbesteratuek deserritik transerrira –integraziora, alegia– igaro behar izan bazuten, zertan lagundu zien kultur sorkuntzak trantsizio horretan? Nestor Basterretxea eskultoreak bere memorien atarikoan biluzten du sentimendu hori:
“Hamazazpi urte erbestean eta bidaia gogor bat izan ziren nire orduko egunak. Eta oraindik harritzen nau nola eta zenbat bizitza ustekabeko halabeharrez gobernaturik dagoen, eta norberak jasaten duen babesgabetasuna haren gogorkeri eta zartadak jotzen dionean. Baina temati, zoriontasunak bere lekua aurkitu du nire bizitzako ordu askotan: existentzia suharrarekin, sormen artistikoaren abenturarekin, familia adiskidantza jatorrarekin, eta behar besteko umorearekin”.
Erbesteratu askok euskal etxeetan bilatu zuten babesgabetasun horren aurkako antidotoa, Mexikotik Mar del Plataraino; horietan asetu zuten herrimina eta ernamuindu zuten gaur egungo diaspora. Izan ere, orduz geroztik ez da tsunami gehiago egon, basogizon, artzain edo pilotariz osatutako olatu txikiak baizik. Amerikako Estatu Batuetako mendebaldea busti zuten batez ere eta hasieran ikusezinak ziren, “bigarren mailakoak” Robert Laxaltek esango lukeen bezala. Gero, arrotasunez erakutsi zituzten euren sustraiak, 1959an Sparks-eko jaialdian, eta ordutik jaiotako basque club-etan.
Gaur egun hamarnaka euskal etxe daude mundu osoan barreiaturik, gehienak Argentinan, edo hobe esanda, Argentinako Panpa Hezean. Herrialde hartako euskal etxe ugari FEVAn (Federación de Entidades Vasco Argentinas) daude antolatuta, 1955ean sortua Mar del Platako Euskal Astearen ondoren. Lurralde zabala da oso Argentinakoa, euskal etxe batetik bestera milaka kilometro egon daitezke (3.000km Jujuytik Comodoro-Rivadaviara), eta Federazioaren bidez hartu emanak izan ditzakete. Horretaz gain, Amerikako Estatu Batuetan ere bada euskal elkarte edo klub ugari –NABO, North American Basque Organization elkartean baturik–, eta Venezuelan, Espainian, Australian, Uruguain, Txilen... (ikusi mapa ondorengo orrian). Euskal etxe bakoitzaren bilakaera eta bizimodua ezberdina da, testuingurua ezberdina delako; baina orohar, duela 50 urteko identitate zeinu antzekoekin hornitzen dira oraindik ere, nahikoa da haiek bisitatu edo batzuen web gunera jotzea nagusitzen diren jardueren berri jakiteko: dantzak, pilota, euskal jaialdiak, karta jokoa, gastronomia, ikastaroak... Arazoa al da hori?
Euskal Herriko biztanleek ezagutu beharko lukete diasporaren benetako egoera zein den. Horretarako aurrerapausoak egin dira jadanik, eta adibidez, diasporak badu lekurik euskal curriculumean; gaur egun lehen hezkuntza edo DBHko ikasleek euskal diasporaren berri dute eskoletan. Beste aldean, sarritan egozten zaio diasporari Euskal Herriaren ikuspegi mitikoa duela, baina komunikazioaren mendean gauden honetan, euskal-amerikarrek inoiz baino hobeto ezagutzen dute Euskal Herriko errealitatea. Hala ere, noizbait aitonen sorterrira bidaiatzen dutenean, arbasoen sustraiak eta tradizioa ezagutzeko gogo biziz etortzen dira, eta ez hainbeste saldu nahi izaten zaien kultura postmodernoa. Adibidez, duela urte batzuk Eusko Jaurlaritzako Gaztemundu programarekin argentinar gazte batzuk Euskal Herrira etorri ziren, bertako errealitatea gertutik ezagutzera. Gazte horiek Donostiako leku ugari bisitatu zituzten: Parke teknologikoa, Euskal Telebista, Unibertsitatea... Baina hara non eta denbora librea izan orduko Alde Zaharreko souvenir dendetara joan ziren ikurrinadun txapelak erostera, denon harridurarako. Jokabide hori migrazioa etetearen ondorio antropologiko bat besterik ez da Douglassen arabera. Bestela pentsatzen dute askok, euskal etxeetan nortasun eredu atzeratu bakarretik edaten dela, alegia. 2007an egin zen Euskal Kolektibitateen IV. Kongresuan honela azaldu zuen Gloria Totoricaguenak: “Diasporak ezin du nortasun homogeneo bakarra asmatu, are gutxiago sorterria bera aniztasunean aberatsa denean”.
