2008-02-24 -- 2125.zenb
Zaldi Ero
Euskal etxeak eta euskal diasporak oro har, une erabakigarrian daude, hainbat bide baitituzte aukeratzeko. Izan ere, belaunaldi aldaketa gertatu da –adinean eta etorkinen belaunaldietan; herrialde berrian jaiotako lehen belaunaldia, herrialdean jaiotako bigarren belaunaldia, eta abar–, globalizazioaren eta teknologia berrien ondorioak agerikoak dira, eta banakoaren eta taldearen nortasunari buruzko ikuspegi berria zabaldu da. Gaur egun, 163 bat euskal elkarte daude Eusko Jaurlaritzan erregistratuta, eta beste hainbat Nafarroako Foru Gobernuan. Gizartea, hezkuntza eta gobernua antolatzeko berezko sistemak dituzte. Euskal etxeak enbaxada informal gisa erabiltzen dira eta euskal historian, turismoan, ekitaldietan, genealogian, artean eta kulturan interesa duten kazetari, politikari, irakasle eta herritarren milaka galderari erantzuten diete.
Erakunde baten dinamismoa prozesu bat da, pertsonen nortasunaren antzekoa: nortasuna, oro har, dinamikoa baita, ez estatikoa. Bizitzan faseak igaro ahala etengabe eraikitzen dugu gure nortasuna, eta horri esker harremanetan jartzen gara bestelako pertsona, kultura eta gizarteekin. Erakundeak ere dinamikoak dira, eta berezko erritmoa dute, beren bazkideen eta liderren ezaugarrien arabera.
Euskal asoziazionismoa 1600. urtetik ageri da diasporan, Perun. Mendetan zehar, leku ezezagunetara joaten ziren lehen euskaldunek era guztietako informazioa eta laguntza jaso zuten jende ezagunarengandik, eta ondotik, etengabea izan da familia-kide, lagun eta auzokideen joan-etorria. Hasieran beraz, euskal emigranteen belaunaldiak oinarrizko ekonomia, lan eta etxebizitza beharrak asetzen saiatu ziren. Geroago, talde bateko kide izateko gizarte beharrari erantzun zioten, “gure” komunitate bateko kide izateko eta gertuko familia giroan bizitzeko beharrari, alegia; euskara, janaria, musika, kirola, dantzak, balioak eta abar, herrikideekin bizitzeko.
Euskaldun izatea eta diasporan etnia bateko kide izatea borondatezkoa eta hautazkoa da. Hurrengo belaunaldiek ez dituzte guraso eta aitona-amonen itxaropen berak. Askotan, pertsona horiek etniako kide izaten jarraitzen dute arbasoenganako harrotasun eta erantzukizunagatik, eta arriskuan dagoen euskal etniari bizirik eutsi nahi diotelako. Nortasuna ez da estatikoa, etengabe aldatzen eta eraikitzen da, esperientziek eragiten diguten heinean. Zazpi lurraldeetatik kanpo bizi diren euskaldunek nolako euskaldunak diren aukeratzen dute, eta euskalduntzat hartzen dute euren burua, eta horri eusteko ekintza estrategia bat behar dute.
Euskal Herriko zazpi lurralde historikoetatik kanpo bizi diren milaka pertsonak jotzen dute euren burua euskalduntzat. Askok gainera, euskal gizartearekin lotzen dituzten sentimendu, espiritu, hizkuntza, kultura eta erlijio sustrai sakonak dituzte. Seigarren belaunaldikoak dira batzuk; beste batzuek, aldiz, duela zenbait urte egin zuten alde Europara. Euskal kulturaren nortasunari eusteko eta Euskal Herria bultzatzeko, nazioz haraindiko mugimendu indartsua dago Euskal Herritik kanpo.
“Euskal nortasunaz” ari garenean, diasporan batez ere, euskal nortasunei buruz ari gara, oro har. Diasporan ez dago nortasun homogeneorik. Hala behar du gainera, jatorrizko lurraldea aberatsa baita berez, Eusko Ikaskuntzak euskal kulturari eta nortasunari buruz egin eta argitaratu duen azken ikerketan ikus daitekeenez. Zazpi lurraldeetako herritarrei egindako elkarrizketa eta galdeketetan ikus daiteke, “euskalduntasuna” definitzerakoan ez dagoela galdetutakoen %50ek onartzen duten faktorerik. Askotariko herria gara. Eta hain zuzen ere, gure ezagutza eta esperientzia zuhurtasunez baliatzen baditugu, askotarikoa izatea abantaila handia da. Euskal nortasuna ez da homogeneoa diasporan, oso heterogeneoa eta deszentralizatua da. Positiboa da hori, ezin baita komunitate, errealitate eta historia horietan guztietan nortasun homogeneorik ezarri. Komunitate horien euskalduntasuna beren nortasun sentimenduaren eta bizileku duten herrialdearen arteko uztarketa, batasuna da. Euskal nortasunak belaunaldiz belaunaldi, genero eta geografia aldaketen harira, eta denborak eta espazioak aldatu ahala aldatzen dira, esperientziekin.
Kanpoko euskal ikerketak eta agiriak babestu eta sustatzea da diasporako zenbait komunitatek, euskal etxeek eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzek atzerrian egin duten lan garrantzitsuenetakoa. Garai batetik bestera, euskaldunak eta euskaldunen lagunak etenik gabe aritu dira lanean, emigrazioari, akulturalizazioari eta bizi diren herrialdeetako etnien nortasunari eusteko gogotsu. Euskal Gizataldeekiko Harremanen Zuzendaritzan ere biltze lan garrantzitsua gauzatzen ari dira, eta aurrerantzean ere eutsiko diotela espero dut.
