2008-02-24 -- 2125.zenb
Estatu Batuetan, gaur egun, euskal kulturaren mantentzean lanean ari diren berrogei bat elkarte zenbatu ditzakegu. Gehienek (38) AEBetako euskal elkarteen federazioa osatzen dute, the North American Basque Organizations, Inc. edo NABO.
XIX. mende erditsuan euskaldunak Estatu Batuetara masiboki immigratzen hasi baziren ere (hogeigarren mende erditsura arte iraungo zuen fenomenoa), elkarte gehienak 1950. urtetik goiti sortu ziren. Hogeigarren mende hasieran sortutako elkarteak, Idaho estatuko Boise (Socorros Mutuos eta American Basque Fraternity) edo New Yorkekoa (Centro Vasco Americano, Sociedad de Beneficio y Recreo) adibidez, etorkin euskaldunen laguntzeko xedearekin antolatu ziren, aseguru sozial gisako bat kideei proposatuz. 1950. urtetik goiti agertutako euskal elkarteen xedea ezberdina da: Euskaldunen arteko sozializazioa segurtatzea (jaiak) eta kulturaren hurrengo belaunaldiari pasa araztea da (dantzan, musean, eta pilotan irakatsiz).
Faktore ezberdinek euskal elkarteen sorrera beranta ekarri dute. Hasteko, euskaldunen okupazioak (artzaingoak) euskaldunak bata bestetik urrun atxiki ditu luzaz. Horrez gain, euskaldunak ziren herri gehienetan euskal hotelak baziren, eta haietan jendea biltzen zen elkarren berri hartzeko edota jolasteko. Bigarren Gerla Mundiala eta gero hotel gehienak desagertzen dira; euskaldunek bilera leku garrantzitsu bat galtzen dute. Azkenik, 1960. hamarkadan hasita, mugimendu berri bat sortzen da Estatu Batuetan, roots phenomenon edo “sustraiak fenomenoa”. Mugimendu horrekin, kultura minoritarioek hats berri bat ezagutzen dute, harrotasuna irabaziz. Ondorioz, Estatu Batuetako leku ezberdinetan (Kalifornia, Nevada, Idaho, Oregon, Colorado, Washington, eta abar), euskaldunak biltzen dira eta elkarte formalak muntatzen dituzte, munduari haien kultura erakutsi nahian (bestak antolatuz), eta euskal tradizioak mantendu nahian.
Elkarte horiek dinamika ezberdinekoak dira. Bederatzik haien euskal etxea eraiki dute: New York, San Frantzisko, Boise, Elko, Ontario, Chino, Bakersfield, Gooding eta Homedale. Bostek pilota plaza bat dute: San Frantzisko, Chino, Bakersfield, Elko eta Boise. Kide kopurua ere desorekatua da elkarteen artean: 800 eta 50 kide arteko elkarteak dira. Elkarte batzuek hilabetean bizpahiru aktibitate proposatzen dizkiete haien kideei, beste batzuek bakarra antolatzen dutelarik urtean (udako jaia).
Euskal elkarteak bidegurutze batean dira etorkizunari begira eta erronka zenbaiteri aurre egin behar diete. Euskal Herritik etorritako immigrazioa agortua den kontestu honetan, euskal elkarteak belaunaldi aldaketa prozesu batean dira. Aldaketa hori elkarte batzuek xarmanki pasa dute, beste batzuek zailtasun batzuk ezagutzen dituztelarik. Kasu batzuetan, belaunaldi gazteek ez dute interesik elkartearen segitzeko, beste kasu batzuetan aldiz belaunaldi zaharreko kideek ez diete errazki gazteei edo ideia berriei lekua uzten.
Elkarte guzien kide kopurua batuz, 6.000 lagun dira. 2000. urteko Estatu Batuetako erroldaren arabera, 60.000 pertsonek haien burua euskalduntzat definitzen dute. Elkarteen inguruan biltzen den jendea, hots, zenbaki horren %10a baizik ez da. Euskal elkarteetako zuzendariek errealitate hau kontutan hartu behar dute, eta jende horien erakartzeko manera pentsatu. Gaur egun, Estatu Batuetan, modan da Amerikanoa izateaz gain, norberak bere erroak beste nonbait dituela esatea. 60.000 pertsona horien artean, askok haien burua euskalduntzat deskribatu dute horrek haien bizian signifikazio handirik ukan gabe. Baina ber denboran, uste dut, zenbaki honen beste parte bat gogo onez euskal elkarteetara hurbilduko litzatekeela proposatutako aktibitateak berpentsatzen balituzte.