Ideologia politikoen gainetik eta ikuspuntu folkloriko hutsetik harantzago lan egin behar dute Euskal Etxeek. Gaur egun 20.000 lagunek dute elkarteetan izena emanda, baina seguruena kopuru hori ez da euskal jatorriko herritarren %10era ere iritsiko. Bazkideen adinaren bataz bestekoa 45 urtetik gorakoa da (2006ko galdeketatik ateratako datua) eta euskal etxe gehienetan zailtasunak dituzte gazteak erakartzeko. Esan nahi da belaunaldi aldaketarik ez dagoela, eta hori bai da arazoa. AEBetako Mendebaldean pilota jokoa hiltzen ari dela esan dute gordin bertako arduradunek eta beste bide batzuk irekitzeko asmoa plazaratu dute. Kuban eta Mexikon, adibidez, pilota ez dago euskal etxeari zuzenean loturik, herrialde osoan zabaldutako kirola da. Azken finean euskal etxeak “irekitzea” da erronka, gazteak erakarriko badituzte: “Euskal etxeetan belaunaldi berriek hartu behar dute aitzindaritza: modernizatu eta egoera berrira egokitu beharrean daude, iraungo badute. Gazteei heldulekua eskaini behar zaie, euren neurrikoa, euskal komunitateko kide senti daitezen”. Benan Oregiren hitzek zentzuzkoak eta bideragarriak dirudite, baina ez da egiteko erraza. Leku batzuetan hasiak dira gazteentzako proiektuak sortzen, aitzitik, beste askotan dantzari taldeak dira oraindik ere gazteentzako euskarri bakarretakoak.
Beste galdera bat egin liteke hemen: euskal etxeetako zuzendaritzek zer ardura dute transmisio eta irekitze prozesuan? Hara: Hego Amerikako euskal etxe bateko zuzendaritzaren organigrama Ogasun Ministeritza batekoa bezain luzea izan daiteke –Presidentea, ohorezko presidentea, idazkaria, idazkariordea, diruzaina, diruzainordea, lau bokal, beste lau bokal ordezko, kontu hartzailea...–, kasu askotan burokrazia geldoa dago, protokoloa eta hierarkia zorrotza. Zuzendaritza kide askok errezelo handia dute zentroak egitura arinagoetara irekitzeko, euren etxea bezala sentitzen duten erakundean arrotzak baitituzte iniziatiba berritzaileak. Portaera hori areagotu egiten da dirulaguntzen babesean eta ekitaldi ofizialen oparotasunean bizi diren kideengan.
Eusko Jaurlaritzak ematen dituen dirulaguntzak euskal etxeen ugaltzearen arrazoietako bat izan daiteke. Gaur egun Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak hainbat proiektu ditu abian eta horien artean egoera larrian dauden euskal-amerikarrei emandako dirulaguntzak daude. Laguntza horiek helburu jakina dute, krisian dauden Hego Amerikako herrialdeetako euskaldunen egoera hobetzea. Iaz 200.000 euro baino gehiago banatu zituzten situazio horretan zeuden herritarren artean. Bestalde, dirulaguntza orokorrak ere ematen dizkie Jaurlaritzak euskal etxeei, beren jarduera aurrera ateratzeko. “Zor historiko” baten ordainetan –herrialde haietan euskal emigranteek iraganean jasotako babesa eta aberastasuna–, diru kopuru handia banatzen da, eta horrek ardura sortu du. Nork dio laguntza horrek euskal etxeen dinamismoa sustatuko duela? Ez ote ditu desaktibatuko? Ez ote dio euskal zentroari autonomia eta erabakiak hartzeko ahalmena kenduko? Rosarioko Zapirak Bat elkarteko arduradunek ezinbesteko jotzen dituzte subentzioak eta beren ustez euskal etxe askok ezingo lituzke ateak zabalik izan laguntza horiek gabe. Felipe Eiheragibel idazkariak autofinantziazioaren beharra aipatu du:
“Gure kasu partikularrean, 95 urteko ibilbidea izanik, eraikin propioa eta bizitza sozial kontsolidatua, autofinantziazioa izan behar genuke eguneroko helburu”.
