2008-02-24 -- 2125.zenb
Gari Garaialde/Argazki Press
Lan korapilatsua da Argentinako euskal etxeen egungo egoera eta etorkizuna aztertzea, arrazoi batengatik batez ere: laurogeita hamar euskal etxe daude. Duela hogei urte baino gutxiago sortu ziren gehienak, baina sortu zirenean, euskal zentro zaharrenen kudeaketa ereduari jarraitu zioten. Denborak aurrera egin ahala, beren errealitatera eta idiosinkrasiara egokitu zen kudeaketa eredu hori.
Erakunde berri hauen berezitasunetako bat da emakume asko daudela goi karguetan, eta askotan horiek dira erakunde hauen benetako sustatzaileak. Aitzitik, gazteak behar dira, jardueretan askok parte hartzen badute ere, oso gutxi izaten baitira erabakiak hartzeko karguetan.
Bereziki azpimarragarria da Argentinan jaiotako euskaldunek beren buruaz duten iritzia. Izan ere, Euskal Herrian jaiotako pertsonen ondorengo direnez, “euskalduntzat” dute euren burua. Horregatik, EHNA eta beste hainbat ekimen, balio sentimentalaz gain, Euskal Herriarekiko benetako konpromiso gisa hartu dituzte han; Euskal Herriarekiko duten sentimenduari lotutako jarrera zehatza da. Ildo horretan, belaunaldiz belaunaldi, gero eta gehiagok hartzen dute Euskal Herria jatorrizko herrialde gisa, eta gero eta gutxiagok Frantzia eta Espainia. Guretzat oso arrunta da hori, eta Euskal Herritik merezi duen arreta eman beharko genioke, erabakigarria gerta baitaiteke gurean.
Baina egun, euskal etxeez gain badira “euskal kontuei” buruz jakiteko bestelako bideak ere. Teknologia berriek antzina ezinezkoa zen informazioa jartzen digute eskura. Baliabide hori indartzeko eta gogoeta eremu bat sortzeko, azken urteetan oinarrizko hainbat programa sortu dira, Euskal Herriaren egungo egoeraren berri ematen dutenak. Hori ezinbestekoa da gure herrian, espainiar multimedia bitartekoek gure komunikabideak isilarazten edo manipulatzen dituzte eta. Horiek horrela, euskal etxeek bestelako papera izan beharko lukete. Izan ere, euskal zentroen egiturari esker, Euskal Herriaren errealitatea azalera daiteke.
Zenbait gai ordea ez dira eztabaidatzen, “euskal etxeetan politika sartuko den” beldur. Dantza, musika, euskara, gastronomia, euskal funtzionarioen bisitak –erakundeen ordezkari gisa, ez politikari gisa– eta historia –ez dutelako “politikotzat” hartzen, lantzen diren gaiak politikoak izan arren– begi onez hartzen dituzte; eta beraz, argi geratzen da egungo egoerari diotela beldurra, ez iraganari.
Azken urteetan askok kritikatu dute egungo egoeraren inguruko kezkengatik ez direla euskal etxe berriak zabaltzen. Hori dela eta, zer alda daitekeen aztertzen hasi dira zenbait erakunde, laster gauzatuko direlakoan.
Ildo horretan, Buenos Airesko Eusketxe azpimarratu nahi dut, egungo gaiak aztertzen baitituzte bertan, askotariko hizlarien eskutik. Jendeak egiazko interesa du, eta euskaldunak, euskaldun-argentinarrak nahiz euskal jatorrikoak ez direnak erakarri dituzte. Ondorioz, komunitatean barneratzea lortu dute.
Herri mailan oso jende gutxik landu ditzake gai historikoak eta gaurkotasunekoak, ondoren azterketa eta gogoeta egiteko moduan. Baina azken urtean euskaldun-argentinar ikasle talde bat sortu da La Platako Unibertsitate Nazionalean, Pedro Mauregi Larrandak koordinatuta eta César Arrondo irakasleak lagunduta, halako gaietan sakontzeko. Ikasleek eurek diotenez, “euskal kontuak unibertsitateetan barneratzea da helburua, euskal gatazkari buruz bestelako oinarrietatik abiatuta eztabaidatzeko”. Ekimen hori arrakastatsua izango da, eta kideak hainbat herrialdetakoak direnez, garrantzitsua ere izango da.
Horrez gain, barnealdeko euskal etxeek eta komunitateak gero eta harreman estuagoa dute. José C. Pazen, Toki Eder Euskal Etxea da horren erakusgarri. Bi mundu uztartzen dira bertan: batetik Euskal Herria eta bestetik tokiko komunitatea, eta horri esker, Euskal Herria beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera ematen du. José C. Paz eta Oñati anaitzeko, Toki Ederri eman zaio bertatik bidaltzen diren laguntzak entregatzeko eta zailtasunak dituzten pertsonen lan prestakuntza hobetzeko jardueren ardura. Oñatik egiten duen lana eta bere jarrera goragarria alde batera utzita, proiektu hori oso garrantzitsua izan da hala euskal etxearentzat nola bertako komunitatearentzat. Euskal etxeak funtzio solidario garrantzitsua du gizartean, eta euskal herriaren berezko baloreen bitartez barneratu da komunitatean, hitzetatik ekintzetara pasatuz. Horrez gain, laguntzak jasotzen dituztenak eta komunitatea oro har, euskal herria ezagutzen hasi dira. Zeregin horrek norabide eta bizimodu berria eman dizkio euskal etxeari, eta argi utzi du taldearen gizarte funtzioa aberastu egiten dela, komunitatera zabaltzean.
131 urte igaro dira lehen euskal etxeak sortu zirenetik; kezka eta behar berriak ditugu erantzuteko, eta gure esku dago horiek gauzatzea.
* Mariana Fernandez, Argentinako Udalbiltzako arduraduna eta Eusketxeko kidea
Nork idatzi du euskaraz artikulu hau? izan ere, Gloria Totoricagüenak ez baitaki euskaraz. Ala inori kopiatu dio, Renoko Unibertsitatetik bota zutenean egiten zuen bezala?
Imanol Lete 2008-02-26 17:22:26Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1