Gure euskal etxeak boluntarioen erakundeak dira, irabazi asmorik gabekoak, eta funtzionamendu dinamika berezia dute. Erakunde guztietan egiten dute elkarte gisa duten egoerari buruzko gogoeta eta autokritika. Kideen beharrei eta interesei erantzuten ote dieten aztertu behar dute arduradunek. Erakunde eraginkorrak ezin dira monolitikoak edo erabat homogeneoak izan. Ildo horretan, euskal etxeek beren kideen ezberdintasunak onartzen dituzte, baita kideek jarduera eta proiektu ezberdinak behar dituztela ere. Berrikuntza bultzatzeko, buru eta parte-hartzaile asko prestatu behar dira, adin, sexu eta inguru guztietakoak. Ezin diogu berrikuntzari beldurrik eduki, eta ezin dugu zalantzarik izan gure erakundeetatik behar ez diren sailak kentzeko. Belaunaldi bakoitzak garaian garaiko gaiei egokitutako konponbideak behar ditu. Gaur egun, munduko egoera berriaren puzzlea osatu behar dugu, eta nazioz haraindiko errealitate aldakorrak eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatzen asmatu behar dugu. Horretarako, hainbat nortasun onartu behar ditugu; diasporako nortasunak.
Euskal etxeen buruei esker “ohitura onak” erabiltzen dira etniaren nortasuna azaleratzerakoan, hala zaintzerakoan, nola sortu eta birsortzerakoan. Euskal etxeek garapenaren motor izan behar dute, beren kideei nahi duten eran “euskalduntasuna” bilatzen laguntzeko. Euskal zentroak berak euskal emigranteak lotzen ditu, baina baita euskal emigranteak eta haien oinordekoak bizi diren herrialdearekin eta Euskal Herriarekin ere.
Euskal etxeek ahal duten guztia egiten dute euskal nortasunari buruzko ideia berriak gauzatzean belaunaldiz belaunaldi “euskalduntasuna” transmititzen dela bermatzeko, nonahi bizi direla. Zenbaitetan erakundearen eta bere proiektuen kudeaketa sistema “profesionalizatzeko” beharra dago nolabait, bazkideentzat brainstorming-ak prestatu eta autokritika eskatzekoa, oro har komunitateari jakinarazteko eta helarazteko moduak hobetzeko beharra... Euskal etxeek mekanismoak lortu behar dituzte, barnean, bizi diren herrialdean, Euskal Herriarekin eta euskal diasporako beste euskal etxeekin gauzatzen dituzten jarduerei eta komunikazioari eusteko modu sistematikoak eraiki ditzaten. Ingurua aldatu egin da eta erakunde arrakastatsuek ez dute zerikusirik antzinako egitura zaharrekin, eta antolatzeko modu eraginkor eta berrituagoak sortu dira. Komunitate iraunkorrak sortzeko erakunde kultura sortu behar dute, “euskaldun izateko” modua ez dezan ezinbestean erakundeak kontrolatu.
Euskal etxe bizienetan tradizioa eta modernitate uztartzen dituzten hainbat ekintza antolatzen dituzte; argazki erakusketak, soinu eskolak, ikastolak, dantza taldeak, azken filmen emanaldiak, rock musika taldeen birak, politikarien eta kirolarien hitzaldiak... Agintea eta erantzukizuna ematen diete erakundeko gazteei eta berrikuntzak bilatzera bultzatzen dituzte.
Erakundearen memoria eta buruak prestatzea ezinbesteko osagaiak dira erakundearen ezagutzari eusteko. Euskal etxeek gure praktika komunak eta gure talde ezagutza zaintzen dituzten historialariak eta irakasleak behar dituzte. Argentinan, adibide argia da Mikel Ezkerro, herrialde osoan barrena bidaiatzen du, gazte eta helduei euskaldunei buruzko hainbat gairi buruzko hitzaldiak ematen. Oso garrantzitsua da boluntario, lider eta profesional baliotsuak lortzea eta zaintzea, baita auto-finantziazio sistema bat sortzea ere.
Baina liderrek bestelako galdera hauek ere landu behar dituzte: nola ari gara zehazten eta neurtzen diasporako gure erakundeen “arrakasta”? Kopuruaren arabera? Euskal etxeetan gero eta kide gehiagok parte hartzen dutelako, eta gero eta gehiagok bertako abantailak aprobetxatzen dituztelako? Erakundeek gero eta jarduera mota eta kopuru gehiago antolatzen dituztelako? Beste alde batetik, kalitate adierazleak erabiltzen ditugu? Hau da, kontuan hartzen dugu esaterako, euskalduntasuna gero eta kide gehiagok ulertzen duten, eta euskal nortasunarekiko inplikazio sentimental, psikologiko eta espirituala, gero eta handiago den?
Diasporak hainbat ekintza eta lan egin dezakeela uste dut, euskaldunei buruzko informazio zehatza eta egiazkoa emateko: demokrazia, bakea eta giza eskubideak babesten ditugula, esaterako. Euskaldunok bakearen ikur izan behar dugu. Inoiz ez dugu beste herrialde baten aurkako gerrarik hasi, gure lurraldea handitzeko. Euskaldunok ez diogu inoiz gure hizkuntza eta kultura beste herrialde batzuetako herritarrei jazarri. Atzerriko euskaldunak Euskal Herriko egungo gizarte egoerari buruzko benetako irudia bultzatzen saiatzen dira etengabe.
* Gloria Totoricaguena, Diasporen azterketa konparatiboei buruzko gaietan espezialista
Nork idatzi du euskaraz artikulu hau? izan ere, Gloria Totoricagüenak ez baitaki euskaraz. Ala inori kopiatu dio, Renoko Unibertsitatetik bota zutenean egiten zuen bezala?
Imanol Lete 2008-02-26 17:22:26Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1