Errealitatea burugogorra da baina, eta Hego Amerikako euskal etxe gehienak oso urrun daude autofinantziazio idealetik. Dependentzia horrek esparru politikoan ere eragina izan dezake, Euskal Herriko agintari politikoek parternalismo eta alderdikeriaz jokatzen badute behintzat. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzak diaspora “kaptatu eta instituzionalizatzeko” politika jarraitzen duela esan du Joseba Gabilondok artikulu batean (www.joseba.net/kulturaniztasuna.html) eta hori euskal globalizazioaren adibide dela.
Dena den, bereizi behar dira Hegoaldeko eta Iparraldeko ereduak. Nevada, Idaho edo Kalifornian euskal etxeek askatasun handiagoz funtzionatzen dute; seguruenik gizarte estatubatuarraren bizimoduaren lorratzari segika. Horrela, erreserba gehiagorekin onartzen dituzte euskal erakundeen baldintzak eta datuen pribatutasuna mantentzen saiatzen dira. Bestalde, ukaezina da Mendebaldeko hainbat euskal etxe enpresa lehiakor bihurtu direla, jatetxe eta abarren bidez; baina tentuz ibili beharra dute, errelebo falta eta nortasuna azaleko multikulturaltasunean desegitea zer den ongi ezagutzen baitute AEBetan ere.
Azkeneko Euskal Gizataldeen Kongresuan 56 neurri zehatz jasotzen dituen dokumentua adostu zuten bertaratutako euskal etxeetako 150 ordezkariek. Oinarrian, batzarraren ondorio nagusia izan zen euskal etxeek ikasi behar dutela globalizazioak ekarri duen aldaketa kulturalera egokitzen. Horretarako euskal komunitate osora ireki behar dira eta “gazte eta emakumeen inplikazioa” bilatu. Hain zuzen, euskara izango da zentroen irekieraren ardatzetako bat eta gazteak erakartzeko tresna bihurtu nahi dute.
Oraintsu arte hizkuntzaren transmisioa AEBetako zenbait familietara mugatu da. Hego Amerikan berriz, euskararik ez zaie erakutsi belaunaldi berriei; horrek badu esplikazio historiko-linguistiko bat: Argentina edo Uruguaira joandako emigrante gehienak Hego Euskal Herrikoak ziren, hortaz, gaztelaniarekin moldatzen ziren nola edo hala. AEBetara egindakoak, ordea, ingelesa ikasi behar, eta horrek euskararen iraupena ekarri zuen. Hala ere, ezin ahaztu emigranteen seme-alabek amerikar gizartean jasan zuten bazterketa –euskal azentua lotsagarri zitzaien askori–; bilobak izan ziren euskararen balioa aldarrikatzen hasi zirenak eta Third-generation phenomenon (hirugarren belaunaldiaren fenomenoa) deitu diote. Gaur egun, Mendebaldeko euskal pikiniki-etan euskara entzun daiteke, duela 20 urteko euskara, baina euskara.
Harrigarria da euskarak azken urteetan diasporan sortu duen interesa. Lehenago euskara ikasteko programak izan badira ere, azkenaldian ehundaka lagun ari dira mundu osoko euskal etxe eta unibertsitateetan klaseak jasotzen –2.000 pertsona HABEren Euskara munduan proiektuarekin–. Duela gutxi Argentina eta Uruguaitik etorritako 23 ikasle Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide barnetegian hasi ziren zeregin horretan. Helburua da euskarako 3. maila gainditu eta jatorriko herrialdean irakasten jardutea. Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuaren esanetan “miragarria” da euskara zabaltzeko euskal etxeek duten “gogoa eta borondatea”.
Euskara, sinbolo huts izatetik nortasunaren igorle izatera pasa liteke, eta bide batez, euskal etxeetan haize freskoa zabaltzeko tresna paregabea bihurtu. Horretarako noski, barne kohesioa eta pentsaera irekia uztartzeko formula asmatu behar da, atzerriko euskal komunitate osoa gustura egongo den euskal etxea sortuz. Eta jakina, duela gutxi Henrike Knörr hizkuntzalariak prentsan adierazi bezala (El Correo, 2007-11-10) hori guztia “dogmatismo eta politikakeririk gabe, ikuspegi zabalez, giza errealitatea bezala, oso konplexua den kontu batekin”.
Nork idatzi du euskaraz artikulu hau? izan ere, Gloria Totoricagüenak ez baitaki euskaraz. Ala inori kopiatu dio, Renoko Unibertsitatetik bota zutenean egiten zuen bezala?
Imanol Lete 2008-02-26 17:22:26Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1