Euskal elkarte gehienek dantza talde bat badute eta hauxe da, anitzetan, gazteei proposaturiko jarduera bakarra. Baina euskaldunen haur guziak ez dira baitezpada dantzariak edo dantza maitaleak. Horrez gain, eskoletako kirol aktibitateek bai eta ere lagunek euskal aktibitateei konpetentzia handia egiten diote. Euskaltasuna ez da errazki etortzen den sentimendua Estatu Batuetan sortu den haur batentzat. Nortasun hori eraiki behar da. Ondorioz, azken urte horietan euskal elkarteak aktibitate berrien integratzen hasi dira, tradizionalak ez direnak, euskal gazteria euskal elkarteetara erakartzeko. Euskaldunen artean football amerikano partida baten ikustera joatea, golf zeingehiagoka batean parte hartzea, euskaldunentzako irekia den udaleku batean parte hartzea; hainbat ideia dira gazte horien lagun bilakatzeko eta komunitate baten eraikitzeko. Hori eginez, gazteak ohartzen dira euskal elkartea ez dela haien guraso edo aitatxi eta amatxirekin lotua den elkarte bat, baizik eta gogo onez parte hartzen duten leku bat, haien lagunekin, izan dadin aktibitate tradizionalen inguruan edo aktibitate “modernoago” batzuen inguruan.
Teknologia berriek ate berriak irekitzen dituzte. Elkarte gehienek web gunea dute Interneten, eta horri esker euskaldunek horien berri jakitean, kide bilakatzeko erabakia har dezakete. Horrez gain, Euskal Herriko berriak errazki eskura daitezke orain, bai eta ere Euskal Herriko familiarekin komunikatu. Komunikabide horiek erabiltzen dituzten euskaldunak ohartzen dira haien arbasoek utzitako Euskal Herria eta gaur egungo Euskal Herria ezberdinak direla. Horietariko askok galdera asko dituzte, euskal elkarteek erantzuten ahal ez dituztenak. Garrantzitsua litzateke, belaunaldi gazteentzat, euskal gaietan heztea, uler dezaten haien arbasoak nondik heldu ziren, eta Euskal Herria nola bilakatu den. Estatu Batuetan badira hainbat talde hezkuntza arloan espezializatuak direnak, eta haien ezagutza interesatuekin partekatzeko prest direnak, baina orain arte, oso guti izan dira haien laguntza edo kolaborazioa galdetu duten euskal elkarteak. Pertsonalki uste dut euskal elkarteek jarduera horiek gehiago integratu behar lituzketela, Estatu Batuetan sortutako bigarren, hirugarren eta laugarren belaunaldiko jendeen interesa sor dezakelako.
Elkarte anitz krisi gogor batean dira. Kide kopurua behera doa, haien aktibitateetan parte hartzea behera doa. Haien geroa ez dut hain argia ikusten ez badira errealitate berriei adaptatzen.
Nazioarteko euskal etxe bat sortzeko ideiarekin, New Yorkeko euskaldun batzuk bildu dira. Etxe horretan, euskal museo bat sortu nahi lukete, kontzertu gela batekin, bai eta ere jatetxe bat, liburutegi bat, turismo eta komertzio bulego bat. Proiektu honek euskal etxearen definizio berria garatzen du, euskal kulturaren mantentzeko leku bat, baina ez bakarrik: Euskal Herria eta euskal kultura mundura ekartzeko medio bat ere bai; Estatu Batuetako beste euskal elkarteek geroan kontsidera dezaketena.
* Argitxu Camus, Historialaria
Nork idatzi du euskaraz artikulu hau? izan ere, Gloria Totoricagüenak ez baitaki euskaraz. Ala inori kopiatu dio, Renoko Unibertsitatetik bota zutenean egiten zuen bezala?
Imanol Lete 2008-02-26 17:22:26Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1