2008-02-24 -- 2125.zenb
Luis Jauregialtzo/Argazki Press
Hamaikatxo euskaldun izan da, gizaldietan zehar, bere jaioterritik alde egin duena. Arrazoiak ere askotan beste hamaikatxo izan dira. Hala eta guztiz ere, oraindik gaur fenomeno honen historia ez da sakon aztertu, ez zabaldu. Are gehiago: sarritan herri emigrante bat izan garena ere ez dugu uste izaten.
Bestalde, sarritan uste izan da euskaldunak bakarkako joerak ditugun pertsonak garela; hau da, indibidualistak garela. Historiak, ordea, erakusten du bestelakorik. Adibide gisa, munduan zehar bizirik dirauen Euskal Etxe sarea izan daiteke.
Gaur arte ezagutzen ditugun ikerlanen arabera, “Ilustre Hermandad de Nuestra señora de Aranzazu” izeneko elkartea 1612an Liman sortu zen; eta sortzaile, 1635 apirilaren 12ko ordenantza berrietan azaltzen denez, hauexek izan ziren: Naturales del Señorío de Bizkaia (49) y Provincia de Gipuzcoa y descendientes de ellos (35), naturales de la provincia de Alava (7), Reino de Navarra (9) y de las cuatro villas de la Montaña (5). Elkartea sortzearen helburua hauxe izanik: sortzaileen eta euskaldunen arteko elkar laguntzak bultzatzea.
XVIII. mendean izen berarekin sortzen da beste bat Mexikon, eta eraiki ere egun Colegio de las Vizcaínas izeneko ikastetxea eraikitzen dute, andrazkoen heziketarako. Eta XIX.ean urtaldi beretsuan azaltzen dira Habanako Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia, Montevideoko Laurak Bat, Buenos Aireseko Laurak Bat eta Rio de Janeiroko Euskaldun Oro Bat.
Lehendabiziko bietan, Limakoan eta Mexikokoan, elkar laguntza zen helburu nagusi. Osterakoen izenek erakusten digutenez, atzerriko euskaldunek bazuten bestelakorik ere: “Laurak bat” hitzak argi erakusten du bere ikuspegi politikoa eta, beraz, ezin ukatu Euskal Herriaren egoeraz ere arduratzen zirena. Honen erakusgarri izan daitezke, Alberto Irigoien historialariak argitara berri duenez, aldi hartan Umaran jaunak Euskal Herriaren independentzia eskatuz Montevideon idatzi zituen idazlanak. Baina, hasieran esan bezala, euskal emigrazio eta erbesteratuen historia aztertu gabe dago, euskaldunok gizaldietan zehar izan duten eragin politiko eta ekonomikoa ikertzeke dagoen bezala.
Gaur egun, 200 bat Euskal Etxe dira; hauetatik 162k Eusko Jaurlaritzaren onarpena eskatu eta lortu dute. Hogeita bat naziootan kokatuta daude: Andorra, Argentina, Australia, Brasil, Dominikar Errepublika, Erresuma Batua, Espainia, El Salvador, Frantzia, Italia, Kanada, Kolonbia, Kuba, Mexiko, Paraguai, Peru, Puerto Rico, Txile, Uruguai, AEB eta Venezuela.
Esandakoez gain, egun ukaezina litzateke Euskal Herriaren izen ona gehienbat gizaldietan zehar erbesteratutako euskaldunei eta Euskal Etxeoi esker dela. Eta, eskerronez, Herri honek eta Erakunde Publikook badugula beraiekiko erantzukizuna. Baina ez hainbeste zertarako behar ditugun galderaren arabera egindako gogoetei erantzunez, zertarako behar gaituzten entzun eta aztertuz baizik.
Egitasmorik onenak interesdun bat baino gehiago dutenak omen badira, Euskal Etxeen alorrean ere adierazpen berbera egin daiteke. Gaur egun bada, zoritxarrez, ikuspegi honen aurkako jokabiderik: harremanak hain erraz sortu eta bultzatu daitezkeen mundu globalizatu honetan, benetan kaltegarri bilakatzen da berton ditugun arazoak bertaratzea. Euskal Herritik bultzatzen diren harremanek eta laguntzek nahitaez helburu hau izan beharko lukete: Euskal Etxeak elkarte bezala indartzea. Hala egiten ez den guztia litzateke kaltegarri. Zer esanik ez ikuspegi honetan oinarrituta luzatzen direna Eusko Jaurlaritzaren jokabideak eta laguntzak.
Horretarako, 1994ko maiatzaren 27ko 8. Legeak agintzen duenaren arabera, lau urterik behin Euskal Etxeen bilkura bat antolatzen da, eta bertan erakundeok landutako egitasmoari erantzunez antolatzen dira laguntza deialdiak, oso argi izanik zenbat eta elkarte sendoagoak izan, Herri honek ere ahalbide handiagoak izango dituela nazioarteko bere ibilbideetan.
Eta, hasieran aipatutako historia-ezagutza urria halatsu izan ez dadin etorkizunean, aipagarri deritzot urteotan garatzen ari garen Urazandi egitarauaz zerbait esatea. Azken 8 urteotan 32 ikerlan liburu argitaratu ditugu eta azken 100 urteotan Ameriketan argitaratutako euskal aldizkari denen digitalizazioa egin da; une honetan, Europan, Euskal Herritik kanpo argitaratutakoena planifikatzen ari gara. Honez gainera, Euskal Etxeak kokatuta dauden lurraldeetako egunkariek azken 100 urteotan euskaldunez idatzi dutena digitalizatzen ere ari gara. Lan guzti horren ondorioz, ikerleek eta historialariek 500.000 dokumentu inguru eskuratu ahal izango dituzte 2011. urterako. Euskal Herriaren eta euskaldunen erbesteratze-historia aztertu eta zabaltzeko gaur arte izan den agiri-bildumarik ugariena izango da.
Saia gaitezen Euskal Etxeak gero eta elkarte ahalmentsuagoak izan daitezen.
* Josu Legarreta, Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizatalde Harremanetarako Zuzendaria
Nork idatzi du euskaraz artikulu hau? izan ere, Gloria Totoricagüenak ez baitaki euskaraz. Ala inori kopiatu dio, Renoko Unibertsitatetik bota zutenean egiten zuen bezala?
Imanol Lete 2008-02-26 17:22:26Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1